Hala Bedi Tabernaren 17. urteurrena ospatuko dugu uztailaren 24an
Hala Bedi kolektiboaren zutabe garrantzitsuetako bat izan da, egun bada eta izango da taberna. Mus txapelketa, kontzertuak, ipuin kontalaria eta magoa egongo dira Kutxi 98ko tabernan.
17 urte bete ditu Hala Bedi Tabernak, Kutxi kaleko 98. zenbakian kokatuta dagoen tabernak. Ezagunak bihurtu diren afarietaz aparte, hamaika ekintza egin dira taberna barruan azken urteetan: kontzertuak, erakusketak, hitzaldi eta mahainguruak … Irratiarentzako ere eskaparate ederra izan da taberna, irratsaio ezberdinak bertan entzungai egonez edota ikasturteko parrilla bertan aurkeztuz. Hala Bedi kolektiboaren zutabe garrantzitsuetako bat izan da, egun bada eta izango da taberna.
Urteurrena ospatzeko aukeratutako data uztailaren 24a da, Santiago Eguneko bezpera. Jai eguna aprobetxatuko dugu motorrak arratsaldetik berotzeko, gaueko parrandari ateak parez pare irekiz.
Mus txapelketarekin hasiko da 17. urteurren jaia: txapelketan parte hartzeko aurretik izena ematea beharrezkoa da (Izena emateko: Hala Bedi Taberna). Txikienek -eta ez hain txikiek- ere izango dute ondo pasatzeko aukera: Ane Gebara ipuin kontalari gasteiztarrarekin girotuko dugu taberna 19:00etatik aurrera; ostean, 20:00etan, Goyo Magoaren ikuskizunarekin disfrutatuko dugu.
Gauean, aldiz, musika izango da protagonista. Lusko Fusko taldeak kontzertua eskainiko du 22:00etan eta tripa betetzen disfrutatuko dugu kontzertuarekin; izan ere, ordubete lehenago, “Brotxetada” egongo da tabernan. Luzerako joko du gauak, 00:00etatik aurrera musikak jarraituko duelako tabernan.
Egitaraua osorik
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!