Barrikada egin dute Eginoko trenbidean “zanpatzen gaituenari herri gisa erantzuteko”
40 gurpil inguru erabili dituzte suzko barrikada egiteko eta trenen ibilbidea eteteko. Hala Bedi-ri helarazi dioten argazkian eta oharrean adierazi dutenez, herri antifaxista eraikitzeko inor ez bazterrean geratzeko deia egin dute.
Apirilaren 15ean, goizeko 06:00ak aldera, 40 bat gurpilekin osatutako barrikada bat osatu zuten Egino herritik (Araba) igarotzen den trenbidean. Nahiz eta hedabide ezberdinetan oihartzunik ez izan, ezezagun batzuek Hala Bedi-ra igorritako ohar eta argazki batean ekimenaren dimentsioa ikus daiteke. Ordu batzuk beranduago, suhiltzaileek sabotajea itzali zuten.
Argazkian agertzen den “Atzo gaur eta beti. Euskal Herritik ez dira pasako!” esaldiarekin batera, oharrean “espainiar oligarkiak Espainiar estatu krisiari autoritarismotik, ukaziotik eta esplotaziotik aterabidea” eman nahi diola salatu dute. “Euskal Herria etsaitzat dute, eta espainiar eskuin muturra eta muturreko eskuina arerio horretatik elikatzeko asmoa dute. Beste ezeren gainetik, herri zapalduon ukazioan oinarritzen delako haien proiektua”.
Aurreko asteburuko ekitaldi faxistak eta Ertzaintzaren kargak kontestualizatzearekin batera -19 urte neska bat astelehenean Bilbon operatu behar izan zuten Ertzaintzaren kargen ondorioz-, Euskal Herriak faxistak gertutik ezagutu dituela gaineratu dute: “Gogor borrokatu ditu eta larrutik ordaindu du. Egoerari neurria hartu behar diogu. Harro dabil bidegabekeria eta honek ez du atzera egiteko asmorik. Gure bizitzak, gorputzak eta lurraldeak menpeko nahi dituzte”.
“Herri gisa erantzun behar dugu”
Espetxean dauden gazteak ere aipatu dituzte, “beren herria maitatzeagatik espetxera bidaltzen dituztenak”. Ildo honetan, “muntai juridiko eta polizialei esker bahituen zerrenda luzatzen dute, herri hau gatibu mantentzeko asmoz. Frankismoaren oinordekoak diren tribunal eta segurtasun indarrek adierazpen askatasunaren mugak markatzen dizkigute eta Damoklesen ezpata buru gainean jarri digute. Herrion erabakitzeko eskubidea kriminalizatu dute, espainiak eskaintzen duen eredu sozial eta ekonomikoa inposizioaren bidez mantenaraziz”.
Bide batez, inor ez bazterrean geratzeko deia egin dute, langileria, emakumeak, euskaldunak, gazteak, etorkinak eta baztertuak aipatuz. “Ez dadila inor bazterrean geratu. Herri antifaxista bat eraiki ahal izateko, herri gisa erantzun behar diogu zanpatzen gaituenari”.
Oharraren amaieran beste alde batera begiratzerik ez dagoela ondorioztatu dute: “Datorkigunari erantzuteko prest egon behar gara, borroka fronte guztietan. Zaurituen, atxilotuen eta kriminalizazioaren gainetik herri honek irmotasunez eta sormenaz erantzun dio ultraeskuin españolari. Aurrerantzean ere tinko eta eraginkor“.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!