Arrazakeriaren aurka “fronte” bat osatzeko dei bateratua
Martxoaren 21ean, Arrazakeriaren Kontrako Nazioarteko Egunean, manifestazioa egin dute ehundaka lagunek Gasteizen, Arrazakeriaren Kontrako Plataformak deituta. Aste osorako ekimen gehiago deitu dituzte.
Arrazakeriaren Kontrako Nazioarteko Egunaren harira, Aldabe Gizarte-etxetik abiatu dira, aste osoko dinamika baten baitan antolatutako mobilizazioan. Arrazakeriari planto, eskubide berdinak lelopean, Arrazakeriaren Kontrako Gasteizko Plataformak deituta, beste hainbat eragilerekin batera atera dira kalean, tartean, Goian, CEAR edo Sareak Josten.
Amaierako ekitaldian, arrazakeriaren aurkako “fronte” bat osatzeko deia egin dute. Besteak beste, faxismoari aurre egitera eta errefuxiatu zein migratzaileen eskubideak errespetatzera deitu dute. Azkenik, gogoan izan dituzte Zelanda Berrian faxismoak erahildako lagunak, eta minutuko isilunea gorde dute hauen omenez.
Hala ere, astea ez da manifestazioarekin amaitu: ostiralean kirol-ekintzak egongo dira 17:00etatik aurrera Landatxon eta larunbatean, 17:00etatik aurrera, jaialdia Correos plazan, tailer ezberdinekin, kontzertuekin (Codigo Habana eta Kultura Reggae Band) eta flashmob batekin.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!