Erreferendumaren aldeko herri ekimenaren aurkezpen bira egingo du Gure Eskuk
Gasteizen, Laudion eta Agurainen aurkeztuko dute herri ekimena, maiatzeko data ezberdinetan.
Erabakitzeko eskubidearen bidean, azken sei urteak emankorrak izan dira Gure Esku dinamika herritarrarentzat Euskal Herrian: “Lorpenak lorpen, akatsak akats, pozik gaude. Urteotan, milaka eta milaka esku tiraka aritu dira, eta, denon artean, aurrerapauso nabarmenak eman ditugu erabakiaren bidean”. Gure Esku Dago 2013an abiatu zenean, ez zen hutsetik abiatu, erabakiaren bidea urte luzetan landu zelako.
Orain, sei urte hauen ondoren, etapa berri bat hasteko aukera ikusi dute: “Erabakitzeko eskubidea gauzatzeko jaio ginen, badakigu nora goazen, eta badakigu helburua gertuago daukagula. Konbentzituta gaude, gainera, herritarren gehiengoak duela borondate argi hori, eta gauzagarria dela. Horretara goaz”.
Etapa berri honetarako helburu argi bat finkatu dute: etorkizuna erreferendum bidez erabakitzea posible egitea. Erabakitzeko eskubidea lege bihurtu nahi du Gure Eskuk. “Erabakitzeko eskubidea estatus juridiko-politiko berriaren legezko oinarri bilakatzea dugu xede. Are gehiago, bizitza publikoaren esparru guztietan, eguneroko jardunaren arau bilakatu nahi dugu”.
Halaber, ekimen parte hartzailea, dinamikoa, masiboa eta bizia izango dela aurreratu dute dinamikako kideek eta hau guztia aurkezteko aurkezpen bira bat egingo dute Euskal Herrian datozen asteetan. Araban, konkretuki, hiru hitzordu egongo dira:
- Maiatzak 16, 19:00 Aldabe gizarte-etxea (Gasteiz)
- Maiatzak 23, 19:00 Kultur-etxea (Laudio)
- Maiatzak 31, 18:30 Zabalarte (Agurain)
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!