“Nik ere egin izan dut” -Oier Azkarraga-

“Nik ere egin izan dut” -Oier Azkarraga-

Azaroaren 25erako astebete falta da, egun horretan dago finkatuta emakumeenganako bortizkeriaren aurkako eguna.

Data hau hurbiltzen ari delarik, egunero entzun dezakegu emakume bat, neskatila bat, umetxoren bat… bortizki hil egin dutela. Bortxaketa bat hemen, eta han, irain bat, baita bortxatzaileren batenbaten absoluzioren bat ere: nik sinisten dizut. Egun hauetan ere “La Manada” delakoaren aurkako epaiketa martxan dago, Iruñean, San Ferminen erdian 5 gizonek emakume bat bortxatu eta abandonatu zutenekoa.

Epaiketa honetan, epaileek zer esanen zain, argi eta garbi gelditu dena da bortxaketaren kultura oso bat egon badagoela, emakumeak objektu lez erabiltzen dituen sistema oso bat, Gizonezkoon superioritate bat, mundua guretzat egina balego bezala.

Zintzoak izan gaitezen, gure buruekin bada ere, gutako zenbatek jaso dugu whatsapp bidez emakumeekiko iraingarria zen mezuren bat eta isildu egin gara? Zenbatetan egin izan diogu aurre gure kuadrilako batek egin duen txiste edo komentario matxistari? Zenbatetan jarri dugu zalantzan norbaitek kontatutako eraso baten istorioa?

Gehiago da, sakondu dezagun, zenbatetan izan gara gu txiste matxista, komentario iraingarria egin dugunak? Zenbatetan izan gara erasotzaile? Zenbatetan baboso? Astun? Zenbatetan juergan ezezkoa eman eta jarraitu dugu tinko gure saiakeran?

Nik ere egin izan dut: nik ere begiratu zaitut luzaroan, behin eta berriz, disimulorik gabe, zu deseroso sentitu zaren arte. Nik ere haragi puxka bat izango bazina bezala tratatu zaitut nire lagunen artean. Nik ere kasu gutxiago egin dizut asanblada batetan, edo zuk esandakoa errepikatu egin izan dut, altuago, merituak nireganatuz. Nik ere dudatan jarri izan dut zure kontakizuna. Nik ere zalantzan jarri izan ditut eremu ez-mistoak. Nik ere, pentsatu izan dut erradikalegia zarela, edo zure borroka ez dela lehentasun bat. Zure beldurrei muzin egin diet, zure sentimenduak baztertu, baita nireak ere, eta aurrera jarraitu dut, bioi, zuri eta niri, mina eraginez.

Nik ere, normatibizantea den heziketa eta eredu baten baitan bizi naiz, nik ere jokamolde guzti horiek nireak egin izan ditut, eta oraindik ere, askotan, nireak egiten jarraitzen ditut.

Bortizkeria ez da soilik, kolpe bat. Bortizkeria ez da ubeldura nabarmena uzten duen hori. Bortizkeria sistema oso bat da, keinu txiki guzti horiek dira bortizkeria, eta guk guztiok, horren parte gara. Aurre egiteko hamaika era daude, manifetan parte hartzea, zaintza lanen ardura guk hartzea zuek manifetan parte hartu dezazuen, oihu bat, manifestu bat, irratian tarte bat, baina guzti horiek gure bortizkeri propioaren konsziente izatetik pasatzen dira eta hori aldatzen saiatzeaz, agian Azaroaren 25aren harira hartutako minutu hauek ere sobran daudela ulertzetik. Nik, gizon batek, berriro ere protagonismoa hartu izan baitut, zurea den egun honetan.

OIER AZKARRAGA GRAJALES

Entzun
Zurine Rodriguez (Emakumeen Asanblada): “Pertsonen beharrak eta nahiak erdigunean ipiniko dituen urbanismoa behar dugu”

Zurine Rodriguez (Emakumeen Asanblada): “Pertsonen beharrak eta nahiak erdigunean ipiniko dituen urbanismoa behar dugu”

“Hiri zaintzaile baterantz. Zaintzak birpentsatzen feminismotik” lelopean, hitzaldia antolatu du Arabako Emakumeen Asanbladak urriaren 27an, Montehermoso Kulturunean. Produktibitatea eta ekonomia ardatz duen hiritik, pertsonen nahiak eta beharrak erdigunean ipiniko duen hirigintzaz jardungo dira, Blanca Valdivia Gutierrez Punt 6 kolektiboko kidearekin. Hurrengo egunean, saio praktikoa antolatu dute: bezperan jasotako Gasteizen aplikatzeko moduak aztertu, eta irizpide batzuk ezarriko dituzte, Gasteiz hiri zaintzailea izan dadin, feminismoaren ikuspegitik pentsatuta.

