Dozenaka lagun elkartu dira Gasteizen “begirada kritiko bat” emateko Jaurlaritza Elkanoz zabaltzen ari den “historia ofizialaren” aurrean
Jai egun izendatu du Eusko Jaurlaritzak irailaren 6a, Juan Sebastian Elkanok munduari buelta eman zionetik 500 urte igaro direla omentzeko. Gora Euskal Herria Dekoloniala herri ekimenak elkarretaratzea egin du Gasteizen, "ikuspegi kritiko eta eraikitzaile bat" zabaltze aldera.
“Elkano eguna” izendatu du Eusko Jaurlaritzak irailaren 6a eta jai eguna izan da Euskal Autonomia Erkidegoan. Duela 500 Juan Sebastian Elkanok munduari emandako bira ospatzeko ezarritako jai egunak kontrako gogoeta eta iritziak eragin ditu. Horien artean, Gora Euskal Herria Dekoloniala herri ekimena sortu dute Gasteizen eta plataforma horrek berak deitutako protestan dozenaka lagun elkartu dira gaur General Loma plazan.
“Begirada kritiko bat eskaini nahi dugu Eusko Jaurlaritzak zabaldutako historia ofizialaren aurrean” adierazi dute herri ekimenaren bultzatzaileek.
Salatu dutenez onartu beharra dago egun “onarpen sozial zabala duten pertsonai historiko askok Europak 500 urtez gauzatu duen kolonizazio prozesuan izan duten ardura”. Izan ere, “Europak koloniak ezarri eta kapitalismoari bide ematen zion bitartean, Amerika, Afrika eta Asiako hainbat zibilizazio ezabatu eta beraien herriak esklabizatu, ustiatu eta sarraskitu izan ziren Kristauen Jaungoikoaren izenean”.
Pertsona horiek kolonizazio prozesuetan, esklabutzan eta lurraldeen zapalkuntzan izan zuten papera jarri nahi izan dute mahai gainean. Horretarako Hegoalde globaleko pentsalari ugarik landutako Dekolonitatearen teoria ekarri dute gogora, “historia ofizialaren aurrean begirada kritiko zorrotz bat eskaini eta pribilegio zuriez ohartarazten” duena.
Bildutako pertsonen aurrean “euskaldunok ere herri zapaldu baten parte izanik enpatiarako eta elkartasunerako” deia egin dute antolatzaileek eta horretarako “gure historia eta geroa ikuspegi kritiko batetik birplanteatzeko” beharra azpimarratu dute.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!