Martxan da berriz Jimmy Jazz aretoa ‘streaming’ bidezko jaialdi batekin
Ekainaren 6an 'streaming' bidez zabalduko ditu ateak Gasteizko Jimmy Jazz aretoak "EHan SORTUA" jaialdiarekin. Arkada Social, Brigade Loco, Rotten XIII eta The Guilty Brigade taldeak arituko dira oholtza gainean. Kontzertua doakoa izango da baina borondatezko ekarpenak egiteko aukera egongo da.
Covid-19ak bertan behera utzi zituen aretoetako jarduna, zuzeneko kontzertuak, eta bestelako ikuskizunak. Hilabete luze hauen ostean, gutxinaka bada ere, martxa hartzen hasi da berriro Gasteizko Jimmy Jazz aretoa eta streaming bidezko kontzertua aurkeztu du ekainaren 6rako.
“EHan SORTUA” jaialdia antolatu dute, non euskal eszenako puntako taldeak zuzenean arituko diren Jimmy Jazzeko oholtza gainetik: Arkada Social, Brigade Loco, Rotten XIII eta The Guilty Brigade.
Borondatezko ekarpenak jasotzeko aukera
Streaming bidezko kontzertuaz gozatzea doakoa izango da baina borondatezko ekarpen ekonomikoak egiteko aukera jarri dute, azken hilabeteetako egoerak eragindako galera ekonomikoei aurre egin eta kontzertuaren gastuak kubritzeko. Jasotako dirua musika taldeentzat, teknikarientzat, Jimmy Jazz aretoko langileentzat eta kontzertua zuzenean emango duen Hala Bedi irratiarentzat izango da.
Dagoeneko hasi dira doaintzak jasotzen, ekarpen ekonomikoa egiteko hurrengo estekaren erabili daiteke.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!