Garbialdi enpresak praktikatzen duen “errepresio sindikala” salatu dute hainbat sindikatuk modu bateratuan
LAB, ELA, ESK, CCOO, UGT eta USO sindikatuen ustez, CUT sindikatua "plantillaren interesen alde egin beharrean, enpresarekin lerrokatzen da".
LAB, ELA, ESK, CCOO, UGT eta USO sindikatuek Osakidetzako ESI Arabako garbiketa zerbitzuko kontratetako langileek Garbialdi izeneko enpresaren eskutik pairatzen ari duten “errepresio sindikala” publikoki salatu dute agerraldi batekin.
Prentsari azaldu diotenez, gaur egun enpresarekin dagoen arazoa handitu da. Izan ere, CUT sindikatua protagonista bilakatu dela uste dute, “plantillaren interesen alde egin beharrean, enpresarekin lerrokatzen baita”. Adibide gisa, lanpostu hutsen estaldurari buruzko epaiketa batean, enpresak planteatutakoa defendatu duela aipatu dute. “Hori gutxi balitz, sasi-sindikatu horren arduradun nagusiak enpresa beraren erdi-mailako arduradunak dira”.
Gaur egun, Garbialdi enpresak ESI Arabako garbiketa zerbitzu guztien kontzesioak ditu: Txagorritxuko Ospitalea, Santiago Ospitalea, Kanpo Kontsulten Eraikina eta Osasun-zentroak.
Testuinguru honetan, denboran zehar errepikatzen diren eta plantilaren langile zehatz batzuen aurka zuzentzen diren eskubideen urraketak ematen direla uste dute: “Honek jazarpenaz hitz egitera garamatza”. Gaineratu dutenez, zerbitzuburuak langileak haren bulegora deitzen dituenean, ez dakite nagusiarekin edo Komiteko enpresarekin dauden. “Nahaste hori ere formazio kurtsoetan ematen da, hezitzaileen aldetik CUT sindikatuaren aldeko proselitismoa burutzen baita”.
Guzti honek plantillaren zati handi batean beldurra nagusitu izana ekarri duela uste dute sindikatuek. Hala ere, argi dute: “Hau ez litzateke gertatutako Osakidetzak onartuko ez balu […] Gure ustetan guztiz onartezina da patroi batek bultzatuta langileen antolakundeak sortzeko neurriak”.
Amaitzeko, sei sindikatuak ez direla geldirik geratuko azpimarratu dute: “Osakidetzako zuzendaritzari bilera berri bat eskatu diogu eta ez ditugu mobilizazioak baztertzen“.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!