Asteazkenean hasiko da Iraultza Txikien Akanpada Izarran
Uztailaren 19tik 23ra antolatu dute, Izarran. Dagoeneko aurkeztu dute egitaraua, hitzaldi, tailer eta kultur emanaldi ugariz osatua. Indarrak metatzeko deia zabaldu dute.
2018an izan zen Iraultza Txikien Akanpadaren (ITA) lehen edizioa Zubietan, Gipuzkoan, eta Artea herri bizkaitarrean bigarrena 2021ean. Hirugarren ITAren antolatzaileek Izarrara eraman nahi izan dute aurten, «landa eremuari eta herriko txikitasunari» garrantzia emateko. Lehen aldiz ospatuko da Araban, eta atzo egin zuten aurkezpena Izarran bertan. Euskal Herriko herri mugimenduen eta borroken arteko saretzea bilatzen du ITAk, eta horretarako antolatu dituzte uztailaren 19tik 23ra «hitzaldiak, tailerrak, kontzertuak, jolasak, bazkalosteko tarte goxoak, auzolanak, konplizitateak…»
Izarrako Ostuño parkean ospatuko da aurtengo Iraultza Txikien Akanpada eta «eremu eder eta lasai hori merezi duen mimoarekin» zaintzeko dei egin dute antolatzaileek. Azaldu dute laster zabalduko dela izena emateko aukera ita.eus web orrian. Bitartean, egitarau osoa eskuragarri dago jadanik. 30 hitzaldi eta tailer ezberdinak antolatu dituzte, «XXI. mendeko independentismoa», «Herri mugimenduen estrategia politikoak eztabaidan», «Nork zelatatzen du polizia», «Euskalgintza, limurtzetik konfrontaziora», «Feminismoa beti izan da transinklusiboa», dantza tailerra eta beste asko.
Hemen ikus dezakezue egitarau osoa:
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!