Mozal Legea ezarri dio Gasteizko Udaltzaingoak emakume bati, komisaldegian izandako elkarrizketa baten ondorioz
Emakume batek bere semeari bizikleta lapurtu ziotenean behar bezalako tratua ez zuela jaso leporatu zien poliziei eta ostean jarri zioten isuna. Sindikoak Udaltzaingoaren jarrera salatu du.
Urriaren 12an, Gasteizko Udaltzaingoak hainbat herritar mehatxatu zituela kontatu genuen Hala Bedin. “Agur 78” ekimenaren baitan, hainbat gazte identifikatu zituzten Udaltzainek, haietako asko komisaldegira eramanez.
Baina ez da lehenengo adibidea. Eta badirudi ere ez dela azkena izango. Oraingoan, Agirrelandako komisaldegian bertan izandako elkarrizketa baten ondorioz ezarri nahi diote Mozal Legea emakume bati.
2016ra begira jarri behar gara kasua ulertzeko. Urte horretako abenduaren 3an, bizikleta bat lapurtu zioten gazte bati Gasteizen. Hurrengo egunean, gaztearen ama komisaldegira joan zen salaketa jartzera. Ez zioten salaketa onartu: “Bueltatu beste egun batean”, esan zioten poliziek. “Polizia gutxi gaude eta lanpetuta“, horrela justifikatu zuten euren burua.
Baina kontua ez zen hor gelditu. Emakumea komisaldegira sartu zen errieta egiteko poliziei: “Cómo podéis tener las espaldas tan anchas”, leporatu zien udaltzainei. NAN-a eskatu zioten, datuak hartu eta berriz itzuli zioten. Emakumeak idatzitakoaren kopia eskatu zuen. Udaltzainek, aldiz, ez zioten eman.
Abenduaren 16an, salaketa bat jarri zuen emakumeak, jasotako tratu txarra azpimarratuz. Egun batzuk lehenago, Udaltzaingoaren arduradunetako batek dei egin zion emakumeari, barkamena eskatzeko.
Baina badirudi ez zuela ezertarako balio izan. 200€-ko isuna iritsi zaio emakumeari, Mozal Legea aplikatuz. “Autoritateari errespetu falta” egotzi diote.
Sindikoak, Gasteizko Herritarren Defendatzaileak, isun hau salatu du, emakumearen bertsioari zilegitasuna emanez. Herritarren Segurtasunerako Legea ez dela betetzen leporatu dio Sindikoak Udaltzaingoari.
Gasteizko Udalaren gehiengoa Mozal legearen aurka agertu zen 2015eko uztailaren 31n. Legea bertan behera uztea, ez aplikatzea eta hau sufritzen duten pertsonak babestea adostu zuten. Momentuz, ez dute hitza bete.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!