Kurdistango askapen mugimendu iraultzailea: sei gako
XXI.mendean existitu den esperientzia iraultzaile boteretsuenetariko bat arriskuan dagoen garaiotan, ezin ekidin Kurdistanen pentsatzea; Turkiako estatu faxistak, Atatürken garai loriatsuen antzera, legedi burgesa sistematikoki urratzen duenean, orduan, ezin alboratu begirada Kurdistanetik. Are gehiago, krisi kapitalistak gogor jo gaituen garaiotan, zeinetan ezkerraren ezintasun politikoek faxismoei bide zabala ireki dieten, gure erreferenteen egarria nabaria da. Hego Amerikara begira jarri ginen behinola, ondoren, Eskozia edo Quebek, askapen bidean gidatuko gintuzten erreferentetzat hartu genituen. Ez omen zegoen beste eredurik, ez ei genuen besterik behar. Baina badago, egun, 80ko hamarkadako indar armatu iraultzaileen porrotei eutsi, Sobietar Batasunaren desagerpenaren krisiari aurre egin eta nazio askapen mugimenduen desaktibazioari buelta ematen jakin izan duen mugimendua; Kurdistango Askapen Mugimendua, bere kontraesan zein zailtasun guztiekin, eredu bat izan daiteke estrategia iraultzaile bat planteatzerako orduan. Jarraian, arrakastarako zenbait elementu edo gakoen analisiari ekingo diogu. Argi utzi behar dugu, ordea, artikulu hau ez dela Rojavako esperientziaren “iraultzailetasuna” neurtzeko tresna, praxi politiko erreala den neurrian, purutasunetik eginiko analisiek ezer gutxi lagundu gaitzakete. Ezta analisi sakon bat egiteko artikulua ere, horretarako jakintza zein espazio falta argia baitugu. Bada, gure helburua, XXI.mendeko prozesu iraultzaile honetatik irakaspenak ateratzea da. Irakaspen hauek, sei gakotan banatu ditugu.
80ko hamarkadari eutsi izana
Jakin badakigu Turkiako Errepublikak, bere sorreratik hasita (1923. urtean) eta gaur egun arte, historia gorabeheratsua izan duela. Modernizazio eta irekiera asmoek, tendentzia atzerakoiekin talkan; joera laizista tradizio islamikoarekin kontra esanean; interes kapitalistak langile klasearen interesekin uztartu ezinik… Tentsio guzti horiek estatu kolpez josi zuten Turkiar Errepublika XX. mendeko bigarren zatia eta 70. hamarkada bereziki interesgarria izan zen zentzu horretan. Alegia, 1975. urterako krisi ekonomiko sakon baten murgildua zegoen Turkia, ezegonkortasun politiko larria zen eta ezker muturreko talde marxista-leninistak gero eta indar handiagoa hartzen zihoazen. Horren aurrean, Fronte Nazionalista izena hartu zuen gobernu koalizioa osatu zuten hiru alderdik: kontserbadoreak, islamistak eta faxistak. Egoera politikoak okerrera egin zuen eta intentsitate baxuko gerra bezala definitu dezakegun garai insurrekzionalista abiatu zen; talde ezkertiar iraultzaileak alde batetik eta paramilitarki antolatutako faxismoa bestetik, 1976-1980 urte bitartean 5000 hildakotik gora.
Kurdistango Nazio Askapenerako Mugimenduak testuinguru horretan eman zituen bere lehenengo pausuak ezker iraultzailearen baitan. Ezker mugimenduen artean, halere, ez zegoen argi zein izan behar zen Kurdistanekiko hartu beharreko jarrera eta oro har, bi tendentzia nabarmendu ziren: batetik, Turkia herrialde kolonizatu gisa ulertu eta berau subirano bihurtzeko prozesu bat abiatzearen aldekoak zirenak. Bestetik, barne kolonialismoaren ideiatik tiraka, herri kurduaren askatasuna ezinbestekotzat jotzen zutenak zeuden eta askapen hori Turkia benetan aske bat lortze aldera eman beharreko lehenengo pausu bezala ulertzen zutenak. Bigarren ildo horri jarraiki, eta 1973. urtetik Şoreşgerên Kurdistan (Kurdistango Iraultzaileak) sortua bazegoen ere, ez zen 1978. urtera arte kurdu iraultzaileentzako erreferente nagusi bilakatuko zen antolakundea sortuko: PKK (Partiya Karkerên Kurdistan, Kurdistango Langileen Alderdia). PKK-ren estrategia iraultzailea garaiko askapen borroken oso antzekoa zen; Rusia, Txina, Kuba edota Vietnameko iraultzak hartu zituzten erreferentetzat, bertako esperientziak ulergarriak baitziren industrializatu gabeko eta kanpesinatua nagusia zen lurralde hauetan. Denbora tarte oso laburrean eta garai horietan piztu ziren matxinada ezberdinak lagunduta, Bakurreko (Turkiako Kurdistan) herri kurduaren babesa eta begirunea irabazi zuen. Garaiko Turkiako alderdi ezkertiar askok ezaugarri kemalistak bazituzten ere, aipatu beharra dago, PKK-ren fundazioan, hirutik bat, Abdullah Öcalan, kurdua zela eta gainontzeko biak turkiarrak zirela.
