Ekainaren 10eko giza-katea bultzatzeko spota grabatuko du Gure Esku Dagok Gasteizen
Apirilaren 21ean, Euskal Herriko mobilizazio handiena berotzeko 400 estra behar ditu Gure Esku Dagok. Aihotz plazan izango da hitzordu nagusia, 11:30etatik aurrera.
Spot batean parte hartu nahi duzu? Gure Esku Dagoren ekimen handiena bultzatzen lagundu nahi duzu? Erantzuna baiezkoa bada apirilaren 21ean duzu aukera, Gasteizen.
Ekainaren 10eko giza-katera begira, Gure Esku Dago Gasteizek spot bat grabatuko du egun horretan, larunbatean. Izan ere, Euskal Herrian inoiz egin den mobilizazio handienak Donostia eta Gasteiz lotuko ditu eta hau berotzeko hamaika ekimen egingo dituzte herrialdean eta Arabako hiriburuan ordura arte.
Baina geldialdi garrantzitsuenetako bat apirilaren 21eko spotaren grabaketa izango da. Antolatzaileek adierazi dutenez, 400 estra inguru behar dira eta bi orduko iraupena izango du grabaketak. Hitzordua Aihotz plazan izango da, 11:30ean.
Egun berean, baina 16:30ean, Txagorritxuko OVNI parkean -Txile, Ekuador eta Argentina kaleen artean- beste grabaketa egongo da; honetan, jende gutxiago beharko da (50 lagun inguru). Apirilaren 22an, igandean, Salburuako Ekialdeko parkean ere azken grabaketa saioa izango da: 100 lagun beharko dira eta 11:30ean izango da hitzordua.
2018a, urratsen urtea
2018an erabakitzeko eskubidearen aldeko “urrats esanguratsuak” emango direla uste du Gure Esku Dagok, eta bide horretan herritarrek protagonismo handia izango dutela gaineratu du. “Herritarron Ituna, herri galdeketak eta ekainaren 10eko mobilizazioa. Hiru lan ildo horiek garatuko ditu Gure Esku Dagok 2018an, erabakitzeko eskubidearen aldeko urrats esanguratsuak emateko determinazioarekin”, adierazi dute.
Aurtengo ibilbide orriaren ardatzak aurkeztu zituen dinamikak abenduan, Agurainen egin zen bazkideen ez ohiko asanbladan, eta plangintzaren garapena diseinatzen aritu da ordutik. Donostian egindako ekitaldian Herritarron Ituna osatzeko emango diren pausoen berri eman dute ere.
“Euskal gizartean aro berri bat irekitzeko baldintzak” erein nahi dituztela adierazi dute Gure Esku Dagotik: ekainetik aurrera Herri Ituna sustatuko du Gure Esku Dagok eragileen artean, aro berri bat irekitzeko. Gasteizko plangintza, adibidez, apirilaren 14an aurkeztuko dute.
33.500 arabar daude deituta maiatzaren 6ko herri-galdeketatara: Aiaraldean, Zuian eta Zigoitian egingo dituzte galdeketok eta dagoeneko erabaki dute zein izango den harri bakoitzeko galdera. Miren Ayesa Arabako Gure Esku Dago ekimeneko arduradunarekin hitz egin zuen Araba Hizpidek gaiaren inguruan, ekainaren 10eko giza katearen eta aurretiko galdeketen garrantzia azpimarratuz.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!