Arabako zazpi herri ezberdinetako biztanleak daude deituta maiatzaren 6an Gure Esku Dagok antolatutako herri galdeketan parte hartzera: Aiaraldeko bost herri ezberdin -Artziniega, Aiara, Amurrio, Okondo eta Laudio-, Zuia eta Zigoitia. Hiru galderak definituta daude.

Aiaraldeko herri galdeketan, guztira, 30.000 lagun baino gehiago daude deituta bozkatzera. Artziniegan, Aiaran, Amurrion, Okondon eta Laudion bozkatuko dute.

Gorbeialdean, bi bozkaketa ezberdin egongo dira. Aramaio, Otxandio, Urkabustaiz eta Legutioko herri galdeketen ostean, Zuia eta Zigoitiaren txanda izango da maiatzaren 6an. Lehenengoan, Zuian, ia 2.000 lagun daude deituta hauteslekuetara (1.950); Zigoitian, aldiz, 1.500 herritar.

Galderak, definituta

Aiaraldeko herrietan egigo duten galdera definituta dago. Eskualdeko bost herri ezberdinetan galdera berdina adostu dute: “Nahi duzu gure geroa erabakitzeko eskubidea erabili, muga bakarra Euskal Herriko herritarron borondate aske eta demokratikoa izanik?”.

Zuian, aldiz, herriko perspektiba izango dute kontutan: “Zuia gisa, izan nahi duzu Euskal Herri burujabe bateko herritarra?”.

Zigoitian, martxoaren 21ean erabaki zuten galdera, asanbla ireki batean: “Zigoitiar biztanle izanik, nahi al duzu libreki Euskal Herriko etorkizuna erabaki?”.

Orain arteko parte hartze altuena, Aramaion

Euskal Herriko gainontzeko herrialdeekin alderatuta, galdeketa gutxiago egin dira Araban. Hala ere, oso parte hartze altua izan dute hauek. Aramaion, adibidez, 2016ko ekainean egindako galdeketak %51,24ko parte hartzea izan zuen; Otxandion, 2017ko azaroan egindakoak %46,98a; Urkabustaizen, 2017ko maiatzekoak %36,21ekoa; eta Legution, Urkabustaizen egun berean egindakoak %32,29a.

 

Uso de cookies

Este sitio web utiliza cookies para que usted tenga la mejor experiencia de usuario. Si continúa navegando está dando su consentimiento para la aceptación de las mencionadas cookies y la aceptación de nuestra política de cookies, pinche el enlace para mayor información.

ACEPTAR
Aviso de cookies