Susperraldi honek, ordea, ez zuen luzaroan iraun. 1980ko irailaren 12an, egoera kontrolpetik kanpo zegoela ikusita (Bakurren zein gainontzeko Turkiar Estatuan), Kenan Evren jeneralak estatu kolpe bortitza abiatu zuen Turkian: 600.000 atxilotu baino gehiago, milaka eta milaka torturatu, ideologia ezkertiarreko alderdi ia guztiak ilegalizatu etab. Kalkulatzen da, 1982an ere, 20.000 atxilotu inguru geratzen zirela Turkiako kartzeletan inongo kargurik izan gabe. Kolpea aurreikusita, Abdullah Öcalanek Siriara mugitzea erabaki zuen, nahiz eta ez zituen bere alderdiko kide guztiak konbentzitu. Izan ere, kide gutxi batzuek soilik egin zuten ihes Rojavako erretagoardiara, gainontzekoak Turkian geratu ziren eta atxilotuak izan ziren. Hauetako gehienak, Amedeko kartzelara (Diyarbakır turkiarrez) eraman zituzten eta bertan hitzez azaldu ezin diren tortura lazgarriak jasan behar izan zituzten. Justu puntu honetan dago, gure iritziz lehenengo gakoa. Imajinatu dezagun, segundo batez egoera bere osotasunean: Turkiako antolakunde iraultzaile guztietako militanteak kartzelatuak daude eta ziegetan ez daudenak, Europara egin dute ihes jardun politikorako aukera guztiak galduz. Gainera, Europan erbestean dauden turkiarrek, bertako eragin politikoak jasoko dituzte, euren jatorrizko herrialdeko errealitatearekiko oso urrun zeuden ondorio politikoetara ailegatuz. PKK-k konkretuki, bere koadro ia guztiak Turkiako kartzeletan giltzapeturik ditu, isolaturik, eta gainontzekoak, Siriako iparraldean daude, non ez duten Bakurren zuten babes sare hori. Öcalan isolaturik dago Rojavan, alderdia ia erabat deseginda eta oinarri sozialik gabeNola berpiztu zen PKK egoera honetatik?
Bada, alde batetik, orduko Siriako gobernuaren begirune ona aipatu beharra dago. Izan ere, gobernu siriarraren onespenaz PKK-k, beste hainbat antolakunde iraultzailerekin batera (FPLP, PDLP, AL Fatah, RAF etab.), operazio basea ezarri zuen Siria iparraldean (gaur egun Libanoren parte den lurraldeetan). Entrenamendu militarra jaso eta 1982an Libanoko Gerran parte hartu zuten palestinarrekin batera eta Israelen kontra. 11 kide hil ziren gerra horretan, baina hurrengo urteetan ezinbestekoa izango zen formakuntza eta esperientzia militar handia eskuratu zuten; gerrilla gerra hasteko prest zeuden.
Bestalde, ezin dugu ahaztu erbeste eta formakuntza militar hori eman bitartean Amedeko kartzelako erresistentziak bere momentu gordinenak bizi izan zituela. Askapen mugimendu kurduaren historian garrantzi zentrala izan zuen Ameden gertatutakoa eta prozesua bere osotasunean ulertzeko ezinbestekoa da. Lehenengo eta behin, gogoratu beharra dago Ameden ez zirela soilik PKK-ko koadroak kartzeleratu, alderdiaren sinpatizanteak, senideak edota bestelako alderdi ezkertiarreko kideak ere bazeuden. Tortura psikologiko zein fisiko bortitzen bitartez, estatu Turkiarrak alderdia guztiz suntsitu nahi zuen; bertan egon zirenen esanetan, torturaren laborategia zen hura, zeinetan historian zehar praktikan jarritako torturak batu eta bertan perfekzionatu zituzten. Baina tortura bezain mugagabea bihurtu zen erresistentzia. PKK-ko koadro askok erresistentziaz bizitza egin zuten; nahiz eta guztiz isolaturik egon eta kalean euren alderdiaren egoeraren berri ez izan, erresistitzeko hautua egin zuten, gainontzeko presoek klaudikatzen zuten bitartean. Torturekin amaitzeko, kartzela barruan baldintza duinetan egoteko eta epaiketan defentsa politikoa egiteko aukera izateko abiatu zuten lehenengo gose greba mugagabea. Garai horietan ere eman ziren Irlandako preso politikoen gose grebak, inspirazio iturri izan zirenak Amedeko presoentzat. 45 egunen ostean, zenbait eskakizun lortu zituzten baina egikaritzen ez zirela ikusirik, erresistentzia beste maila batera eraman zuen Kemal Pir-ek bere buruaz beste egin zuenean. Presozainek bizitza maite ote zuen galdetu ziotenean, Kemalek hurrengoa erantzun zien: “Bizitza hainbeste maite dut, ezen bizitzagatik hilko naiz”. Jarraian, Mazud Doganek ere bere burua immolatu zuen Newroz egunean eta bere etsenplua jarraituz, beste lau kideek ere. Behingoz, epaiketan hitz egiteko aukera izan zuen kideetako batek; gertatutakoa azaltzeaz gain, bigarren gose greba mugagabe bat abiatuko zutela adierazi zuen eta zera zioen “Ez dut ezer nahi niretzako. Zorretan nago nire herriarekin eta serokatî-rekin[1]. Jarri hori nire hilobian”. Beste lau kide hil ziren gose greba honetan.
