Preso  eta  iheslarien  etxeratzearen  aldeko  dinamikari  amaiera  emango  dio  Ireki-k  larunbatean  Gasteizen

Preso eta iheslarien etxeratzearen aldeko dinamikari amaiera emango dio Ireki-k larunbatean Gasteizen

Hilabeteetako lanaren ostean, Ireki dinamikak amaiera emango dio bere ibilbideari larunbat honetan Gasteizen antolatutako manifestazio nazional batekin. Fabrika, ikastola edo ospitaleetako lana ez da amaituko, lan eremuan ere preso eta iheslarien etxeratzea lantzen jarraituko dute, baina beste formatu eta izen batekin.

Urrian hasi zen martxan Ireki. Sindikatuen sigletatik haratago, langileen artean euskal preso eta iheslarien etxeratzea mahai gainean jartzea izan da haien helburua. Ikasturtea amaitzera doan honetan, dinamikak ere azken txanpari egingo dio aurre hurrengo egunetan: larunbatean amaituko du Irekik bere bidea, Gasteizen. Hilabete guzti hauetan zehar, elkarretaratzeak, zutabeak, ekimen ezberdinak eta lantegiz lantegiko lana egin du, sinadurak biltzeaz gain, lankide ezberdinen artean egoera azalduz.

Dinamikaren helburu nagusietako bat sinadurak biltzea izan da, langileen artean eta aurrez aurre, online sinadurak ekidituz. Horretarako, gainera, Korrika amaiera jaia, Gazte Akelarrea edo beste ekimen jendetsu batzuk baliatu dituzte lortu nahi dituzten 15.000 sinadurak eskuratzeko. Eneko Yurramendik ARABA HIZPIDEn azaldu duenez -elkarrizketa beherago entzungai-, larunbateko manifestazioaren amaieran emango dute sinaduren kopuruaren berri. Gainera, preso eta iheslariak etxeratzeko borroka lan esparru ezberdinetan mantenduko dutela baieztatu dute, baina beste ordezkari batzuek hartuko dute lekukoa: larunbatetik aurrera emango duten honen berri ere bai.

Manifestazio nagusia Gasteizko Postas kaletik 12:30etan abiatuko den arren, ez da eguneko zita bakarra izango. 11:00etan, bi zutabe abiatuko dira langileen bi eremu ezberdinetatik: Otazu eta Arangiz, azken mobilizazioarekin bat egiteko. Euskal Herriko txoko ezberdinetatik langile ugari hurbilduko dira Gasteizera; horretarako, autobusak antolatu dituzte, batez ere hiriburuetatik.

 

 

 

 

Entzun
“Low  cost  harategia”  -Koldo  Sagasti-

“Low cost harategia” -Koldo Sagasti-

Iragan maiatzaren 7an gertatu zen. Fabiana Goicoechea Caracaseko hiribide nagusian zebilen paseoan. 16 urte baino ez zituen, zertarako den bizitza jakitera iritsi gabea. Erregimeneko soldadu bati ez zitzaion; nonbait; nerabearen aurpegiera, jarrera edota begirada desafiatzailea gustatu; mehatxugarritzat hartu zuen. Ikararen ikaraz fusilaren kolpekariari eragin eta bi tiro jaurti zizkion. Adingabearen zerraldoa azken hatsetan zetzala ordu horietan hiribidea lepo betetzen zuen jendea saiatu zen zaurituari laguntzen, alferrik, soldaduek piper-gasa jaurtiz oldartu baitzizaizkion jendetzari. Eta hortxe utzi zuten botata neskatoa apurka-apurka odolustu zedin. Gerora, armadak, borreroaren erantzunkizuna zuritzearren, neskatilak labana batez hamar soldadu eraso nahi izan zituela argudiatuko zuen prentsa-ohar batean. Eta horrelaxe amaitu zen afera. Ez zen inongo ikerketarik ireki; ez inolako erantzulerik bilatu; gertaera ez zen, antza, prentsako albiste labur bat ere betetzeko adinakoa izan.

