“Kolonbian libre eta bizirik jarraitzeko berme gutxi neukan”
Mateo Gutierrez Leon (1996) gazteak Kolonbiatik ihes egin behar izan du kartzelan ia 22 hilabete pasa ostean. Terroristatzat hartu eta epaituta, azaroan absolbitu egin zuten, baina bere bizitza eta askatasuna arriskuan ikusi zituenez, herrialdea utzi zuen kartzelatik atera eta bost egunera. Bere kasua Kolonbian ohikoak diren polizia muntaia dela salatu du.
Nola hasi zen zure kontrako prozesu judiziala?
2017ko otsailaren 19an hasi zen. Egun hartan, Bogotan, bonba bat jarri zieten polizia batzuei. Horietako bat hil eta beste hainbat zauritu egin zituzten. Horrek presio mediatiko handia eragin zion gobernuari, ea zergatik gertatzen ziren halakoak Bogotan, are gehiago FARC-EPrekin bake ituna indarrean izanik. Lau egun geroago atxilotu egin ninduten. Komunikabideek, Defentsa Ministroak eta lehendakariak atentatua aurpegiratu zidaten, baina epaiketa prozesuan ez zuten gai hori ukitu.
Zer leporatu zizuten epaiketan?
2015eko irailean panfletoz betetako bomba panfletaria bat jarri izana leporatu zidaten. Ustez, lekuko batek identifikatu ninduen. Hasiera batean, lekukoak beste pertsona baten deskribapena eman zuen, baina ondoren, bertsioa aldatuta, nire deskribapena eman zuen. Lekuko hori polizia izateko ikasketak egiten ari da orain, eta ni salatu aurretik, polizien bisita jaso zuen. Nire deskribapena eta izena emateko esan zioten. Horri gehitu presio mediatikoa, epaileak fiskaltzak esandakoa sinesteko zuen jarrera eta hasiera batean nire abokatuak erabilitako argumentu oker batzuk tarteko, kartzelara bidali ninduten. Ia 22 hilabete egon nintzen kartzelan, eta bitarte horretan epaitu egin ninduten. Frogatu ahal izan nuen ni ez nengoela gertakarien lekuan momentu horretan, baita identifikatu ninduen lekukoaren kasua polizia muntaia izan zela ere. Azkenean absolbitu egin ninduten. Baina prozesuak oraindik aurrera dirau, fiskaltzak helegitea jarriko duela esan baitu.
Zure kasua “falso positivo judicial” gisa definitu duzue. Zer da hori?
Hemen ezagunagoa da “polizia muntaia” terminoa, akaso. Armadak borroka antiterroristan emaitzak zituela irudikatzeko, pertsona zibilak hil eta gerrillariak zirela esaten zuen. Falso positivo judicial terminoa Alvaro Uriberen gobernuaren garaietatik dator. Orduan azaleratu zen, baina Juan Manuel Santos eta Ivan Duque lehendakariekin ere jarraitu dute. Hala, zenbait onura eta interes lortu dituzte. Krimena, terrorismoa edo segurtasun eza borrokatzen ari zirela diote, eta lekuko faltsuak erabiliz edozein pertsona espetxeratzen dute. Komunikabideek, poliziak eta gobernuak iritzi publikoa haren kontra jarri eta erruduntzat jotzen dute epaiketa egin aurretik.
Zergatik hasi zuten zure kontrako prozesua?
Nirea beste kasu askoren arteko bat besterik ez da. Zenbait sektoreren kontra modu orokorrean egiten ari diren kanpaina da: herri eta ikasle sektoreen, eta orokorrean oposizio politikoaren kontra egindako kanpaina. Eta hor asko erori gara. Ez da salbuespenezko kasu berezi bat, estatuak Kolonbiako oposizioa deuseztatzeko erabiltzen duen modu bat baizik.