Amedeko kartzelako erresistentzia hain izan zen ikusgarria, ezen kanpoan zeuden koadroek, gutxi izan arren, adinako erantzuna eta errespontsabilitatea zutela sentitu zuten. Gainera, herri kurduaren artean sinpatiak hauspotu zituen, PKK baitzen, herri kurduaren defentsan iraun eta erresistitu zuen bakarra. Ardura sentimendu horri jarraiki, gerrilla antolatzea erabaki zuten; Siria iparraldean zeuden militanteak prestakizunekin amaitu eta 1984. urteko abuztuaren 15ean lehenengo ekintza armatua burutu zuten Bakurren. Urte luzez iraungo zuen gerrilla gerra abiatu zen modu horretan, ziklo berri bat zabalduz. Mugimenduaren historian mugarri bezala ikusten dute egun hori eta gaur egun ere, harrotasunez ospatzen jarraitzen dute borroka armatua piztu zeneko egun hori. Aurrerantzean erronka ezberdinei aurre egin behar izango diete: bloke sozialistaren erorketa, gerra luzeak eragindako higadura, Turkiar gobernuaren errepresio latza batzutan eta bake prozesurako hurbilpena bestetan…
90eko hamarkada eta paradigma aldaketa
Bloke sozialistaren erorketarekin zein politika neoliberalen ezarpenarekin, munduko nazio askapen mugimendu gehienak krisi larrian sartu ziren. Hauetako askok, bi faseko estrategiaren lehenengo urratsa, epe ertainean, bide demokratikoen bidez erdietsi zitekeela ondorioztatu zuten, bide sozialdemokratari atea irekiz. Hauez gain, garai hauetan sortzen diren mugimendu berriak ere aipatu behar dira; mugimendu indigenak (EZLN) edota anti globalizazio mugimenduak kasu. Nahaspila honetan, PKK-k bere oinarri ideologikoa aldatzen jakin izan zuen, erreformismoan erori gabe eta epe luzera egingarria litzatekeen proiektu iraultzaile bat martxan jarriz. Paradigma aldaketa deritzote honi.
Ordea, paradigma berriaren ezaugarri nagusiak zerrendatu aurretik, interesgarria litzateke garaiko testuingurua laburki azaltzea: 90eko hamarkadan Turkiar estatu faxistaren oldarraldiak indartu egin ziren, herri kurduaren diaspora masiboa behartuz bai Europako herrialdeetara (Alemania batik bat) zein inguruko beste guneetara, Makhmur (Irak) kasu. Plano militarrean aurrerapen handirik egin gabe egon zen PKK mende amaierako urteetan. Bestetik, eskualdeko egoera ezegonkorrak (Irakeko inbasioa, Turkiar nazionalismoaren berregituratzea etab.) PKK-ren isolamendu egoeran sakontzen lagundu zuen. Ezin ahaztu, ezta ere Turkiaren eraginez Siriako gobernuak Rojavako erretagoardia desmantelatu izana; zeinak Abdullah Öcalan erbestera bultzatu eta asilo bila hainbat herrialdeetatik igarotzera behartu zuen (alderdiak “Konspirazio Internazionala” deitzen duen garaia, alegia). Azkenan, 1999ko otsailaren 15ean, Öcalan atxilotua izan zen eta alderdi barneko tentsioak indartu egin ziren; bide marxista-leninista klasikoarekin jarraitzearen aldekoak zirenak batetik, eta bestetik, PKK likidatu eta alderdi sozialdemokrata bat, ideologia liberal burgesarekin kutsatu nahi zutenak. Barne tentsio hauen adierazgarria da Osman Öcalan, Abdullahren anaiak, eginiko “traizioa”, zeinak 2004an, bide likidazionistari jarraituz Alderdi Demokratiko Abertzalea (PWD) sortu zuen. Une berean, gainera, elkarrizketak abiatzen dira estatu turkiarrarekin eta erretagoardia Qandilera (Irakeko iparraldera, Basur) mugitzen da. Puntu honetan aurkitzen dugu gure analisiaren bigarren gakoa; nola liteke barne tentsioek zein testuinguru geopolitiko berriak PKK lehertu ez izana?
Galdera honi erantzuteko, lau faktore aipatu behar ditugu: Batetik, herri kurduak Öcalanen kartzelatzearen aurrean emandako erantzun masibo eta erradikala. Protestak Kurdistanen ez ezik, diaspora kurdua heldu zen leku guztietara zabaldu ziren eta borroka mekanismo ugari erabili zituzten; manifestazio masiboak, sabotaiak, atentatuak, immolazioak etab. Kurduen askapen mugimenduaren lider-presidentea heriotzara kondenatu bazuten ere, protesten bortiztasunak erabakia baliogabetu zuen eta erradikalizazio maila, estrategia iraultzailearen ainguretako bat izan zen, sozialdemokraziaren korronteetatik salbatu zuena. Bestetik, gazteriak, ordurako mugimenduaren barruan antolakunde autonomo bezala egituratuta zegoena, ezinbesteko garrantzia izan zuen,. Öcalanen sententziaren zein isolamenduaren kontrako protestetan indar handia erakutsi zuten eta orokorrean esan genezake, abangoardia iraultzailearen rola bete zutela. Beste modu batera esanda, estrategia iraultzailea berregituratze eta eztabaida prozesuan zegoen garai horietan, gazte antolakundea, kontra tendentzia erradikala izan zen, hainbat herrialdeetako gazte antolakundeekin gertatu izan den bezala. Honen sinbolo argia da heval Bêrîtanen erresistentzia. Osman Öcalanen traizioaren testuinguru berdinean, 19 urte eskas zituen emakume honek, KDP-ko peshmergek inguratua eta isolatua zutenean, bere arma apurtu eta amildegi batetik behera bota zen “erresistentzia bizitza da” oihukatuz. Erradikaltasun hori, ordea, ez zen borroka moldeen estetika hutsa izan, botere politiko batean gorpuztu egin zen; izan ere, alderdiaren Komite Zentrala mendietan armagabetzea eztabaidatzen zegoelarik, gazteak bertara joan eta alderdi barruko “estatu kolpe” saiakera ekidin zuten, indar korrelazioa guztiz trunkatuz. Laugarren faktore erabakigarria erretagoardia mantendu izana litzateke. Izan ere, Siriako babeslekua desmantelatu bazuten ere, alderdiaren bihotza zen erretagoardia hori Qandilera mugitu zuten eta bertan jarraitu zuten eten aldi handirik gabe koadroen formakuntzarekin, gerrillaren garapenarekin eta Komite Zentralaren jardunarekin.
