Bira ekofeminista Araban
Interes politikoen entzurgor jarraia lurraren herri defentsari
Oraingoan Arabaren txanda da. Euskal Herriko mugimendu ekofeministak zazpigarren alaba aukeratu du bere azkenengo topaketak gauzatzeko. Xedea eskualdeko kasuistika aztertzea izan da, dagoeneko abian dauden makroproiektuak zein eraikitzeke daudenak miatzeko, horrela bertoko borrokak denon mapan koka ditzagun.
Aramaioko borroka nekaezina

Biraren lehenengo geldialdia Ibarran izan da. Beroketa ariketa gorena. Aramaixoko Mugimendu Feminista-ko kideak lagun, lurraren defentsa eta lurrak lantzen duenaren inguruko hausnarketara hurbilketa egin da. Teoriaren errepaso sakona ere egon da: ustiapen modelo kapitalista zapalkuntzan oinarritutako dinamiken bidez gauzatzen da, sistemak aurrera egiteko. Horren aurka, disidentzien batuketak indartsu egiten gaituela gogoratu dugu, modelo dekolonialak eta desazkunde prozesuak garatuz.
Bailaran mehatxuak badaude bai, makroeolikoak kasu. Baina arrakastaz beteriko harana dugu hau. Erresistentzia taldeak sortu dira. Kontsumo patroiak aldatzen doaz gutxinaka. Emakumeen Mundu Martxa Aramaixon gauzatu zen. Herriko Ekonomatoaren modeloaz harro daude, kanpotik etortzen dira honetaz ikasteko eta eredutzat daukate bestelako herri ugarietan. Zenbait makroproiektu geldiarazteko gai izan dira. AHTa noizko?
Labraza, txikitik eragiten

Arabako Errioxaren ekialdea izan zen bigarren geldialdia. Nafarroan kokatzen den pinudia ikusten da bertatik. Herriak bertako kontzejua bozketaz aukeratzen badu ere, Udalburua Oioneko herria da, Logroñorekin muga egiten duena, Ebro ibaiaren beste aldean. Labrazara bertaratzeko bidea zaila da, populazio murrizketa sufritu duen herri honek 100 bizilagun baino gutxiago ditu egun. “Herrian dauden etxe gehienak hutsik ditugu” eta horregatik handiagoa dirudi. Gehienetan baina, makroproiektuen aurkako banderolak ikusgai.
Herria bere historiaz harro dago: Nafarroako Koroak foru propioa aitortu izanak begietan ematen dizun distira berezi hori, zalantzarik gabe. Eusko Jaurlaritzaren Monumentu Multzoa tituluaren errekonozimendua ere gustatu zitzaien, hasieran. Ondarearen babesa bermatzea helburu duen izendapenak mugak ezarri zizkien aurrerago, nor bere etxeko teilatuan autokontsumorako eguzki plaka bat kokatzea debekatuta dute, kasu. Egun horietan energia berriztagarriak herrian zabaltzeko aukera galdua zutela uste zuten.
Aurrerago, arestian aipaturiko pinudi hartan, Nafarroako Gobernuak proiektu eolikoa egotzi eta altxatu zuen, Labrazatik ikusgai, Nafarroako herrietatik ez hainbeste. Aleppo pinua da baso horien protagonista, oso bitxia latitude horietan; izatez, ipar-mendebaldedean dagoen dentsitate handieneko area dugu hau, eta ondorioz babestuta dago. Eremu honetan, landarediaz gain, faunak ere biodibertsitatea aupatzen du. SEO Birdlife elkarteak HBBE-eremua izendatu zuten (Hegaztientzako Babes Bereziko Eremua) eta desagertzeko zorian dauden Bonelli arranoa bertaratzeko proiektua martxan dago, besteak beste.
Guzti honetaz gain, Guardia-Arabako Errioxako Kuadrillak eta Eusko Jaurlaritzak bazeukaten plan bat lurraldea are gehiago sustatu eta zaintzeko: UNESCOren aitorpena Errioxako mikroklimaren paisaia paregabearentzat. 2013an jakin genuen Gizateriaren Ondare izateko zerrendan hautagai bezala onartua zegoela. Zer gertatu zen gero? Aukeraketa politikoa.
