[ARGAZKI GALERIA] Ertzaintzak Alde Zaharreko Korda espazioa desalojatu du
Polizia Kordan gaua pasatu duten kideen aurka oldartu da. Kide bat atxilotu eta beste hamaika identifikatu dituzte. Gogor oldartu da polizia Kordako kideen aurka eta kide bati sudurra apurtu diote. Gaur arratsaldean mobilizatzera deitu dute 19:00tan Faroloian.
Apirilean jakin zuten Korda espazioko kideek desalojo arriskuan zeudela. Bart gauean, Korda espazioko desalojoaren eguna heldu eta gutxira, polizia operatibo handi batek hartu du Alde Zaharreko Pintore kalea. Gau luzea izan da barruan erresistentzia egiten aritu diren lagunentzat baita kanpoan babesa adierazateko bildu direnentzat. Gau osoan zehar izan dute Pintore kalea itxita ertzainek, eta goizeko 10:00ak aldera hasi dira barruan zeuden kideak bortxaz kanporatzen.
Karga gogor artean gauzatu da Gasteizko Udalak eta 21 Zabalguneak agindu zuten desalojoa. Korda barruan zeuden 11 lagun identifikatu eta ostikoka gogor jipoitu dituzte poliziek. Beste lagun bat atxilotu dute. Atxilotuari bekaina eta sudurra hautsi dizkiote eta Hala Bedik jakin duenez furgoi polizialean eraman dute ospitalera.
Manifestazioa arratsaldean
Kordako kideak eta babesa erakustera joan diren lagunak Hala Bediko kantoitik, Santa Ana kantoira mugitzeko deia egin dute orain. Horretaz gain, mobilizatzera deitu dute gaur arratsaldean 19:00tan Faroloian.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!