33 urteko langile bat hil da Gasteizko Talleres Aratz lantegian, makina batek harrapatuta
Makina batek harrapatuta hil da, ostiral goizean. Enpresa horretan azken hamarkadan hil den bigarren langilea da, LAB sindikatuaren arabera.
Makina batek harrapatuta, langile bat hil da gaur, ostirala, Gasteizko Talleres Aratz lantegian. 33 urte zituen hildako langileak. Goizean gertatu da ezbeharra. LAB sindikatuak eman du jakitera. 2023an hil den 32. langilea dela esan du sindikatuak.
LABek enpresari egotzi dio makinen araudia ez betetzea, gisa horretako istripu bat jazo izanak esan nahi duelako ez dutela aurreikusi beharrekoak diren arriskuak ekiditeko neurririk hartu: “makina batek eragiten dituen arrisku guztiak aurreikusirik egon behar dute eta arrisku horietako bakoitzarentzako neurriak hartu behar dira”, salatu dute.
Euskal Herriko industrian, oro har, makina gehienek ez dute segurtasun araudia betetzen, LABek salatu duenez, eta langileriak arrisku horiekiko esposizioa pairatzea “ohikoa” dela kritikatu dute. Sindikatu abertzaleak uste du arrazoia dela “patronala ez duela inork kontrolatzen” eta “lan osasunerako araudia ez diola inork betearazten”. Jaurlaritzarena da ardura hori, baina “ez du betetzen”, salatu dutenez. Patronalaren “inpunitatearekin amaitu” behar dela uste du LAB sindikatuak.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!