Lan eta bizi baldintza berdintasuna aldarrikatu dute Gasteizen, Itaiak deituta
Greba orokorrerako deia egin du Itaia emakumeen antolakundeak ere. Araban, Gasteizen egin dituzte pikete eta mobilizazioak, “kalitatezko lan eta bizi baldintza berdinak guztiontzat” lelopean.
Besteak beste, goizeko piketeetan Jundizeko Correoseko zentralean garbitzaileen egoera salatu dute eta Correosen azpikontratak seinalatu dituzte. Unibertsitateen inguruan kaleak moztuta agertu dira eta hainbat eskola itxita. Eguerdian, 13:00 manifestazio jendetsua egin dute Gasteizko erdigunean zehar.
Gizarte kapitalistaren baitan emakumeen zapalkuntzak dituen ertzetako bat da emakumeengan dagoen zaintza lanen ardura eta lan baldintzen prekarizazioa, eta horrek dakarren bazterkeria ekonomiko eta soziala, Itaiaren arabera.
Greba langileentzako tresna politikoa dela azpimarratu dute eta “beharrezkoa” dela aldarrikapen eta borrokak instituzio eta alderdi parlamentarioetatik kanpo antolatzea, “langileen indarrak batzeko eta antolakuntza propioa indartzeko”.
Manifestazioaren bukaera ekitaldian zaintza eta garbiketa sektoreko langileei elkartasuna helarazi diete eta instituzio eta enpresarien interesetik kanpo antolatzeko deia luzatu dute. Gogorarazi dute beharrezkoa dela “enpresarien interesei aurre egitea”, historikoki aitortzarik izan ez duen sektoreen lan baldintzak bermatu eta lan banaketa sexualarekin amaitzeko. Zentzu horretan aldarrikatzen dute soldata berdintasuna, “lan guztien hierarkizazioarekin amaitu eta klaserik gabeko gizartea eraikitzea”.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!