IDarte eskolako irakasle batek egindako erasoak eta zentroak hartutako neurrien hutsuneak salatu dituzte
Gasteizko Itaiak eta Ikasle Abertzaleak-ek deituta, elkarretaratzea egin zuten asteazkenean, azaroak 22, Gasteizko IDarte Goi-mailako Diseinu Eskola Publikoan (Portal de Betoño kalean). Kexu dira eskola komunitateko hainbat kide jazarri dituen irakasle batek zentroan lanean jarraitzen duelako.
Irakasle horrek, azaldu dutenez, “gutxienez sei urte daramatza jarrera erasokorrak izaten”. Eman dituzten adibideen artean, ikasleen itxurarekin loturiko iruzkin lizunak egin omen ditu, ordu txikitan hainbat ikasleri mozkor deitu, klasean lekuz kanpoko komentarioak egin, biluzik agertzen den argazkiak erakutsi eta irakasle bat fisikoki erasotu. Jaso dituzten testigantzen arabera, hainbat emakumek bere aurkako salaketak jarri zituzten, baina proba faltagatik atzera bota edota presioagatik bertan behera utzi zituzten.
Sei hilabetez suspenditu dute irakaslea. Hala ere, Itaiak eta IAk uste dute neurri horrek ez duela arazoa konpontzen. “Suspentsio batek bermatzen al du eraldatu egingo dela irakasle horren jarrera?”, galdegin dute. Gainera, zentroa seinalatu dute suspentsioa “ahalik eta diskretoena” izaten saiatzeagatik, lanketarik ez egiteagatik eta neurriak hartzeko “sei urte” behar izateagatik.
“Argi izan behar dugu gure egunerokoan hainbat eta hainbat espazioetan erasotzen gaituztela eta honen aurrean instituzio, eskola, unibertsitate zein epaitegitik jasotzen duguna ogi apurrak direla. Izan ere, salaketa bat jarri eta ezin aurrera egitea, inguru sozialak erasoa ez onartzea eta ez babestea, polizia-etxeetan jasaten diren jarrera desegokiak zein psikologia zerbitzuen itxaron zerrendak hau adierazten dute. Argi dugu konponbidea nonbaitetik etorriko bada gure antolakuntza propiotik izango dela”; ondorioztatu dute bi antolakundeek.
Ikasleen antolakuntzaren aurkako jazarpena
IDarte eskolako zuzendaritzaren jarrera ere salatu dute, kanpainari ekin ziotenetik kartelak kentzea eta deslegitimatzen saiatzea egotzita. Gainera, ikasle asanbladako kide baten “atzean” ibili direla ere argudiatu dute, “intimidaziozko jarrerekin eta presioa eginez bertan behera geratu dadin kanpaina bera”.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!