Makroproiektu eolikoa eta paisaia berdingabeak ez dira bateragarriak, dirudienez. Naturaren babeserako arauak eta 200 metrotako haize errotak bai, ordea. Nafarroako proiektu eolikoaren jokaldia ikusi eta parea gehitu zuen EAE-ko gobernuak. Bata Labrazatik metro gutxira, 200 metroko 8 errota erraldoiren landaketarekin, eta bestea ondoko udalerrian. Dagoeneko onartua dute eraikitzeko baimena eta gainera interes publikoaren izendapena ere jaso dute. Nafarroa eta Araba bitartean ditu sustraiak proiektuak eta legez, Eusko Jaurlaritzak ezin du proiektua aurrera eraman beste Autonomia Erkidegoen gaineko erabakiak propio hartuz. Une honetan Madril sartzen da mus partidan: jokoa.
Geroztik, Labrazako Kontzejuaren borroka areagotu da, itxaropena zalantzan jarri arren. Iberdrolako trajeduna agertu zitzaion Kontzejuaren presidenteari, herrixkaren bizilagun guztien datuen eskean, Udalak ezeztatu zizkiola esanez. Araba Bizirik! medio manifestaldia egin zuten Oionen. Presioa borrokarekin bat eginez areagotu da. Azkenengo berria aurreko astekoa izan da: Justizia Auzitegi Nagusiak bigarren errekurtsoaren tramitazioa onartu du, naturan izango duen talka ikertzen duen txosten egokiaren falta egotzita. Arabako Mendiak Askek lagunduta aurrera eramaten ari diren auzia da hau. Zatitan eraikitzea estrategia izan ahal dela uste da, naturari kalteak balioztatzeko txosten desberdinak aurkeztu eta onespena jasotzea errazagoa izan daitekeelako, kaltea ez baita osorik aurkezten. Parez pare eraikitzen diren proiektu puxketaz edo muga administratiboetaz hitz egiozu Amalurrari.
Tuesta: “Con T de tomate”
Tomate sasia klima subtropikal edo klima bero-epelekoa daukagu. 20 eta 30 gradu arteko tenperatura da hazteko optimoena, eta gure baratze euskaldunetan ez bezala, uzta iraunkorra eskaintzen duen landarea da haren jatorrizko kliman. Arabako toki hotzenetarikoa da Añanako Kuadrilla. Hirugarren eta azken geldialdian, dagoeneko abian dagoen makroproiektu honek izan gintuen atean.
5 hektarea hartzen ditu negutegi honek. 20 hektareako lursaila daukate permutan eta guztia eraikitzeko ideia bazegoen. Monolaborantza hidroponikoa ez da nekazaritza. Industria da. Horregatik dago poligono industrial batean, eta ez lursail emankor batean edo herrian bertan. Ondorioz bertan sortzen diren tomateak jateko egokiak baino ez dira, benetako elikagaiak ez bezala. Likopenoa, antioxidatzaileak eta bestelako elikagai iturri diren sustantziak ez dira neurtzen produktu bat saldu ahal izateko, baina jakin badakigu tomateak bere azkenengo heltze astean sortzen dituela hauek, landarean. Tuestan berogailuak eta lanparak dituzte, kolore arrosadun argia igortzen dutenak gauez, kutsadura luminikoa sortuz. Añanaldean dagoen nekazaritza lehorrekoa da, ur gutxi dago. Urak tratamendu astuna eta nutriente artifizialak dauzka intsumo gisa negutegian; halere aurrera egiten dute makroproiektu honetan. Hidroponia ez da beharbada berria Euskadin, makroankerkeria mota hau berriz bai.
