Elkartasun ekimenak Arantzabelan egindako pintada LGTBI+foboen aurrean
Gasteizko eskola-komunitateek gogor salatu dute Arantzabelako erasoa, elkarretaratzeak egingo dituzte gaur.
Arantzabela ikastetxeko jolastokian duela gutxi egindako ortzadarren koloreko muralean LGBT+ kolektiboaren aurkako pintadak agertu ziren astelehenean. Arantzabela ikastetxeak berak sareetara igotako argazkietan «putos gays”, “fuck LGTB” eta “maricones” bezalako mezuak ikusi zitezkeen muralaren gainean.
Ikusgunek, Gasteizko LGTBI+fobiaren aurkako Behatokiak, gertakaria erregistratu du eta laguntza emateko prestutasuna adierazi dio ikastetxeko hezkuntza-komunitate osoari. Gertatutakoa “larritasunez” ikusten dutela adierazi dute ohar batean Ikusguneko kideek. Izan ere, ez dira Gasteizen ikusten diren horrelako lehenengo margoketak, ezta horma-irudiak erasotuta agertzen den lehen eskola ere. Iazko ekainean, adibidez, Umandi ikastolan, ‘Esto con Franco no pasaba!’, ‘Transformers no!’ eta ‘Marikas’ margoketa homofoboak eta transfoboak egin zituzten ezezagun batzuek LGTBI+fobiaren kontrako muralean.
Gasteizko eskola-komunitateek ere gogor salatu dute Arantzabelako erasoa. Gaur, osteguna, elkarretaratzea egingo dute Arantzabela eskolako patioan 17:15etan. “Muralak dioen moduan, maitasunagatik, berdintasunagatik, askatasunagatik, errespetuagatik, aniztasunagatik, harrotasunagatik, eta nola ez, duintasunagatik, ez gara isilduko horrelako erasoen aurrean!”, adierazi dute eskolaren sare sozialetan. Gasteizko gutxienez hamar ikastetxe eta ikas-komunitatek adierazi diete babesa Arantzabelako kideei eta elkarretaratzeak ere deitu dituzte.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!