Datorren urteko maiatzean ospatuko dute Mamarru Fest festibala
Maiatzaren 8, 9 eta 10ean ospatu behar zen Mamaru Fest-a Errekaleor Auzo Askean. Covid-19ak sortutako egoerak, ordea, urte bete atzeratu du "identitate disidenteen" festibala, 2021eko maiatzean izango baita.
Oholtzak irauli eta identitate disidenteak lehen lerroan jartzeko helburuarekin hasi ziren Mamarru Fest-aren antolakuntzak. Maiatzaren 8, 9 eta 10ean ospatu behar zen festibala Errekaleor Auzo Askean baina Covid-19ak sortutako alarma egoeraren ondorioz festibala ospatzea bideragarria ez zela ondorioztatu zuten antolakuntzatik.
Jaialdia datorren urteko maiatzean ospatzea erabaki dute eta dagoeneko hasi dira hori gauzatzeko lanetan. Antolakuntzako kideek azpimarratu dute orain arteko lan guztia ez dela alferrikakoa izan: “asko ikasi dugu bidetik eta asko dugu ikasteko”. Gogotsu ekin diote festibalaren data berrirako bideari, elkarrekin lan eginez eta elkar babestuz gaur egun bizi den egoerari aurre egiteko ziurtasunez.
Hain zuzen, “alarma egoerak” sortutako egoeraren gaineko kezka azaleratzeko ere baliatu nahi zian dute jaialdiaren data berriaren iragarpena: “Alarma egoera honek zalantza, beldur eta pentsamendu asko sortarazi dizkigu; gure osasuna kolokan ikusi dugulako, errepresio polizialaren gorakada, jendearen artean sortu izan den mesfidantza…” Egoera honen aurrean “plazak, jauergiak, eszenatokiak, kaleak… gureak direla inoiz baino ozenago” aldarrikatzeko unea dela azaldu dute Mamarru Fest-ako kideek.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!