“Norbaiten bizitza gogoratzea ez da delitu, are gutxiago behar den bezala agurtzea”
Oier Gomezen gertukoek agerraldia eskaini dute Gasteizko epaitegi batek azken agurra debekatu eta gero. “Herri honengatik eman duzun guztia ez dugu ahaztuko. Ezingo dute maitasuna debekatu”.
Oier Gomezi azken agurra emateko Gasteizen deituta zegoen ekitaldia debekatu du Arabako hiriburuko epaitegi batek. Hala erabaki zuten dena prest zegoenean, ekitaldia ospatu baino 24 ordu lehenago.
Estatuko Abokatutzak Auzolana pilotalekuan egitekoa zen ekitaldia debekatzeko eskatu du eta epaitegiak aintzat hartu du eskaria. Hori dela eta, larunbatean bertan antolatzaileak jakinaren gainean jarri zituzten Gasteizko Udaltzainek. Debekua salatzeko, Gomezen gertukoek prentsaurrekoa burutu dute igande goizean Plaza Berrian, azken agurra ospatzen egon behar zen orduan.
“Utzi Euskal Herria bakean. Utzi hildakoak bakean”. Horrela hasi da ehunka lagun bildu dituen agerraldia. Oier Gomezi 2013an lehenengo gaixotasun larria diagnostikatu ziotela gogoratu dute, nahiz eta 2017ra arte ez kaleratu.
“Ez dugu ezer ezkutatu behar. Oier Euskal Herriagatik borrokatu zuen militante bat izan zen eta hori bere azken agurrean presente egon beharko litzateke“, adierazi dute senide eta lagunek.
Bestalde, debeku honek Oier Gomez intimitatean agurtzea debekatu duela salatu dute: “Behar zuen bezala agurtu nahi genuen, baina, zoritxarrez, ez digute utzi”.
Eta, azken mezua, Oier berarentzat: “Herri honengatik eman duzun guztia ez dugu ahaztuko. Ezingo dute maitasuna debekatu”. Txalo zaparrada batekin amaitu da agerraldi masiboa, “Oier gudari, gogoan zaitugu” oihuekin.
Bestalde, larunbat gauean margoketak agertu dira ”Terrorismoaren Biktimen Oroimenezko Zentroa” izeneko eraikinean. Bertan, “Agur eta ohore gudari gaztea” irakur zitekeen.
Mobilizazioz betetako asteburua
Igandean ospatzekoa zen azken agurra ez da asteko mobilizazio bakarra izan. Astelehenean, Ezker Abertzalea Gasteizko kaleetara atera zen espetxe politika saltzeko; asteazkenean, Oier Gomezen gorpua ehortzi eta gero, omenaldia egin zuten Biarritzen eta errautsak Gasteizera itzuli zirenean elkartasun keinu ezberdinak egon ziren bidaian zehar.
Ostiralean, bi neskek Gasteizko tranbiaren ibilbidea eten zuten eta larunbatean bi mobilizazio ezberdin, Sare Herritarrak deitutakoa lehenengoa eta Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak deitutako bigarrena.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!