Denboraldi berriko programazioa aurkeztu du Hala Bedik, lau irratsaio berrirekin
Pasa den larunbatean aurkeztu du Hala Bedi irratiak 2023/2024 edizioko programazioa. Edizio berri honetan, lau irratsaio berri izango ditu parrillan. Guztira, 33 irratsaio propio aurkeztu ditu irratiak, horietako 13 euskaraz.
Hala Bedi irratiak denboraldi berriko programazioa aurkeztu zuen larunbatean. Goizean irratsaio berrietako lagunekin zuzeneko saio berezia egin zuten Hala Bedi tabernatik eta parrilla berria inauguratu zuten. Arratsaldean, Gaztetxera igo eta Gala Bedi jaia ospatu zuten dozenaka lagunek, irratiaren 40. urteurrena ospatzeko. “Hala Bedi 40 urte, gure patatik zuenera” proiektatu zuten Gaztetxean, irratiko egungo kideen artean egindako “dokumental faltsua”. Eguna bukatzeko, kontzertu eta musika jartzaileek girotu zuten gaua.
33 irratsaio propio, 4 berri
Ogi beltza, Besos txao, Tarteka eta aRabazan edo ez bazan dute izena edizio honetan hasiko diren irratsaio berriek. Azken hori ahozkotasuneren inguruko irratsaioa da, arabako ipuin kontalariek egingo dute, narratzearen arteaz eta ipuinen sinbologiaz jardun eta beste kontalarien esperientziak kontatuz. Ogi beltza, berriz, aktualitateari buruzko programa izango da, elkarrizketa eta mologo bidez jorratua. Literatura eta mamarratxeoa uztartuko ditu Besos txao saioak, margenetatik betiere. Bukatzeko, arte garaikidea izango du hizpide Tarteka programak eta elkarrizketak egingo dizkiete sortzaile eta artistei.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!