Unibertsitateko sarreran kateatu dira neska* ikasleak autodefentsa feminista aldarrikatzeko
Indarkeria sexistaren aurkako nazioarteko egunaren baitan ekimena burutu dute Gasteizko Unibertsitateko neska* ikasleek Elurretako sarreran kateatuz. Arabako beste hainbat tokitan ekimenak egin dira ere, arratsalderako mobilizazio gehiago daude antolatuta.
Sistema heteropatriarkal kapitalistak sortzen duen biolentziari aurre egiteko ekimena burutu dute gaur goizean Gasteizko Unibertsitateko neska* ikasleek. Indarkeria sexistaren aurkako nazioarteko egunarekin bat eginez Elurretako sarreran kateatu dira sarbidea eragotziz.
Hezkuntza sistema ere sistemaren zapalkuntzak indartzeko tresna dela ulertuta atera dira kalera. Egunero unibertsitate ereduak eraginda pairatzen dituzten zapalkuntzak salatu dituzte: Generoaren arabera diseinatutako ikasketak, ikasgeletan etengabe erreproduzitzen diren genero-rolak, ikasgaietako edukietan eta elite akademikoetan gizonezkoen aurpegiak agertzea…
Arabako beste hainbat tokitan ere egin dituzte ekimenak. Amurrioko Zaraobe ikastetxeko atea blokeatu dute Otsemeak talde feministako kideek eta gaur arratsaldean Amurrioko enparantzan egingo duten elkarretaratzera batzeko deia luzatu dute.
Zuen biolentzei GUK AUTODEFENTSA FEMINISTA! 🔥
GAUR arratsaldeko 18.30etan enparantzan! Neska* gazteok autodefentsa feministaz armatuta gaude!! pic.twitter.com/BMskfuHymT— OTSEMEAK! (@Otsemeak) November 25, 2019
Gasteizko neska* gazteek ere bat egin dute azaroaren 25eko mobilizazioekin eta bi hitzordu jarri dituzte, biolentziak desnormalizatu eta hauei autodefentsa feministaz erantzuteko. Lehenengo zita 16:15etan jarri dute martxoak 3 plazan. Ostean, 18:45etan neska* gazte blokea abiatuko da Gaztetxetik mugimendu feministak deitutako manifestaziora batzeko.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!