Trebiñuko herritarrek euskararen irakaskuntza sustatzeko berme eta neurriak eskatu dituzte
Argantzunen bildu dira familia eta herritarrak Hizkuntza Eskubideen Behatokiarekin batera Trebiñun euskaraz bizi, ikasi eta lan egin eta aisia euskaraz izateko eskubidea defendatzeko.
Prentsaurrekoa eskaini zuten atzo Trebiñuko herritarrek Hizkuntza Eskubideen Behatokiko zuzendari den Agurne Gaubekarekin batera. Bertan Espainiako Gobernuari eta Gaztela eta Leongo Administrazioei euskararen aldeko konpromisoak hartzeko eta hezkuntza euskalduna jasotzeko eskubidea errespetatzeko eskatu diete.
Herritarren hitzetan euskara Trebiñuko “berezko hizkuntza” izan arren Gaztela eta Leongo administrazioek ez dute errealitate linguistiko hori errespetatzen. Salatu dute administrazioek behin eta berriro gogorarazten dietela lurraldean euskara ez dela ofiziala eta gaineratu dute administrazioek ez diotela euskarari inongo aitortzarik ematen.
Gaztela eta Leongo Estatutuan euskarak ez du aitortzarik eta ondorioz Trebiñuko herrietan ezin da euskararen normalizaziorako erabaki edo akordiorik sinatu. Gogoratu dute 2021. urtean euskara planak martxan jartzea debekatu zutela epaitegietan.
Hezkuntza ereduari dagokionez, ikastetxe publikoan ezin da euskaraz ikasi. Haur eskolen inguruan, aipatu dute berriki pasa direla eskumenak Gaztela eta Leongo Hezkuntza Departamentura. Nahiz eta oraindik euskarak presentzia duen, eskumen aldaketaren ondorioz, euskararen presentzia ziurgabetasun une batean dagoela diote.
Hizkuntz Eskubideen Behatokiko zuzendari den Agurne Gaubekak azaldu du Espainiako gobernuak sinatua eta berretsia duela Eskualdeetako eta Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Gutuna. Horren ondorioz, Gaztela eta Leonen euskara ofiziala izan ez arren, Europako Gutunaren printzipioei jarraituz, administrazioak euskararen irakaskuntza eta erabilera sustatzeko neurriak hartzeko
betebeharra dutela esan du.
Gauzak honela, hurrengo eskaerak luzatuko dizkiete Espainiako Gobernuko Kultura Ministroari eta laster izendatuko diren Gaztela eta Leongo Kultura Politiketako zuzendariari eta Hezkuntzako kontseilariari:
- Hizkuntzen Europako Gutunean jasotakoei jarraiki, euskarari dagozkion konpromisoak hartzea.
- Trebiñuko Konderrian euskara sustatzeko ekimenak bultzatzea eta finantzatzea.
- Gaztela eta Leongo Hezkuntza Departamentuaren gestiopean geratu den Trebiñuko haur eskolan behar diren zerbitzu eta baliabide pertsonal zein material guztiak euskaraz behar bezala bermatzea.
- Euskarazko irakaskuntza aurrera eramateko oztopoak ezabatzea, eta helduen euskalduntzea bultzatzen duten ekimen eta ikastaroak bultzatzea eta laguntzea.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!
¿Quieres apoyar a Hala Bedi?
En Hala Bedi construimos un proyecto comunicativo libre, comunitario y transformador. En el día a día, cientos de personas participamos en este proyecto, observando la realidad que nos afecta y tratando de transformarla junto a los movimientos populares.
Nuestros contenidos son libres porque nadie nos dicta qué podemos publicar y qué no. Y porque difundimos estos contenidos de forma libre y gratuita, con el objetivo de difundir, compartir y transformar.
Sin halabelarris, las socias y socios que apoyan económicamente a Hala Bedi, esto no sería posible. ¡Hazte halabelarri y apoya a Hala Bedi!
