Urduñatik igaro zen PKK-ko gerrillari alemaniarra
Kurdistango Langileen Alderdiak jakinarazi du 2018. urtearen azken egunetan gerrillari alemaniar bat hil zela bere alde borrokatzen. Gazte iraultzaile horren ibilbide militanteak Urduñara eraman zuen 2013an, bertan egin zen Gazte Danbadara. through Aiaraldea.eus
Abuztuaren amaieran PKK-k zabaldu zuen Bager Nujiyan gerrillaria Medyan (Irakeko Kurdistanean) hil zela hegazkin turkiarren bonbardaketen ondorioz. Alderdiko kidearen benetako izena Michael Panser zen, jatorriz alemaniarra.
14 urte zituenean hasi zen antifaxismoan eta mugimendu ezkertiarretan lanean. Munduko erakunde, praktika eta ideia eraldatzaileak ezagutzeko Chiapasen, Kolonbian, Nikaraguan edota Venezuelan ibili zen, eta horregatik gazteleraz ondo hitz egiten zuen.
2012an Kurdistango Askapenerako Mugimenduarekin hasi zuen harremana eta 2013an Alemaniatik atera eta Urduñara etorri zen, Gazte Danbadan sinadurak jasotzeko Abdullah Öcallan buruzagi kurdu espetxeratuaren askatasunaren alde.
Danbadako antolatzaileek gogoratu dute Michael Alemaniatik etorri zela autostopa egiten beste kide batekin, YXK ikasle mugimendu kurdu europarra ordezkatzeko: “Danbada hasi baino lehen agertu ziren eta kanpalekua prestatzen lagundu zuten” azaldu du nazioarteko ordezkaritzekin lanean aritu zen lagun batek.
Zer gogoratzen zuen alemaniarrak bere egonaldiari buruz? Sirian ezagutu zuen euskaldun bati aipatu zion bitxia izan zela bere egonaldia Urduñan. Izan ere, jende askok ez zuen Öcallan ezagutzen, baina bere askatasunaren alde sinatu zuten hala ere.
2015ean Michael Panserrek armak hartu zituen lehenengo aldiz Kurdistanen herri yazidia defendatzeko Estatu Islamikoaren mehatxuaren aurrean. Berez, aurreko udan Daexak gutxiengo etniko horren milaka lagun hil egin zituen, eta milaka emakume eta ume ere bahitu. Emakumezkoen kasuetan, saltzeko eta esklabo sexualak bihurtzeko atxiki zituzten.
2017an alemaniarra PKKra batu zen eta Medyako defentsa gunean erail zuen armada turkiarrak geroago. Berez, Turkiak hegoaldeko Kurdistana -Iraken- hainbat militarrekin inbaditu du PKKren aurka borrokatzeko. Hegazkinen bonbardaketek 2018ko abenduaren 14an hil zuten Michael, baina, argitu ez duten arrazoiak direla medio, duela gutxi arte ez dute jakinarazi bere kideek informazioa.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!