Azken urteetan Bogotan jarritako lehergailu asko Movimiento Revolucionario del Pueblo-ri (MRP) egotzi diote. Zuri mugimendu horren partea izatea egotzi dizute. Hori hala dela iradoki nahi gabe, azaldu dezakezu zer den MRP?
Ni eta beste hamabi bat pertsona lotu gaituzte mugimendu horrekin. MRPk berak adierazi duenaren arabera, antolakunde berri eta independente bat da. FARC-EPrekin egindako bake negoziazioetan Juan Manuel Santos lehendakari ohiak inposatutako agenda neoliberal eta bortitzaren kontra azaldu da. Baina ezkerreko mugimenduek eta komunikabide ofizialek ezjakintasun eta estigmatizazio asko barreiatu zuten antolakunde horren parte izatea leporatu ziguten pertsonei buruz —ezin izan dutena frogatu—. Eskuin muturrak finantzatutako mugimendua zela, poliziarekin lotura zuzena zuela, baita ELNrekin lotura zuen taldea zela ere leporatu zioten. Antolakundeak adierazpen ofizialak egin izan ditu: Andino saltoki-gunean bonba bat jarri izana ukatzeko, esaterako. Kazetari bati ere elkarrizketa bat eman zioten, eta elkarrizketa horretan niri buruz galdetu zien kazetariak.
Nola eragin dizu kartzelan 22 hilabete pasatzeak?
Beti du eragina kartzelatik atera eta inguru berri batera egokitzeak, are gehiago hona etorrita. Kartzela oso inguru bortitza da, eta Kolonbiako gizarteak bizi duen bortizkeria are gordinago bizitzen da han. Dena bortizkeriaren kudeaketatik igarotzen da. Hori ez da osasuntsua, pertsonak hala hezten direlako, eta ateratzean logika horretan bizitzen jarraitzeko arriskua dute. Are gehiago, zeure burua kartzelaratzen amai dezakezu, zarena galdu dezakezu, eta hori da arriskutsuena nire ustez. Fisikoki gosea pasatzen da, dena ordaindu beharra dago, dena da gabezia, ez dago urik ez eta argirik ere, baina horretara ohitu zaitezke. Kartzelak norbanakoekiko egiten duen kontrol fisiko eta psikologikoak pertsona hori politikoki menperatzea bilatzen du. Oso bortitza da. Eta pertsona asko kartzelatik akituta, etsita ateratzen da. Hori ekiditea da gakoa, bestela iparra galtzeko arrisku handia dago.
Azaroaren 8an kartzelatik atera eta bost egun iraun zenituen Kolonbian. Zergatik etorri zinen hona?
Kolonbian libre eta bizirik jarraitzeko berme gutxi neukan. Kezka handia nuen, ea beste prozesu bat irekiko zidaten, beste batzuekin gertatu den antzera. Polizia antiterroristekin nengoenean, iradoki zidaten nire bizitza arriskuan zegoela. Are gehiago, horietako bat ni torturatzen saiatu zen komisaldegian, baina hor zen beste polizia ukatu egin zen. Nire ingurukoak ere, familia, lagunak, arriskuan zeuden. Nire bikotekideari, esaterako, beste muntaia bat egiten saiatu ziren. Kartzelako zuzendaria ere salatu nuen, leporatu baitzidan pistola bat nuela ezkutatuta, eta kartzelaz aldatu ninduten. Oro har, egoera politikoa ez zen oso aldekoa.
Euskal Herrian hilabete batzuk egin dituzu eta asilo politikoa eskatzen ari zara. Nola doa hori?
Maiatzean nire kasua azaltzen duen dokumentazio guztia aurkeztu behar diot Espainiako Gobernuari, eta frogatu behar dut Kolonbiako Estatua ni jazartzen ari dela eta nire bizitza arriskuan dagoela. Oso prozesu burokratikoa da, baina esan didate nirea bezalako kasu gehienak onartu egiten dituztela.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!