Araba Bizirikek protesta egin du Legebiltzarrean, Tapia Legearen aurka
EAJ-ri egotzi diote "maltzurki" aldatu nahi duela EAEko Lurralde Antolakuntzaren Legea, Goi Mailako Interes Publikoko Proiektuen figura baliatuz horretarako. Legea aldatuz gero, Eusko Jaurlaritzak eskumen osoa izango luke proiektuak onartzeko, tokiko administrazioen iritziak kontuan hartu gabe.
Araba Bizirik kolektiboak protesta egin du gaur Legebiltzarrean, EAJ-k bultzatutako Tapia Legearen aurka. EAJ-ri egotzi diote “maltzurki” aldatu nahi duela EAEko Lurralde Antolakuntzaren Legea, Goi Mailako Interes Publikoko Proiektuen figura baliatuz horretarako.
Legea aldatuz gero, Eusko Jaurlaritzak eskumen osoa izango luke proiektuak onartzeko, tokiko administrazioen iritziak kontuan hartu gabe. Araba Bizirik-ek azaroan salatu zuen jada EAJren asmo hori.
Gaur egindako ekimenarekin salatu nahi izan dute EAJk Legebiltzarreko eztabaida “saihestuz” egin dituela aldaketak legean. Horrela, Eusko Jaurlaritzak eskumen osoz onartu ahalko ditu industria-proiektuak, Udalen, Aldundien edota kontzejuen borondatea aintzat hartu gabe.
Azaldu dute EAJk “hazkundean” soilik oinarritzen den eredua bultzatzen duela orain arte egindako politika guztiekin eta horrek “baliabide guztiak ustiatzea” dakarrela, finituak direla kontuan izan gabe. Zentzu horretan, pertsonen interesen gainetik, “boteretsuak defendatzea” egotzi diote EAJri, jokabide “moralik gabea eta maltzurra”.
“Horrelako maniobrekin argi geratzen da EAJ ez dela Gobernuko alderdi bat. Enpresa energetikoen, hondakinak kudeatzeko enpresen eta elikagai-enpresen Akziodunen Batzarretako alderdi bihurtu da. Enpresa boteretsu horiek baliabide komunalak bilatzen dituzte, industrializatzeko, pribatizatzeko eta merkantilizatzeko. Eta berdin berdin zaie ekosistemak suntsitzea, nahiz eta ekosistema horiek oparitzen dizkiguten baliabideak guztiz beharrezkoak diren lurraldearen eta bere biztanleen bizitzari eusteko”, esan dute Araba Biziriken bozeramaileek.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!