Azkenik, Paradigma Aldaketa aipatu beharra dugu. Jada, 1995eko alderdiaren 5.Kongresuan aldaketarako zantzuak antzematen dira, batik bat sozialismo errealari eginiko kritiketan. Hala ere, ideologia berri hau ez da guztiz garatuko Öcalanen atxiloketara arte, zeinaren ostean bere “defentsa liburu” bezala ezagutzen direnak idatzi zituen. Marxismoak emandako elementu batzuk mantenduz, Murray Bookchin pentsalari anarkista amerikarraren printzipio asko hartu zituen (munizipalismo libertarioa eta ekologia soziala kasu). Horri gainera, jada aipaturiko sozialismo errealaren kritika sakona gehitu behar zaizkio. Bost liburu hauetan, ideologia berriaren ezaugarri nagusiak aurkitu ditzakegu: Batetik, estatu kurdu baten eraikuntzari uko egin eta estatua dominazio eta biolentzia sistemikoa bermatzeko egitura bezala definitu zuen. Honen aurrean, gizartea berreraikitzeko hautua hartzen du alderdiak, Konfederalismo Demokratikoa ezarriz. Hau da, bi urratseko estrategiari uko egin eta estatuari boterea lehiatuko dioten komunak gaurdanik eraiki behar direla defendatzen dute. Komuna hauek, gainera, gizartearen autoantolakuntzaren espresio gorenak dira, hauen barnean dauden gorputz sozial guztiek antolaketa eta federaziorako eskubide osoa berreskuratzen dutelarik. Beste elementu esanguratsu bat autodefentsa litzateke; PKK-ko indar armatuak ejerzito ofentsibo izatetik autodefentsa egitura izatera igarotzen dira, hau da, ARGK-tik HPG-ra (Hêzên Parastina Gel, Herriaren Defentsa Unitateak). Honetaz gain, jada alderdiaren barruan garrantzia zuten elementuek (emakumearen askapen prozesuak eta ekologismoak) rol zentrala hartu zuten.
Rojavako iraultza: aukera datorrenerako prest
Siriako Kurdistan (Rojava), 80ko hamarkadatik militanteentzako erretagoardia izan zen, babesleku eta entrenatzeko tokia. Aipatu dugun bezala, 1998an, Turkiako inbasio mehatxuak zirela eta Siriako gobernuak Adanako akordioa sinatu eta PKK-ren operazio baseak desmantelatu zituen, Öcalan erbestera bidaliz. 2000.urtean Bachar Al-Assadek (Hafez Al-Assad presidente ohiaren semeak) boterea eskuratu zuenean, irekiera politiko eta ekonomikoa abiatu zuen eta, ondorioz, Turkiarekiko hurbilpen diplomatikoa abiatu zuen. Esan beharra dago, Bakurreko kurduen egoera lazgarriaren mailara heltzen ez bazen ere, Rojavako kurduen egoera ere oso latza zela: Siriako gobernu zentralak herrialdearen gari ekoizle nagusia bihurtu zuen eskualdea 60ko hamarkadatik, polikultiboa ezabatuz eta lurraren jabegoaren kontzentrazioa handituz. Gainera, populazio arabiarra zonalde honetara mobilizatu zuten, kolono bitartez arabizazio prozesua aurrera eraman ahal izateko. Zer esanik ez kurduen hizkuntza eta kultura adierazpenei dagokionean. Testuinguru honetan sortu zen klandestinitatean PYD (Batasun Demokratikorako Alderdia) 2003.urtean eta, ondoren, Siriako gerrak eztanda egin zuenean, YPG eta YPJ miliziak antolatu ziren. Artikulu honetan sakonki jorratuko ez badugu ere, laburki esan genezake Siriako gerra zibila 2011ko martxoan hasten dela “udaberri arabiarra” deituriko eztanda sozialaren eraginpean herrialde osoan zehar zabaldu ziren protestekin. Aldarrikapen hauek, ordea, azkar hartu zuten herrialde inperialisten interesen tankera (OTAN, Israel eta eskualdeko herrialde sunitak) eta ardatz xiitan lerrokatuta mantentzen den Siria desegonkortzen hasten da. Izan ere, Jordania eta Turkiako mugetatik, masiboki armak eta militante yihadista erradikalak sartzen hasten dira. PKK-k orduan, ez da ez oposizioaren alde ez gobernuaren alde jartzen eta paradigma berriari jarraituz bere bide propioa eraikitzea erabakitzen du. 2012an, erregimen Siriarrak gainezka egiten du eta Rojavan PYD-k erregimena kanporatzen du. Orduan hasten da “Rojavako Iraultza”.