Entzun
Erantzun isila Gasteizen, azken erailketa matxista salatzeko

Erantzun isila Gasteizen, azken erailketa matxista salatzeko

Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxak deituta, ehunka lagun batu dira Gasteizko elkarretaratzean. Amurrion ere azken eraso matxistari erantzun zioten asteazkenean Otsemeak talde feministak deituta.

Ehunka lagun batu dira Gasteizko erdialdean azken erailketa matxista salatzeko. Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxak deituta, isilik erantzun diote azken erailketa matxistari Andra Maria Zuriaren enparantzan. Hasiera batean, manifestazioa egitea aurreikusita zegoen, baina elkarretaratzea egin da azkenik: isilik eta kandelak nagusi.

Izan ere, Gasteizko 44 urteko emakume bat erail dute aste honetan Miranda Ebron, Burgosen. Arma zuriz hil dute emakumea eta bere bikotekidea urriaren 3ko arratsaldean atxilotu zuten: 18 eta 15 urteko bi seme-alaba zituen, eta banantzeko prozesuan zegoen. 

 Gogoratu beharra dago, azken hiru astetan indarkeria matxistagatik Euskal Herrian erailtzen duten hirugarren emakumea dela hau.

Gasteizko mobilizazioaren argazkiak
Amurrion ere, kalera, azken eraso matxista salatzera

25 urteko gizonezko bat atxilotu dute Amurrion, bikotekide ohia erasotzeagatik. Otsemeak eragile feministak elkarretaratzea egin zuen asteazkenean herriko enparantzan.

Mendialdeako Lamingorriak talde feministaren “Landa-erotika” esposaketa zentsuratu dute

Mendialdeako Lamingorriak talde feministaren “Landa-erotika” esposaketa zentsuratu dute

“Erotika ulertzeko eta adierazteko” asmoa zuen talde feminitak esposaketa honekin. Maeztu eta Bernedoko eraikin publikoetan hau zentsuratu dute Udalek.

Zentsuratutako esposaketa

Mendialdeako Lamingorriak talde feministak ohar bat plazaratu behar izan du. Izan ere, azken egunetan, espazio ezberdinetan jarri dute “Landa-erotika” esposaketak polemika sortzeaz gain, hau zentsuratu dutela salatu dute. 

Euren eskualdean “emakumeen zilegizko papera erakusteko eta sozializatutako pertsonen brezko erakusleiho izango diren espazioak zabaltzeko” lan egiten duten heinean, esposaketa hau jarri zuten martxan orain dela gutxi. “Erotika ulertzeko eta adierazteko” aukera zuten esposaketa honekin eta herritar guztiek zuten bertan parte hartzeko aukera.

Eztabaida sano eta natural bat, baina, dirudienez, insituzio ezberdinek ez dute begi onez ikusi espoaketa: zentsura udal ezberdinetatik etorri da.

Zentsura, herriz herri

Maeztuko kultur-etxea, aldiz, kristalezkoa da. Txartela ez badauakzu, ezin zara barrura sartu, hori dela eta, kanpora begira jarrita zegoen. “Bat-batean, leku hartatik kendu eta azken pisuraino eraman digute”, salatu dute. Gela itxita dago eta soilik goizez ikusi daiteke esposaketa.

Bernedon baimena zuten, arazorik ez printzipioz. Jartzeko egunean, berriz, lekurik ez zegoela esan zieten taldeko kideei, azlapen gehiago eman gabe. Orokorrean, “haurren eta zaharren aitzakiak jarri dizkigute”. Bernedon eta Maeztun, udalak jarri dizkie trabak: EAJ-PNVk kudeatzen dituen Udalak dira biak ala biak.

Ulibarri Aranan, bertako emakumeekin hitz egin ostean, esposaketa ulertu zuten. Baina Urizaharrean, gizonezko baten kritika eta komentario  larriak paiaratu behar izan dituztela gogoratu dute: “Uda osoa egon dira horrela”.

Emakumeen arteko elkartasuna eta harremana, Gasteizko erdialdean erresidentzietako langileekin elkartasunez

Emakumeen arteko elkartasuna eta harremana, Gasteizko erdialdean erresidentzietako langileekin elkartasunez

Bizkaiko zahar egoitzetako langileek urriaren 31ra arte luzatu dute greba deialdia. Jada 300 egun baina gehiago egin dituzte greban, lantokiak gainditzen ari den borrokan. Emakumez osatutako mobilizazioa jendetsua egin dute Gasteizen.