Baina zergatik egin ote zuten ezikusiarena mundu osoko prentsaren hedabideek Fabianaren erailketaren aurrean? Akaso Fabiana ez zutelako Carakaseko hiribide nagusian exekutatu, Damascus Atean baizik, Jerusalemeko alde zaharrerako sarreretako batean. Eta erregimeneko soldaduek akatu zuten, bai, baina ez bi tiro jaurtita, hogei baizik. Eta hil zorian zegoen neskatoa lagundu nahi izan zutenak piper-gasaz sakabanatu zituzten zauritua odolustu zedin. Eta gerora, soldaduak labana batez erasotu nahi izana leporatu zioten hildakoari. Eta Fabianak 16 urte zituen, bai, baina ez zen Fabiana, Fatima Hajiji baizik, eta palestinarra zen. Eta neskatila palestinar baten debaldeko erailketa ohikoegia da, egunerokoegia prentsako albiste bilakatzeko.

Zergatik ote da batzuen heriotza hizki larriz eta besteena hizki xehez idazten dela prentsa hegemonikoko komunikabideetan? Zergatik ote da gehiago hunkitzen gaituela Fabiana baten erailketa Fatima batena baino? Badira lehenengo, eta bigarren mailako hiladakoak, eta palestinarren haragia oso merke saltzen da nazioarteko merkatuetan. Low cost haragia da.

Entzun
Dani  Zuazagoitia  (Gasteiz  Zero  Zabor):  “Azken  hamar  urteetan  erreziklatze  mailak  berdin  jarraitzen  du”

Dani Zuazagoitia (Gasteiz Zero Zabor): “Azken hamar urteetan erreziklatze mailak berdin jarraitzen du”

Gasteiz Zero Zabor elkarteko Dani Zuazagoitia eta Josu Aranbarri kezkatuta daude Gasteizko erreziklatze mailekin. Beren ustez, oso datu txarrak dira:  %21 inguru erreziklatzen da, zaborraren %80-90 inguru erreziklatu daitekeenean. Zuazagoitiak horrela dio: “Gasteizen dauden azpiegitura eta bilketa sistemek ez dute uzten birziklatze plan eraginkorrik egiten.” 

 

Entzun
Armentia-2  putzua  ustiatzeko  lehiaketa  bertan  behera  utzi  dute

Armentia-2 putzua ustiatzeko lehiaketa bertan behera utzi dute

“Interes orokorreko” arrazoiak aipatu dituzte agirian.

alea.eus bidez

SHESA Euskadiko Hidrokarburoen Erakunde Publikoak bertan behera utzi du Armentia-2 putzua ustiatzeko lanen lizitazioa, Europako Batasuneko esleipenen webgunean (TED) agertutako iragarki baten arabera.

Lehiaketa iazko azaroan argitaratu zuten, eta orain bertan behera utzi behar izan dute. Agirian zehazten denez, “prozedura eten egin da”. Horren arrazoia ez dute eman, baina SHESAk “interes orokorreko arrazoiak” direla eta, kontratuaren gauzatzeari uko egiten diola zehaztu du.

Lehiaketaren helburua zen Armentia-2 putzuko zundaketa, “eta iraupen gutxiko probak egiteko beharrezkoak diren zerbitzu eta materialen horniketa ziurtatzea”.

Maiatzaren 18an jakin zen Jaurlaritzak Armentia-2 putzuaren ingurumen inpaktuko txostena egin behar zuela, Espainiako Ingurumen Ministerioak hala eskatuta. Berriztu mugimenduak orduan nabarmendu zuenez, erabaki horrek epeak luzatzea ekarriko zuen, proiektuaren inguruko kezkak azaltzeko aukera emango zuen.

“Erantzun  bati  erantzuna”  -Iban  Zaldua-

“Erantzun bati erantzuna” -Iban Zaldua-

Lehengo astean Amelia Barquínek eskutitz ireki bat idatzi zion Gorka Urtaran alkateari, Errekaleorreko suntsiketaren asmoen inguruan alegia, eta, egun batzuk geroago, erantzuna eman zion alkateak berak, adeitsu, Facebook bitartez. Poztekoa da alkateak eztabaidei itzuri ez egitea.