Hortaz, botere hutsune hau baliatuz, PKK-k Konfederalismo Demokratikoaren ezarpenerako baldintzak finkatu zituen Rojavan. Bide honetan, ezinbestekoak izan ziren 2005 eta 2006 urteetan sorturiko KJK (Koma Jinên Kurdistán, Kurdistango Emakumeen Batasuna) eta KCK (Koma Civakên Kurdistán, Kurdistango Komunitateen Batasuna) Konfederalismo Demokratikoan gizartea antolatzeko tresnak zirenak, estatuarekiko paraleloak eta estatuarekin lehian, aldi berean. . Gainera, alderdiko koadroak abanguardia funtzioa bere horretan mantentzen dute, alderdiaren eta gizartearen arteko ezinbesteko zubi izanez, eta paradigma berriaren oinarriak gizartean zabalduz. Horrela, koadroek gizartearen autoantolakuntza sustatzen dute, eurek dira gida edo etsenplu papera betetzen dutenak, jarrera inposatzaileak alboratuz, gizartea errotik eraldatzeko haziak landatzen dituztenak. Hala ere, koadroa ez da beti ezinbestekoa izango, bere eginkizuna betetzerakoan baliogabea bihurtzea delako. Hau da, gizartearen autoantolaketarako eta biziraupenerako elementuak bermatuta daudenean (zenbait lur askatu, petrolioa bezalako lehengai garrantzitsuak kontrolatu, gizartearen defentsarako unitateak ezarri, akademiak etab.) eta hauek egonkortzen direnean, alderdiak alde egiten du; bere existentziak zentzua galtzen du.
2011 baino lehen, PYD-k herri kontseiluak eratu zituen Siria osotik, 2007tik Bakurren ezarritako egitura paraleloetan oinarrituta. Martxoan, erregimen siriarrak espero baino lehenago alde egiten duenean, kontseilu sistema ezartzen da Rojavan. Abuzturako, Siriako populazio kurduaren erdia baino gehiago kontseilu sistema honen parte zen. MGRK (Kurdistan Mendebaldeko Herri Kontseilua) sortu zuten eta hortik 33 pertsonako koordinadora sortu zuten, Tev-Dem izenekoa. Jarraian azalduko ditugun egitura guztiak, beraz, KCK sistemaren barruan egongo lirateke. Gainera, aurkeztuko dugun Tev-Dem sistemaren deskribapenak, ez du egitura autonomoen (gazteen egitura autonomoak, emakumeen egitura autonomoak, etnia edota erlijioaren araberako egitura autonomoak, asiriarrak kasu) konplexutasuna islatzen. Tev-Dem sistemaren barruan honako maila hauek aurkitzen ditugu: Lehenik, komuna, oinarrizko unitatea litzatekeena. Komuna hauek, 30-200 famili unitate inguru barnebiltzen dituzte, zonaldearen arabera eta eskualde honetan dauden harreman aurremodernoak baliatzen dituzte komunalki, bizitza antolatzeko. Komunako kide guztiak hilean birritan batzartzen dira eta komunaren komisioek asteroko bilerak dituzte. Kide guztien ordezkaritza osatzen dute bi kopresidenteek, bozka bidezko kargua dutenak bi urteko iraupenarekin. Hainbat dira komuna hauetan lantzen diren gaiak; familien arteko gatazkak, kooperatiba bat sortzeko ekimenak, auzoko edo herrixkako behar materialak etab. Bigarren mailan, hirian auzoa litzatekeena eta landa eremuan herrixken komunitatea egongo lirateke, hauetan, komunako koordinazio batzordeek hartzen dute parte. Hirugarren unitatea distritoa da, hiri oso bat zein herrixka komunitateen batasuna izan daitekeena eta alderdi politiko zein mugimendu sozialen ordezkariek osatzen dutena. Laugarrenik, kantoiko asanblada, kantoi bateko distrito guztietako koordinazio batzordeek hartzen dute parte hemen. Eta, azkenik, Rojava mailako Tev-Dem-a, Rojavako organo gorena.
Jada aipaturiko antolakuntza eta ordezkaritza maila guzti hauetan, zortzi lan eremu jorratzen dira oro har: 1) Emakumeen kontseilua, maila lokalean, adibidez, emakume etxeen bitartez antolatzen dena (mala jin) 2) Defentsa komisioa (HPC), herritarren autodefentsa komiteak eratzen ditu 3) Ekonomia komisioa, komunako kide guztien biziraupena bermatzea helburu duena eta, aldi berean, egungo ekoizpen sistema kooperatiben inplementazioaren bidez ordezkatzen dabilena 4) Komisio politikoa, MGRK sistemaren alde dauden alderdi guztiak barnebiltzen ditu eta lan diplomatikoa burutzen du 5) Gizarte zibilaren komisioa, SCS-ko (Gizarte Zibilaren Elkarteen Batasuna) kideen arteko elkarbizitza arautzen du 6) Gizarte librearen komisioa, martirien senideak, gazteak edota ikasleak antolatzen ditu 7) Justizia komisioa, elkarbizitzan rol oso garrantzitsua du eta kasuak kontsentsu bidez ebazten ditu 8) Ideologiaren komitea, hezkuntzara bideratzen den jardun ororen arduraduna da; batetik, Ba’ath erregimenetik datozen eskolak kudeatzen ditu eta, bestetik, gizarte osoaren hezkuntzarako akademiak gestionatzen ditu.
Laburbilduz, paradigmaren aldaketa teorikoaz gain, bere aplikazio praktikoa ere arrakastatsua izan zen. Bakurren inplementatzea irudikatzen bazuten ere, estatu turkiarraren indar zanpatzaileak galarazi egin zuen. Orduan, ireki zen Rojavaren leihoa eta kausalitateak sorturiko aukera hau aprobetxatzen jakin izan zuen PKK-k, ordura arteko esperientzia guztia baliatuta; kolpe errepresiboen aurrean irauteko antolakuntza forma garatu zuten eta nazio-estatuen mugak errespetatuz, botere inperialisten gorabeherei erresistitu dakiokeen gizarte berri bat martxan jarri zuten. Qamisloko agure batek horrela zioen: “Zenbat Ba’ath, Ataturk edota ISIS pasatu diren nire gorputzetik; orban guzti horiek ahaztu egingo ditut. Ordea, ez dut inoiz ahaztuko PKK izan zela nire hizkuntzan hitz egiteko aukera eman zidana, libre egin ninduena. Behin hau lortuta, ez dut ihes egiten utziko”.
