Gasteizko Alde Zaharrean Ensanche 21 elkarte publikoaren hiru eraikin okupatu dituztela jakinarazi dute
Azken egunetan Gasteizko Alde Zaharreko Kutxi, Txikita eta Pinto kaleetan dauden hiru eraikinen inguruan argitaratutako hainbat albisteen harira, auzokide berriek ohar bat helarazi diote Hala Bedi irratiari. Eraikin hauek «sei urte hutsik egon ostean» duela gutxi okupatu dituztela azalduz, Ensanche 21 hirigintza elkarte publikoaren azken urteotako plan urbanistikoa salatu dute.
Auzokide berriek azaldu dutenez, badira sei urte udaletxeak Gasteizko Alde Zaharreko hiru etxebizitza bloke berritzeko proiektua amaitu zuenetik. Ensanche 21en plan urbanistikoaren baitan, gazteoi bideratutako 12 etxe aurreikusten ziren eraikin hauetan -400 hiri osoan-, «gaur arte erabilpenik gabe egon direnak». Udal talde ezberdinen «utzikeria eta gazteonganako arduragabekeria» salatu dute oharrean, eta gazteei zuzenduak ziren etxebizitzak hutsik ikusi ostean, okupazioaren bitartez «gure kabuz gureak egiteko» hautua egin dute.
Instituzioen eta Ensanche 21en «gentrifikazio politikak» salatu dituzte gazteek. Haien ustez, Gasteizko mapa urbanistikoan «zatiketa soziala» areagotuz eta Alde Zaharra «eskaparate bilakatuz», bertako auzokideak alde egitera bultzatzen dituen etxebizitza arazoaren arduradun zuzenak dira. Paraleloki, «sei urteko blokeoa eta zorra oraindik azaldu ez dituen» Ensanche 21 elkarte publikoak «etxebizitzak 2.290€/m2-ko prezioan» saldu nahi dituela salatu du ustelkeriaren kontrako ADI! elkarteak. Gainera, elkarteak azaldu duenez, Ensanche 21ek 111,5 milioi € zituen kutxan Marotok hartu zuenean alkatetza; legealdia bukatuta, 20 milioi €-ko zorra.
Oharraren arabera, apirilaren 25ean, udaltzaingoa Pintoko 20. zenbakira joan zen, «bortizkeriaz eta legez kanpoko» identifikazioak lortu nahian eta bizilagunen «ondasun materialak apurtuz eta lapurtuz». Salatu dutenez, «kasualitatez», okupazioa eman eta egun gutxitara etorri dira «sei urtez blokeaturik» izandako gai honen inguruko lehenengo berriak: hasieran, poliziaren bisita, eta horrekin batera, etxebizitzak zozketatuko dituztela dioten albisteak, hedabide ezberdinen arabera.
Errekaleor Bizirik auzoan edota hiriko beste lekuetan loratzen ari den okupazio uholdearen urrats berri bat iritsi da Gasteizko Alde Zaharrera. Oharrean salatutako guztiaren aurrean «okupazioa tresna eraginkorrena» dela azpimarratu dute, baliabide ekonomiko nahikorik ez duten gazteen etxebizitza eskubidea bermatzeko eta bizitza eredu berri bateruntz bidea egiteko.
Maiatzaren 8ko goziean, Gasteizko Udalak Pintoreria 20 eta Txikita 14 blokeko kideei ura moztu zien gazteei. “Traben gainetik, jarraituko dugu”, adierazi dute gazteek.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!