         Erantzunak ez nau ase, ordea, eta hori dela eta kontraerantzun bat ematen saiatuko naiz hemendik. Lehenik eta behin, noski daudela desberdintasunak, baina niri bai iruditzen zaidala zilegi Gora Gasteiz mugimenduarekiko konparaketa. Alde batetik aniztasuna sumatzen dudalako Errekaleor Bizirik-en aldeko sinpatiazko mugimenduan (okupazioaren mugimendutik edo ezker abertzalearen inguruetatik harago doala uste dut, eta EAJren boto-emaile ez gutxi hartzen dituela orobat, nik dakidala behintzat: batzuek seme-alabak edo senideak dauzkate Errekaleorren bizitzen). Eta, bestetik, estigmatizazio kanpaina bat egon delako, kasu honetan aipatu mugimendu okuparen kontra, ziurrenik alkateak berak pentsatzen duena baino anitzagoa dena: ez al da bada estigmatizazioa (nahiz eta ez arrazakeriazkoa, Marotok egin bezala) hango bizilagun guztiak zaku berean sartzea eta haiei buruz esatea direla kolektibo bat “frogatu duena jada bere ondare  demokratiko eskasa eta antzinako garaiekiko nostalgia, biolentzia helburua lortzeko bitartekoa zenean”? Zure hitzak dira.

         Bestetik, segurtasunarekiko zure ardura goraipagarria da, baina ez dakit ze puntutaraino ezkontzen den ondo errealitatearekin. Santo Domingo kaleko etxe asko (egunero pasatzen naiz bertatik) okerrago daudela ematen du Errekaleorrekoak baino, eta han ez da urgentziazko interbentziorik egiten. Ziur nago konponketa batzuk, ez dakit zein puntutaraino sakonak, egitearekin nahikoa izan daitekeela eta, edonola ere, ni beti nago gehiago birziklatzearen alde, gauzak bota eta berriak egitearen (edo erostearen) alde baino: ekologikoagoa iruditzen zait (auzora bizikletaz joatea bezainbat, edo gehiago, bide batez esanda). Eta are okerrago ezkontzen dira segurtasunarekiko ardura eta auzo oso bati argindarra, publikoa eta pribatua, kentzea. Neurri bat soilik uler daitekeena kaleratzeko presio-ahaleginen logikatik. Logika perbertso batetik, gehituko nuke nik: jendea bizi da han, familiak, umeak. Ez al zen Gasteiz babes-hiri bat?

         Jakina udalak 22 milioi gastatu zituela espropiazioak, kaleratzeak eta birkokapenak bideratzeko. Baina, oker ez banago, Errekaleorren aurrera eraman nahi zen higiezinen operazioarekin gehiago irabaztea espero zuen Udalak. Ekimen horrek berak (beste kontu batzuen artean) elikatutako burbuilak utzi zituen hutsuneak bihurtu zituen milioi horiek guztiak “galera”. Okupazioa hutsune hori betetzera baino ez da etorri. Sozialki birziklatu zuen  Merkatuak alferrik galdutzat ematen zuen espazioa, hain zuzen ere.

         Eskubideez eta betebeharrez hitz egiten duzu. Ez, guztiok ez ditugu eskubide berberak, aberastasun-desberdintasunak hazi eta etxebizitza eskuratzeko aukerak zaildu diren garai batean. Lana edukitzea eta pobre ez izatea gauza diferenteak diren aro batean. Pobrezia murrizteko tresnak, RGI delakoa bezala, gero eta gehiago mugatzen diren sasoi batean. Ez garelako hiri utopiko batean bizi, hain justu, alternatibak behar ditugu. Denok ez dugu bat egingo alternatiba horiek eraikitzeko bideekin eta moduekin, baina arnasa eman behar zaiela uste dut, are gehiago, Errekaleorrekoa bezala, jadanik lau urtez funtzionatzen ari bazen arazorik sortu gabe. Alemaniako, Danimarkako, Europa demokratikoena ordezkatzen duten eremuetan udalak akordioetara iritsi izan dira antzeko mugimenduekin, eta gaur egun auzune horiek hirien identitatearen eta aniztasunaren parte bihurtu dira. Zergatik ez hemen, Gasteizen?

