Gaur ere lanuzteak egingo dituzte DETESA enpresako langileek
Astelehenean ekin zion lanuzteak egiteari DETESA enpresako Langileen Batzordeak, enpresan bizi den prekariete egoerari egin nahi diote aurre horrela. Bihar dute paroen azken eguna, baina ez dute mobilizazio gehiago deitzea baztertzen.
Urte bete igaro du DETESAko Langileen Batzordeak zuzendaritzarekin Enpresako Hitzarmen “duin” bat negoziatzen, “langileen beharrei eta gaur egun enpresan bizi den prekarietateari aurre egingo dion testu bat lortzeko asmoz”. Langileen aldarriei erantzuteko enpresak erakutsi duen borondate faltaren aurrean mobilizatzeari ekin diote langileek.
Astelehenean ekin zioten lanuzteak egiteari eta aste osoan zehar luzatu dira mobilizazioak. Bihar, ostirala, dute antolatutako azken paroa. Aldi baterako kontratuak kontratu mugagabe bihurtzea da langileen aldarri naguenetako bat, beharginen proportzio altu batek epe mugatuko kontratuak dauzka, langile hauek burutzen dituzten lanak lan estrukturalak diren arren: “behar tenporalekin zerikusirik ez duen lana”.
Soldata arrakala ere oso sakona da DETESAn, sartzen diren langile berriek enpresan urteak daramatzaten langileek baino soldata askoz baxuagoa jasotzen dute lan berdinak burutzeagatik eta denbora asko igaro beharra dute lansariak parekatzeko.
ELA sindikatutik Hitzarmen Kolektibo “duin” baten beharra aldarrikatu dute, “epe mugatuko langileek eta enpresan sartzen diren gazteek sufritzen duten prekarietateari aurre egiten lagunduko duena”. Zuzendaritzaren blokeo nahiaren aurrean mobilizatzen jarriatuko dutela adierazi dute langileen ordezkariek. Bihar dute aste honetako azken lanuztea baina ez dute protesta gehiago egitea baztertu.
Alestis enpresan ere lanuzteak
Alestis enpresan ere paroak egiten ari dira aste honetan zehar urtarrilean kaleratutako langile baten egoera salatzeko. Mezu argi bat bidali nahi diote zuzendaritzari, ez dutela kaleratze librerik onartuko.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!