Irailaren 20an Gasteizen egin duten mobilizazioan emakumeek izan dute protagonismoa “emakumeon arteko elkartasuna eta harremana indartzeko asmoz, eta gatazka honen izaera feminista indartzeko”.

ELAren arabera “Hoteletako ‘Kelly’ak, etxez etxeko zerbitzua eskaintzen duten langileak, garbitzaileak, eskoletako jangeletan lan egiten dutenak, supermerkatuetan beharrean daudenak… Horiek guztiak ere badira gatazka honen atzean inposatutako prekarietate feminizatuaren isla. Ukaezina da emakumeon lan-baldintzak hobetu behar direla, ezin zaio borroka horri bizkarra eman”, azaldu dute.

Mobilizazioan zehar mezu ezberdinak zabaldu dituzte manifestazioak aurrera egin ahala: “Ez dugu eskurik hainbeste lanerako!” edo “Emakumeak borrokan eta ez gaitu inork entzuten!” entzun dira Eusko Legebiltzarrean amaitu den manifestazioan. Bertan, “duintasuna lortu arte” borrokan jarraituko dutela esan dute langileek.

Irailaren 20an, asteazkenean, emakumez osatutako mobilizazioa Gasteizen: “Zaintzaileak zainduz, bizitzak zaindu”

Irailaren 20an, asteazkenean, emakumez osatutako mobilizazioa Gasteizen: “Zaintzaileak zainduz, bizitzak zaindu”

Bizkaiko zahar egoitzetako langileek urriaren 31 arte luzatu dute greba deialdia. Jada 300 egun baina gehiago egin dituzte greban, lantokiak gainditzen ari den borrokan. Irailaren 20an, asteazkenean, emakumez osatutako mobilizazioa deitu dute Gasteizen.

Argia.eus bidez

Mobilizazioan emakumeek soilik parte hartuko dute “emakumeon arteko elkartasuna eta harremana indartzeko asmoz, eta gatazka honen izaera feminista indartzeko”.

ELAren arabera “Hoteletako ‘Kelly’ak, etxez etxeko zerbitzua eskaintzen duten langileak, garbitzaileak, eskoletako jangeletan lan egiten dutenak, supermerkatuetan beharrean daudenak… Horiek guztiak ere badira gatazka honen atzean inposatutako prekarietate feminizatuaren isla. Ukaezina da emakumeon lan-baldintzak hobetu behar direla, ezin zaio borroka horri bizkarra eman”.

Langileek hitz egiten duten bideo ikusgarri bat egin du ELA sindikatuak, euren lan baldintzak eta pairatzen duten diskriminazioa salatzeko.

Mobilizazioaren kartela

Errekaleorreko 17 emakume auzipetu dituzte eraso sexistak salatzeagatik

Errekaleorreko 17 emakume auzipetu dituzte eraso sexistak salatzeagatik

Erasotzailearen erasoak etengabekoak izan direla salatu dute auzipetutako emakumeek. Elkarretaratzea deitu dute ostiralean, epaitegien parean.

Uztailaren 18an Errekleorren egin duten agerraldia

Orain dela sei hilabete, Errekaleor auzoko emakume batek haren aurkako lehenengo erasoak salatu zituen. Errekaleorren burututako agerraldian argitu dutenez, hasiera batean, feministek auzia sozializatu zuten, Gasteizko, Lautadako eta Mendialdeako eragile feministekin batera. 

Orduan ohartu ziren, Errekaleorrekoa ez zela kasu isolatu bat: beste hiru kasu egon ziren. Ostean, emakume talde bat erasotzailearen etxe parera joan zen, kazerolada bat burutuz, “eraso berriak ekiditeko asmoz”. Une horretan, aldiz, gizonak indar polizialak deitu zituen, “berriro ere emakumeak kriminalizatuz”.  Amaitzeko, guztia bertan behera geratuko zela zirudienean, 17 emakumeak eta erasotuetako bat judizialki salatu ditu erasotzaileak. Ostiralean deklaratu beharko dute Gasteizko epaitegietan.

Etengabeko erasoak

Auzipetutako emakumeek salatu dutenez, nahiz eta erasotzailea auzotik kanporatu, erasoak etengabekoak izan dira. “Erasotzaileak bere horretan jarraitzen du, biktima paperetik diskurtsoa zabaltzen”, azaldu dute. Gainera, erasoak modu ezberdinetan eraman ditu honek aurrera: “Sare sozialen eta telefono deien bidezko etengabeko hurbilketak izan dira; irainak, mehatxuak …”. 