Dena aurka daukan proiektu hau aurrera eramateko, aktore desberdinak batu dira. Eroski alde batetik: kooperatibak salduko ditu tomate guzti hauek. Malagako plastikozko-itsasoaren bultzatzaileetako baten (Hispalux) Eusko Jaurlaritzaren diru laguntzen gosea bestetik: Cultivos Araba izena eman zion filial berriari. Bertako alkateak eta Aldundiak proiektu berria eskualdeak behar duen pizkundearen salbatzailetzat hartu du: %0ko langabeziaz aritu ziren. Lanbide laguntzaile bat izan zen: bertakoak baino ez zituen hartu hidroponian ad hoc sortu zuen kurtsoan ikasteko, haietako askok negutegian lana lortuko zutelakoan. Azkenik Eusko Jaurlaritzaren rola: 4,7 milioi euroko laguntza publikoak onartu eta banatu zituen.
Gaur egungo egoera eta egiten ahalegindutakoa ez datoz bat, inoren harridurarako. Eskualdetik kanpoko hogei lanpostu sortu dira baldintza kaxkarrekin eta sortzen diren tomate tonen datuak ez daude eskuragai. Eroskin tomateak erosiz gero Cultivos Araba irakurri daiteke, eta tomatearen jatorria ere bai. Batzuetan “Tuesta-Araba” irakurtzen da, beste batzuetan “Portugal”.
Haizea nolanahi, alkatearen -ospetsu egin zen- esaldi hark lehen baino auzo-lotsa handiagoa eragiten du orain: “Ahora Tuesta se va a escribir con T de tomate”. Enpresak ez du erantzunik ematen Portugaleko tomate portzentajea zein den galdetzen zaionean.
Nekropolitikak eta etorkizuna
Azken egonaldia Añanako Kuadrillan begi irekitzailea izan zen modu sakonean. Euskal Autonomia Erkidegoan populazio gutxien duen bigarren eskualdea da Añana, eta zaharkitua dago gehien bat. Baliabide publiko gutxi izateaz gain industria kimiko kutsakor ugariduneko tokia da. EAEko kartzelarik handiena bertan dago, Arabako bizi-nukleo handienetarikoa, hau da, bertako herri gehienetan baino jende gehiago bizi dela kartzelan. Proiektu makro fotovoltaiko eta eolikoen menpe dagoen kuadrilla da, are gehiago orain, PTS berrien menpe. Garoñako zentral nuklearraren gertutasuna. Datu zentroen makroproiektuen etorkizun iluna. Negutegia egoeraren gainean jartzeko gerezitxoa zen bakarrik. Nekropolitika astunen sostengua izan den eta izaten ari den lurra da. Labrazako ingurua izan daiteke titulu honen kide laster (eta egungo egoeran ia edozein herri, baserri edota landa eremu).
Lana erakartzearen ideia, erabaki aurrerakoiak direla esatea, guztion onerakoa dela pentsatzea eta bestelako arrazonamenduak tresna eraginkorrak izan dira herri desberdinetako lagunak alde ipintzeko. Gutxitan egiten da zoom out eta ebaluazio kolektiboa burutu. Bada garaia ariketa xalo hau aurrera eramateko nazio mailan. Kasu guztietan dauden osagaiak berdintsuak dira, eta kasu guztietan txikitik eraikitzea hobesten dute herritarrek. Gure esku proposamen gehiago ernaltzea herrien automantenimendua burutzeko, behetik hasten den partizipazioaren bitartez, eta ez goitik inposatzen diren ereduak pairatzen. Baina Tuestako negutegiari emandako milioiekin bakarrik Araban ekolaborantzara trantsizioa egiteko nahikoa izango genuke. Gaitsezpena beharrezkoa da guztiz, baita proposamen berriak eta hauek kolektiboki aurrera eramatea ere.
Araba Bizirik! eskualdeka antolatuta dago, gertutasuna eta lurraldearen ezagutza ezinbestekoa delako. Mugimendu eta elkarte desberdinak borborka dihardute egungo Euskal Herriko lurraren defentsaren panoraman. Argi dago lurraldea denona dela, denon ardura da beraz defendatzea eta berreskuratzea.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!