Herri armatua inoiz ez zanpatua
Askapen Mugimendu Kurduarentzat autodefentsa gorputz sozial guztiek berezkoa izan behar duten elementua da. Öcalanek arrosa lorearen metafora erabiltzen du ideia hau azaltzeko; arrosak bere lora defendatzeko arantzak dituen bezala, herriak ere, bere autodefentsa mekanismo propioak ditu. Autodefentsa mekanismo horien garapenean dago gure laugarren gakoa. Izan ere, izaera defentsiboa izateaz gain, autodefentsak dimentsio destitutiboa ere hartzen du, hau da, Estatuaren eskuetan dagoen biolentziaren monopolioa urratu egiten du. Herri kurduak, gainera, zilegizko defentsa eskubideaz hitz egiten du, hau da, zilegi den autodefentsa gauzatzen dute uneoro, ez erasokorrak diren maniobra militarrak.
Bide honetan, hiru mailatan banatzen dira autodefentsa egiturak. Alde batetik, kanpo eraso militarrengandik defenditzeko egiturak daude, Rojavan YPG-YPJ izenarekin ezagutzen ditugunak. Aipatu beharra dago unitate hauetan, gizarte zibilean bezala, kurduak ez diren bestelako etnia eta erlijioek ere hartzen dutela parte (suryoyeak, arabiarrak, kristauak etab.) eta horietako askok euren defentsa egitura autonomoak dituztela, YBS yazidien defentsa unitatea edota gazteen defentsa unitateak kasu. Zentzu honetan oso interesgarria da SDF (Sirian Democratic Forces) aliantza militarra, zeinak indar militar kurduak, arabiarrak, asiriarrak, armeniarrak, turkomanoak eta circasianoak batzen dituen. 2013ko apirilaren 4an, bestalde, YPJ emakumeen autodefentsa unitate autonomoak sortu ziren, nahiz eta aurretiaz emakumeek YPG barruan hartzen zuten parte. Autodefentsa unitate hauek dira erregimen siriarra kanporatu zutenak ahulen zegoenean eta, egun, oraindik erregimenaren eskuetan dauden auzo eta zonaldeetan mugak defendatzen dituztenak. Unitate hauek dira, baita ere, aspalditik Al-Nusra Frentearen eta ISIS-aren kontrako borrokan ibilitakoak eta Rojavako zonaldeak askatu zituztenak.
Bestalde, barne mailako segurtasunari dagokionez Asayîs-ak daude, Rojavako segurtasun indarrak eta emakumeen egitura autonomoa, Asayîs Jin. Hauen esku dago banda yihadisten, Assad erregimenaren, PDK eta Turkiaren zerbitzu sekretuen atakeak erreprimitzea eta barne segurtasuna mantentzea. Barne segurtasunaz arduratzeak zera esan nahi du; gizartearen gatazketan bitartekari direla berauek ez badira gizarte egituretan konpondu. Azkenik, autodefentsaren perspektiba hontatik garrantzi handiena daukaten herri mailako defentsa unitateak daude; HPC (Defentsa Unitate Zibilak). Hauen bitartez komunako kide guztiek autodefentsa formakuntzak jasotzen dituzte hezkuntza eta formakuntza ideologikoan arreta berezia jarriz. Mugimendu kurduak autodefentsaren kontzepzio zabala du eta etsaiaren eraso militarrei erantzuna ematea garrantzitsua bada ere, are inportanteagoa da eraso ideologiko eta psikologikoei aurre egitea. Hortaz, HPC hauen esku dago herria armatzea, ez bakarrik militarki, baizik eta ideologikoki.
Laburbilduz, mugimendu iraultzaile kurduak ez die inongo momentuan uko egin herriaren autodefentsa mekanismoei. Haatik, estrategiaren parte ezinbestekoak dira: Lehenik, biolentziaren monopolioa lehiatzeko erabiltzen dira, lurralde konkretuak estatuen eta kapitalaren eraginetik askatuz, ondoren, etsaiaren erasoaldiei eusteko mantendu egiten dira egitura hauek eta, paraleloki, herriak berezkoak dituen defentsa unitateak garatzen dira. Hauek, gainera, ez dira inoiz desagertuko, berezkoak ditu, beharrezkoak. Arrosak arantzak behar dituen bezala.
Emakumeen iraultza
Kurduen iraultza emakumeen iraultza dela esaten dutenean, erretorika hutsa baino askoz gehiago da; egitan, emakumeek gidatutako iraultza bat da. Jada, 1984tik abiatu zen eraldaketa hau alderdiaren barnean, baina ez zen paradigma aldaketara arte izan, emakumearen askapenak zentralitatea hartu zuela. Izan ere, emakumeak benetako zentralitatea du bai antolakundean, gizarte egituretan, erresistentzia eta borroka armatuan zein historiaren berrinterpretapenean ere.
