Proiektu txikitzaileen aurkako apustuan berretsi dira ehunka lagun Gasteizen
Hauteskunde-kanpaina erdian AHT-k sortuko dituen kalteak mahaiaren gainean jarri nahi izan dituzte ehunka lagunek Gasteizko manifestazioan. Tren sozialaren aldeko hautua egin dute Araba osotik etorritako lagunek.
Hauteskunde-kanpainaren ekuatorean eta Gasteizko biztanleriaren zati handi bat Final Four saskibaloi txapelketari begira dagoen bitartea, Araba osotik eta Nafarroako zenbait eskualdeetatik etorritako ehunka lagun bildu dira maiatzaren 18an hiriburuan. Helburua, argia: zenbait eskualde kaltetuko dituen AHT-ren proiektua agenda erdian jartzea, tren sozialaren aldeko apostua berretsiz.
40 traktorek ireki dute ibilbidea. Atzean, eta Gasteiz erdialdea segurtasun neurri handiekin blokeatuta dagoen bitartean, Trenari Bai. Aht-rik Ez! irakur zitekeen pankarta. Atxikimendu ugari izan ditu San Anton plazatik atera den manifestazioak: Lautadako Udal eta Kontzeju guztiak, Zanbrana, Lantaron, Manzanos, ELA; LAB, ESK, STEILAS, UAGA, Arabako Emakumeen Asanblada, Arabako Pentsionistak lanean, Gazte Mugimendua, Berriztu, Klimaren Aldeko Mugimendua, Gasteizko 10 auzo-elkarte baino gehiago…
“Proiektu guztiak hasi gabe daude eta garaiz gabiltza gelditzeko”, azpimarratu dute deitzaileek. Manifestazioa hauteskunde kanpainaren erdian kokatzearen arrazoia nahita egindakoa dela azaldu dute, “funtsezkoa iruditzen zaigulako gai hau kanpainaren erdian egotea eta Araban eraiki nahi dituzten proiektuei dagokienez alderdi politikoekin konpromiso bat lortzeko lanean ari gara”.
Trena bai, baina soziala eta publikoa
Urtebete igaro da Espainiako Sustapen Ministerioak Arabari zuzenean eragingo dizkioten AHTren hiru proiektu ezagutarazi zituenetik: Euskal Y Iruñarekin lotzeko asmoarekin, Arabako Lautadari eta Gasteizko ekialdeari eragingo dion azpiegitura; Burgos eta Gasteiz arteko eremuan, Arabako Haranetan eta Gasteizko mendebalean dauden eremuak kaltetuko dituena; eta, azkenik, Logroño eta Miranda arteko lineak, ondorio larriak eraginez Bastidan, Zanbranan eta Buradon Gatzagan.
Urtarrilean, Gasteizen AHT-a sartzeko proiektua aurkeztu zen, udalerriko 14,3 kilometrotan eragina izango duena, hauetatik 3,6 kilometro lur azpian eraikiz. Besteen artean, inpaktu handia izango luke Krispiña, Zabalgana, Ali, Borinbizkarra, Salburua, Arkaiate, Arkaia, Arkauti, Ilarraza, Jungitu eta Zurbaon. Proiektu berdinean, lau errailetako bide bat aurreikusten da, hiri erdian.
Aurrekontua ere ez da makala: 4.500 eta 6.000 milioi euro inguru proiektu hauek egiteko. Hau, beti obra hauek izaten dituzten gainkostuak kontuan hartu gabe.
Manifestazioaren sustatzaileek argi dute: tren publiko eta sozialaren aldekoak dira. Maiztasunak handitu daitezela eta egungo azpiegiturak egokitu daitezela eskatzen dute, hirugarren haria ezarriz (Astigarragan eta Irunen egiten ari diren moduan).
Europako Garraio Batzordeak baieztatu du Espainiako Estatuan, abiadura handia ez dela bateragarria salgaien garraioarekin. Halaber, Europako Kontuen Auzitegiak dio AHTren linea berriak gainkostu eta atzerapen larriak jasaten ari direla.
Eusko Jaurlaritzak egindako ikerketa baten arabera hiriburuen arteko joan-etorriak %1 baino gutxiago dira eta, Estatu Frantsesean, abiadura handiko trenetan egiten diren bidaien estatistikek erakusten dute errenta handia duten pertsonek erabiltzen dutela tren mota hau.
¿Quieres apoyar a Hala Bedi?
En Hala Bedi construimos un proyecto comunicativo libre, comunitario y transformador. En el día a día, cientos de personas participamos en este proyecto, observando la realidad que nos afecta y tratando de transformarla junto a los movimientos populares.
Nuestros contenidos son libres porque nadie nos dicta qué podemos publicar y qué no. Y porque difundimos estos contenidos de forma libre y gratuita, con el objetivo de difundir, compartir y transformar.
Sin halabelarris, las socias y socios que apoyan económicamente a Hala Bedi, esto no sería posible. ¡Hazte halabelarri y apoya a Hala Bedi!