Auzolana Pilotalekuko finalak, txapelketaren parte hartzea ospatzeko
Datorren larunbatean, otsailaren 2an, Auzolana Pilotalekuan ospatu diren Txapelketaren finalak direla eta, jaialdia prestatu dute Txapa Ahotsa asanbladako kideek. Aurtengo txapelketan egondako parte hartzea “arrakastatsuarekin motibatuta”, egun osoko plangintza prestatu dute.
Auzolana Pilotalekuko pala, frontenis eta pelota Txapelketa ez da amaitu: otsailaren 2an finala eta jaialdia prestatu dute Alde Zaharreko frontoian.
“Finalak jolasteaz gain beste sorpresatxo asko izango ditugu”, adierazi dute Txapa Ahotsa asanblatik. Eguna musikaz, pikoteoz, salda beroz zein edari hotzez, zozketez… girotuak egoteaz gain, finalen artean, Goian pilota-eskolako txikien partiduak egongo dira, besteak beste.
Behin finalak amaituta poteo musikatua egongo da, Auzolana frontoitik bertatik. 15:00etan, berriz, frontoira bueltatu eta sari banaketari ekingo diote. Horren ostean, luntx bat egongo da “denok batera energiak berritzeko edo guztiz galtzen hasteko”.
“Jaialdiaren helburua, txapelketan parte hartu duten guztiek, zein Auzolana pilotalekuko erabiltzaileek orokorrean, eta azken finean, pilotaleku hau zein Gasteizko Alde Zaharra maite dugunontzako jai egun bat antolatzea da, frontoiari zein auzoari bizitza eta kolorea emanez”. Zita, mahaiaren gainean dago: larunbatean 11:00etatik aurrera Auzolana Pilotalekuan.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!