Alderdiari dagokionean, 1986an KYKB (Kürdistan Yurtsever Kadinlar Birligî, Kurdistango Emakume Abertzaleen Batasuna) sortu zuten, barne tentsioek eta beharrek hala bultzatuta. Hurrengo urteetan, izen ezberdinarekin (TAJK, Kurdistango Emakumeen Askapenerako Mugimendua) emakumeen antolakunde honek, gazteen antolakundearekin batera (YCK) manifestazio eta akzio masiboak burutuko ditu Turkia osoan zehar. Emakumeen marko autonomoen sorrerak jarraipen agerikoa du 1995ean, YJAK (Yekîtiya Jinên Azad a Kurdistan, Kurdistango Emakume Askeen Batasuna) antolakunde autonomo estrategikoa sortzen denean. Indar militarrei dagokionean, jada aipaturiko unitate autonomoak ditugu: YPJ milizia edota Azayîs Jin segurtasun indarrak. Bizitza zibilari dagokionean, emakumeak, gorputz sozial autonomo bezala auto antolatzen dira bizitzaren maila guztietan. Honen isla ditugu komuna ia guztietan dauden emakumeen etxeak (mala jin) edota herri askotan ugaltzen diren emakumeen telebista kateak, irratsaioak etab. Mando, hierarkia eta ordezkaritzari dagokionean emakumearen gaia ere zentrala da. Adibidez, emakume batek ezin ditu, arlo militarrean, aginduak jaso gizona den gorengo kargu batetik, edota kopresidentzia (emakume eta gizon baten ordezkaritza) organo guztietan nahitaezkoa da. Historiaren interpretazioari dagokionean, narrazio bat osatzen dute, balio pedagogiko eraldatzaile nabaria duena. Narrazio honen arabera, behinola, gizarte naturaletan emakumea askea zen eta patriarkatuaren sorrerarekin, emakumea zapaldua izan zen, zeinaren ostean, gainontzeko zapalkuntzak etorri ziren. Emakumearen zapalkuntzaren sorrera puntua ezartzen duten bezala, berau iraul daitekeela adierazten dute. Öcalanen irakurketek kutsu esentzialista badute ere, ukaezina den eragina izan dute; patriarkatuaren sorreraren irakurketa ez da zehatza, inondik inora, baina non ikus daitezke herrixkako andra zaharrak euren kode etikoaren arabera senarrak epaitzen edota konfliktoak konpontzen? Non ikus daitezke martirien amak euren bizia alderdiari eskaintzen bere semeak mendekatzeko? Non daude lehen lerroko emakumeak, politika irakaspenak ematen dizkigutenak, euren hizkuntzan beldur barik hitz egiten dutenak?
Gai konplexuegia da hau bi paragrafo eskasetan garatzeko. Laburki esan genezake, bere kontraesan praktiko eta ahulezia teoriko guztiekin ere, mugimendu kurdu iraultzaileak inor baino hobeto jakin izan duela XXI.mendeko subjektu iraultzaile potentziala irakurtzen; euren esanetan, “emakumea lehenengo klase zapaldua da”.
Etika militante iraultzailea
“Etika askatasunaren morala eta kontzientzia da. Kontzientzia horrekin lerrokatua bizitzea da estetika”, Abdullah Öcalan
Azken gakoa etika iraultzaile berri baten sorrera litzateke. Askapen mugimendu kurduak, gizarte natural bat definitzen du, hots, gizakiaren natura edo izaera ona zehazten du eta berau historikoki kokatzen du, kasu honetan, Mesopotamian eta Neolitoan. Narrazio honen bitartez, komunalki bizi ziren giza taldeak hartzen dira eredutzat, orekan oinarrituriko ekonomia gauzatzen zutenak eta mundu magiko eta sinkretiko konplexua zutenak. Ondorioz, modernitate kapitalista ez da ahistorikoa, momentu zehatz batetik aurrera gaixotu zen gizakia behinola aske bizi zen, hori zen bere “egoera naturala”. Narrazio historiko honek, zientzia positibistaren barnean arrakalak sortu nahi ditu; gizarte askea guztion barnean dago, aurkitu besterik ez da egin behar. Ordea, ariketa hau ez dute ariketa erreflexibo indibidual baten antzera aurkezten, etengabeko borroka da, soilik kolektiboki gauzatu daitekeena. Iraultza gaurdanik hasi behar dela diote bai, eta baita norberaren kontrako gatazka dela ere, baina ez dezagun ideia hau bere testuingurutik isolatu eta postmodernia europarrekin nahastu. Norbanakoa ezin da indibidualki askatu, ezin da bere horretan ahaldundu, botere sistema baten txertatua dagoelako. Hortaz, soilik kolektiboki gauzatzen den borrokaren bitartez lortuko du boteretze hori. Eraldaketa pertsonala ez da norbanakoak ezarritako irizpideen arabera gauzatzen, baizik eta mugimendu iraultzaileak finkaturiko balio etiko konkretu batzuen arabera. Laburbilduz, mugimenduak gizarte naturala inspirazio eta zilegitasun iturritzat hartuta, balio etiko berriak sortu ditu gizaki eta komunitate askeak sortzera bidean. Balio etiko hauek, gainera, militante iraultzaileak sortzen laguntzen dute zeinaren printzipioen artean hevalty (kidetasuna), edozein motatako adore edo errekonozimenduari uko egitea, gauza materialei uko egitea, elkartasuna, martiriekiko errespetua etab. dauden.
