Bertan behera utzi dute greba gizarte etxeetako langileek
Apirileko nominak kobratu dituzte langileek, eta behin behinean lanean hasi dira. through Alea.eus
Langileekin duen zorra kitatzen hasi da Disport Eki; eta, horrenbestez, lanera itzuli dira gaur Aguraingo eta Gasteizko gizarte etxeetako sorosleak, kantxeroak eta monitoreak. Hori bai, langileek batzarrean adostu duten bezala, hilabete bakoitzean grebaren aurreabisua sartuko dute, Disport Ekik hilaren 7a baino lehen soldatak ordaindu ez baditu.
“Ez dugu zalantzarik hau dela hemendik aurrera jarraitu beharreko bidea, bereziki datozen hilabeteetan, sektoreko hitzarmenaren negoziazioak irekita jarraitzen duen neurrian. Alde horretatik, argi dugu eskatzen duguna oinarrizkoa dela, eta merezi dugun errespetua lortzeko modua enpresak legea hautsi nahi duen bakoitzean antolatzea eta mobilizatzea dela”, esan dute langileek.
Disport Ekiko enpresa batzordeak gogoratu du nominak ordaintzeko orduan atzerapenak “etengabeak” direla; eta administrazioek egoera horren aurrean duten jarrera salatu dute: “Ez dugu ulertzen Araban zenbait erakundek azpikontratatutako enpresa batek hitzarmena behin eta berriz urratzea. Ez dute inolako zigorrik jasotzen; horrez gain, lehiaketa publiko gehiagorekin saritzen dituzte”, azpimarratu dute. Enpresak eta administrazioek ardura bata besteari leporatzen diotela salatu dute langileek.
Arazoak, bestalde, aspalditik datozela azaldu du enpresa batzordeak. “Enpresaren historiala ikusita, bagenekien gatazkaz eta arazoz betetako urtea izango zela urte hau. Azken bi urteetan, enpresa batzordeak hamar salaketa baino gehiago jarri ditu lan ikuskaritzan, baina arazoa ez da konpondu; beraz, beste bide batzuk bilatu behar izan dira”.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!