Elkarretaratzea
Uztailaren 21ean, ostiralean, elkarretaratze bat deitu dute 10:30etan Gasteizko epaitegien parean; Herri Mugimenduari kontzentratzioan parte hartzeko deia luzatu diote. Izan ere, argitu dutenez, “ez da kasu isolatu bat eta erantzun kolektiboaren beharra du eraso honek”.

Autodefentsa feministarekin erantzun zioten Adurtzako jaietako eraso matxista bati

Autodefentsa feministarekin erantzun zioten Adurtzako jaietako eraso matxista bati

“Lotsatua, nazkatuta eta oso haserre” daude Jai Batzordeko kideak. Eskerrak eman dizkiote Gasteizko Mugimendu Feministari.

Feministok Prest mobilizazioa Gasteizen

Pozik agertu dira Adurtzako Jai Batzordeko kideak iragan astebururan ospatu zituzten jaiekin. Hala ere, “lotsatua, nazkatuta eta oso haserre” daudela adierazi dute: emakume bat erasotu zuten jaietan. Honen aurrean, Adurtzako Jai Batzordetik erasotutako emakumeari babes osoa helarazi nahi izan diote. Gainera, zenbait galdera luzatu dituzte: “Noiz arte bizi beharko ditugu horrelako gertakariak? Noiz arte ezingo ditugu jaiak modu askean bizi?”.

Jai giroan, alkoholaren eraginez, pertsona batzuek edozertarako eskubidea dutela uste dutela”, salatu dute. Honen aurrean, ez direla albo batera begira geratuko azpimarratu dute.

“Jaietako erritmo frenetikoan gertatukoaren aurrean izandako jarreragatik”, Adurtzako Jai Batzordeak eskerrak eman dizkio Gasteizko Mugimendu Feministari. Izan ere, Mugimendu Feministak laguntza eskaintzeaz gain, Jai Batzordeko kideak gidatu zituen eta erasotzailea jai gunetik kanporatzen lagundu zuen. Gainera, jaien aurretik Batzordearekin egindako lanketa ere eskertu nahi izan dute. Auzoari eta jendarte osoari eraso matxisten aurka inplikatzeko deia egin diote ere bai.

Gazte Udaleku Feministak, irailaren 1etik 4ra “Ozaetako Sorgingunean”

Gazte Udaleku Feministak, irailaren 1etik 4ra “Ozaetako Sorgingunean”

Uztailaren 28an amaituko da izena emateko epea. Euskara hutsean izango dira Euskal Herriko neska gazteak bilduko dituzten udalekuak.

“Eraikuntza lanetan ari gara” dinamikaren baitan, neska gazte talde batek antolatzen jarraitu zuen, modu autonomoan. Irailaren 1ean hasiko diren udaleku hauek mota honetako lehenengo esperientzia izango dira eta helburuetako bat, denbora tarte batez elkarrekin espazio informal zein formalak elkarbanatzea izango da, “Ozaetako Sorgingunea” baliatuz horretarako. 100 neska gazte biltzea espero dute antolakuntzatik.

Gainera, beste helburu nagusietako bat, “aisia elkarbanatu eta modu ez formalean egoteaz gain, neska gazteon ahalduntze kolektibo zein pertsonala indartzea izango da”, adierazi dute antolakuntzako neskek. Argi utzi nahi izan dute udaleku hauek neska gazte eta feministentzako izango direla, “garrantzitsua iruditzen zaigulako bai botere helduaren eta bai botere patriarkalaren  aurrean guretzako segurua izango den espazio bat sortzea”. 

Metodologia, hizkuntza eta izen ematea

Metodologiari dagokionez, parte hartzailea, autogestionatua eta irekia izango da hau. 

Udalekuak euskara hutsean egingo dituzte, aurrelanketa egin duten eta etorkizunean lanean egingo duten moduan: “Emakumeok bezala, gutxitua da herri honetan euskara, eta guk, euskaraz izan nahi dugu feminista”.

Izena emateko epea uztailaren 28an amaituko da eta erantzuna uztailaren 31n jasoko dute izena eman dutenek. Lurraldetasuna eta beste hainbat ezaugarri hartuko dira kontutan onarpen zerrendetan eta kuota ezberdinak egongo dira langile eta langabetuentzako. Izena emateko: http://gazteudalekufeministak.eus/index.php/eman-izena/ . Edozein zalantza argitzeko ere email bat jarri dute martxan: gufkomunikazioa@gmail.com

Udalekuetako kartela

Uso de cookies

Este sitio web utiliza cookies para que usted tenga la mejor experiencia de usuario. Si continúa navegando está dando su consentimiento para la aceptación de las mencionadas cookies y la aceptación de nuestra política de cookies, pinche el enlace para mayor información.

ACEPTAR
Aviso de cookies