Koadroak, PKK-ko militanteak dira, euren bizitza iraultzari eskaintzen diotenak osotasunean. Koadroak dira balio etiko hauen isla nagusiak; ez dute jabegorik, ezta soldatarik, ezta sexu harremanik ere, ez dute drogarik kontsumitzen etab. Koadroak bere bizitza alderdiari eskaintzen dio osotasunean, iraultzaren zerbitzura jartzen ditu bere nahi eta desioak. Aldi berean, balio etiko hauen transmisore nagusia da. Bere diziplina eta sakrifizioaren bitartez iraultzarako tresna bihurtzen da koadroa. Kritika eta autokritika dira jardun honetan bidelagun nagusiak, tekmil (sesio laburrak) edota dahurandeak (banakako sesio luzeak) bere adierazpen metodologikoak direlarik. Aipaturiko balio etikoen araberakoa da kritika eta autokritika, zeinak pertsonak eredu konkretu batekiko eraldatzen dituen. Kide bati kritika bat egitea ez da lehia edo adore kontua, errespetu kontua baizik; izan ere, behin kritika bat eginda, pertsona hori bide horretan hobetzen laguntzeko hautua hartzen du kideak automatikoki. Zentzu honetan, bereziki interesgarria da puntu honen hasieran aurkezturiko Öcalanen esaldia, etika eta estetikaz mintzo dena. Askotan, hutsalak iruditu dakizkigukeen kritikak egin ohi dira, baina mugimenduarentzat, keinu guzti hauen atzean historia oso bat eta ezaugarri sistemiko bat dago. Demagun, adibidez, kide bat berandu heldu dela emakumeen marko autonomora beste ardura bat bete behar zuelako. Kritika azalean gera daiteke soilik berandutzea leporatuz, edota pertsona eta jarrera konkretu horretan gorpuzten diren zapalkuntzak aztertu ditzakegu; emakume markoari nahikoa garrantzia eman ez izana, gure kideen elkartasun falta ardura hori betetzen ez laguntzeagatik, jakinda beste marko batera joan behar zinela edota autokontrol eta diziplina falta.
Puntu honetara ailegatuta, batek baino gehiagok atentzio berezia jarriko dute antolakuntza sisteman, erabaki ahalmenean edota eskema organizatiboan. Milaka eta milaka galdera egingo dituzte parte hartze dinamiken inguruan, erabakiorrak diren espazioen inguruan edota bestelako detaile nimiñoen inguruan hierarkia edo botere metatzearen zantzuak aurkitu ahal izateko. “Bingo!” esango dute alderdiaren eskema piramidala ikusten dutenean “Ez da uste bezain horizontala” pentsatuko dute eurekiko. Modernitate kapitalistak hain gaitu xurgatu ezen boterearen espresio oro negatibotzat jotzen dugun. Boterearen metaketa saihesteko antolakuntza deuseztatzen duena, buruko mina kentzeko burua mozten duenarekin konpara daiteke. Nola akabatu dute buruko mina askapen mugimendu kurduan? Hiru elementuren bitartez: Batetik, demokratikoak diren metodologia eta mekanismoen bitartez (postu errotatiboak, ordezkaritzak, bozkak etab.). Bestetik jada aipaturiko etika militantearen eta kritika eta autokritikaren bitartez. Balio etiko hauen arabera, jardun politikoak ez dakar inongo adorerik edota errekonozimendurik, errespontsabilitatez hartu beharreko ardurak dira. Ideia hau gainera, materialki islatzen da hainbat eremuetan; alderdian, bizitza eman duten koadroek ez dituzte bi alkandora baino gehiago; gizarte zibilean, herrixkako alkate denak, udaletxeko komunak garbitu eta tea zerbitzatzen dizu; arlo militarrean, komandantea dena, lehenengo lerroan dago, etab. Gainera, kritika eta autokritika ariketak konstanteak dira espazio guztietan eta, modu honetan, “desbideratzeak” ekidin daitezke. Azkenik, boterearen kontzepzioa bera aldatu egiten da. Behin lurraldeak askatuta, administrazio zibila sinplifikatu egiten da eta hori bihurtzen da, administrazio. Inork ere ez du botererik ikusten gariaren banaketan, jardun teknikoa bihurtzen da, helburu nagusia biziraupena den heinean.
Etika militante iraultzaile hau, kritika eta autokritika eta serokati (lidergotza) bide erreformistan ez jausteko elementuak dira. Azken honek, lidergotza, garrantzi berezia du. Mendebaldeko herri askoren kultura politikoan ulertezina izan daitekeen arren, Abdullah Öcalanen lidergotza politiko-militarra hasiera batean eta egun, sinbolikoa, ezinbestekoa izan da herri kurduaren erresistentzia grina mantentzeko. Lidergotzaren sinboloa da erreformismoaren korrontearen aurkako aingura. Europa mendebaldean gure indibidualtasunen batuketaren isla izan daitekeen sinbolo kolektiboak bilatzen ditugun bitartean, mugimendu iraultzaile kurduko kideek, euren indibidualtasunari uko egin eta ordezkatuak sentitzen dira pertsonifikatua den sinbolo batean. Errepresentazio kolektiboa, hortaz, ez da indibidualtasunen gehiketa soila, baizik eta kolektibitatearen aspirazioen sinboloa. Duda gabe, mugimendu iraultzaile kurduak bete betean asmatu du komunismoa XXI.mendean berrinterpretatzen eta sozialismo errealaren akatsak konpontzen, batik bat etika militante honen sorrera eta aplikazio arrakastatsua dela eta.
[1]Serokatî: Lidergotza islatzen duen kontzeptua. Mugimendu iraultzaile kurduaren kasuan pertsona batean gorpuzten da, baina bere konplexutasun osoa ulertu beharra dago; lidergotza bide iraultzailean tinko jarraitzeko bermea da, balio etikoen sinbolo nagusia. Beste modu batera esanda, komunitatearen aspirazioen sinbolo gorena da.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!