Gezurrak, hutsuneak eta kontraesanak
Calvo hil eta ordu batzuetara, abuztuaren 20ko goizean, heriotzaren gauean berarekin kontaktua izan zuten zortzi ertzainek deklaratu zuten gertatutakoaz, komisarian bertan. Bigarren aldiz hartu zieten deklarazioa abuztuaren 23 eta 24 artean. ARGIAk deklarazio horiek eskuratu ditu, eta Calvoren autopsia forentsearekin alderatu ditu. Ondorioa argia da: ertzainen kontakizunak bateraezinak dira Calvoren gorpuak zituen biolentzia eta gas arrastoekin. Ondorio berera heldu da ARGIAk eskatuta dokumentuak aztertu dituen forentsea ere. Segurtasun Sailaren bertsio ofizialak ertzain horien kontakizuna bere egin zuen, eta ertzainek deklaratu ez zuten daturen bat ere eman zuen.