Alokabidek familia bat etxegabetu du
Gaur goizean Alokabidek familia zaurgarri bat etxegabetu du Salburuan. Etxebizitza Sindikatu Sozialistak desalojoaren kontra mobilizatu da eta Ertzaintzak manifestarien kontra oldartu da.
Alokabidek indarkeria matxista jasan duen emakume bat eta bere bi alabak bota ditu bere etxetik gaur Salburua auzoan. Eguerdiko 12:30etan zegoen ezarrita desalojoa. Dispositibo poliziala oso handia izan da; etxegabetzea baino bi ordu lehenago, Ertzaintzak Tony Morrison kalea itxi du, eta etxegabetutako familiaren eraikinera sartu da polizia.
Gasteizko Etxebizitza Sindikatu Sozialista kaleratzearen kontra mobilizatu da. 12etan hamarnaka lagun elkartu dira polizia lerroaren beste aldean. Ertzaintza protestan ari zirenen kontra modu bortitzean oldartu da, pertsona bat lurrera botaz. Gutxienez, zazpi pertsona identifikatu ditu poliziak. 13:00ak aldera gauzatu da desalojoa.
Sindikatuak instituzio publikoen jokabidea salatu du. Etxebizitza Sindikatuaren ustez, instituzio publikoek jabe pribatuen mekanismo eta logika berdinak erabiltzen dituzte, eta errentagarritasuna lehenesten dute zaurgarrienen ongizatearen aurretik. Azaldu dutenez, Eusko Jaurlaritzaren menpekoa den Alokabide sozietateak 34 etxegabetze prozedura jarri zituen martxan 2024an Araban, eta Gasteizen hamalau desalojo gauzatu zituen. Gaurko desalojoa aipatutako logikaren beste adibidea dela adierazi du sindikatuak
Gaurko etxegabetzetik metro eskasetara egon ziren joan den astean Maider Etxeberria alkatea eta Denis Itxaso etxebizitza sailburua. Alokabidek kudeatuko dituen 225 etxebizitza berriren eraikuntza aurkeztu zuten, eta alternatiba duinak eskaintzeko daukaten “betebeharra eta konpromisoa” berrestu zuten. Kontrara, gaur zaurgarritasun egoeran dagoen familia bat etxegabetu dute.
Kaleratutako emakumea indarkeria matxistaren biktima da. Etxebizitza Sindikatuak nabarmendu duenez, emakumeak ez du inolako laguntzarik jaso, ez etxebizitzari dagokionez ezta laguntza ekonomikorik ere. Gainera, etxegabetzeko agindua bikotekide ohiak eragindako zorrengatik izan da. “Diskurtsoan neurri aurrerakoiak eta politika feministak aldarrikatzen badituzte ere, errealitatean politikari profesionalek eta haien ardurapeko instituzioek ez dira gai langile klaseko emakumeen beharrei erantzuteko” adierazi dute sindikatuko kideek, etxe kaleratzea salatzeko elkarretaratzean. Jakinarazi dutenez, gizarte zerbitzuek ez diote bizitoki alternatibarik eskeini familiari.
Etxebizitza Sindikatu Sozialistak etxegabetze guztiei aurre egitea beharrezkotzat jo du, “nork gauzatzen dituen kontuan hartu gabe”, eta pertsona guztientzako etxebizitza sarbide unibertsala, doakoa eta kalitatezkoa bermatuko duen etxebizitza sistema baten alde borrokatzeko deia luzatu du.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!
¿Quieres apoyar a Hala Bedi?
En Hala Bedi construimos un proyecto comunicativo libre, comunitario y transformador. En el día a día, cientos de personas participamos en este proyecto, observando la realidad que nos afecta y tratando de transformarla junto a los movimientos populares.
Nuestros contenidos son libres porque nadie nos dicta qué podemos publicar y qué no. Y porque difundimos estos contenidos de forma libre y gratuita, con el objetivo de difundir, compartir y transformar.
Sin halabelarris, las socias y socios que apoyan económicamente a Hala Bedi, esto no sería posible. ¡Hazte halabelarri y apoya a Hala Bedi!
