Gasteizen Opus Deiri alfonbra gorria jarri izana kritikatu du LAB sindikatuak
Fundazio ultrakatoliko batek NClic eta Kimba eskolak bere gain hartu ditu Gasteizen eta LAB sindikatuak ” Gasteizko Gobernuak Opus Deiri ateak parez pare ireki dizkiola” salatu du.
Aurreko astean agertu zen hedabideetan albistea: Fundazio ultrakatoliko batek NClic eta Kimba eskolak bere gain hartu ditu Gasteizen. Honek eztabaida piztu zuen. Izan ere, Gasteizko eskola hauen jabe berria Alfonso Aguilo Opus Deiko kidea da. Besteak beste, bere fundazioaren zenbait ikastetxetan sexuaren eta maila sozioekonomikoaren arabera sailkatzen dituzte ikasleak, eta honek dituen onurak goraipatu ditu Aguilok.
LABek bere kezka adierazi du egoera honen aurrean, “Opus Deiri ateak parez pare ireki dizkiolako Gasteizko Gobernuak”. PPrekin egindako aurrekontu Itunak Opus Deiri Gasteizko NClic Ikastetxea eta Kimba sareko haur eskolak bereganatzeko aukera eman diola salatu du sindikatuak.
“Gure herriko gero eta haur zein gazte gehiagoren heziketa Espainiako ultra-eskuinaren esku utzi du Eusko Jaurlaritzak”, kritikatu dute. Gogoratu dutenez, Alfonso Aguilók finantziazio publikoa eskuratu du ikastetxeak erosteko.
Gogoratu beharra dago, besteak beste, Aguilorena dela segregazioaren aldeko ondoko esaldia: “Desberdintasun naturalak daude mutil eta nesken artean, eta honek, ikasteko modua ezberdina dela egiten du. Irakaskuntza bereizitua esperientzia bikaina da”. LABen aburuz, horrelako ikastetxeek ezin dute finantziazio publikorik jaso.
Amaitzeko, sindikatuak segregazioaren aurkako borrokarako deia egin du, “sexua, arraza, erlijioa, hizkuntza, jatorria edo diruaren araberako zatiketa gaindituz”.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!