         Hiri moderno bat aldarrikatzen duzu, besteak beste, zure eskutitzean. Horregatik harritu nau, ondoan, “libertad / libertinaje” kontzeptu-bikote zaharkitua topatzea, hots, gure aiton-amonek eta gurasoek frankismo garaian hainbestetan jasan behar izan zutena, eta gaur egun ironikoki baino ez dena erabiltzen. Tira, agian ironikoki erabiltzen ari zinen eta ez naiz ohartu; barkatu, hala izan bada.

         Urtaran jauna: garaiz zaude gauzak bere onera ekartzeko, eta negoziazio mahaira atzera itzultzeko. Ez dezagun zauria gehiago ireki.

Adeitasunez,

Iban Zaldua

Entzun
“Kanta  zaharrak  dioen  bezala…”  -Oier  Azkarraga-

“Kanta zaharrak dioen bezala…” -Oier Azkarraga-

Nire txikitako garaietatik zerbait ondo gogoratzen badut, hori abestiak dira. Etxe abeslari batetan sortu nintzen nik, bazkarietan abesten duen horietako batetan, kantutegiak nonhai topatu daitezkeen etxe batetan. Gurasoak erdaldunak izanik ere, memoriaz zekizkiten abesti zahar horiek, euren gazte garaikoak, eta oso ongi jakin gabe zer zioten, abesten zituzten.

Borrokarako abestiak ziren, herria goratzen zuten, baita herrikideak ere, injustizia salatzen zuten, baina bereziki herri izan nahia adierazten ziguten. Guk gurasoen antzera ez genekien zer esan nahi zuten abesti horien letrak, baina kantatzen genituen, baita haiekin hamaika sentimendu atera ere.

Ahaztuta genituen hamaika sentimendu hain zuzen, urteak pasa ahala, eta herri honen alde, baina bereziki herri langilearen alde engaiatuz joan ahala, abesti horiek ahaztu eta berri batzuei ekin genien, garaikoagoak, gai sozialak tratatzen zituztenak, sistemarekiko gure nazka adierazi eta berri baten alde borrokatzeko indarra ematen zizkigutenak. Abesti zahar horiek memoriaren kutxan sartu genituen, betiko ez ordea.

Abesti horien letrak ongi gogoratzen ditut oraindik, gehiengoarena behintzat, eta noizean behin, horietako batenbat kantatzen hasten naiz egoera batetan edo bestean. Azkenaldian ordea, guzti horiek, lehenengo planora bueltatu zaizkit, hemen nire ondoan daude, lehen azalerazten zituzten sentimendu guzti guztiak berriro ere gaurkotasuna hartzen doaz nire baitan.

“Abertzale izanez gero gaur, gauden denok anai!” Zioen horietakoren bat, ez ditut kasi plazak igaro Pantxo eta Peioren abesti horiek entzunez, apenas! Gauden denok anai, ahizpa be gehituko nioke nik orain. Baina ideia da indarra duena. Ezberdintasunak alde batera utzi, aterako ditugu eta, eta goazen batzen gaituenari begiratzera, momentu batez baino ez bada ere.

Hori da Gure Esku Dago iniziatibak eta bereziki azken hilabeteotako herri galdeketek ekarri dutena. Esan beharra dut, iniziatiba honen berri izan nuen lehenengo aldian, mesfidati hartu nuela, guk horiekin? Nora eta nola? Denboraz ordea, Gure Eskuren iniziatiba potentea iruditzen zait, herritarrok gure eskubideak eskuetan hartu eta inoren zain egon gabea urrera urratsak ematea.

Larunbatean elkartuko gara, ezberdintasunak alde batetan utzirik, penak alde batetara utzita eta oso argi edukita gure herrian gertatzen ari diren injustizia guztiei aurre egitea ere, ere gure esku dagoela, gure esku dago euskal errepublika eraikitzea, gure esku falta ditugunak etxera ekartzea, gure eskuak elkarri lotuz aurrera egiteko. Galdera ikur koloretsu, eraikitzaile, desobedientea eraikitzeko, gaur eskuak ematen ditugulako eskubideak eskuratzeko, bihar kateak askatzeko emango ditugun bezala, goazen bada, Aurrera!

Entzun
Estitxu  Villamor  (Errekaleor):  “Energia  burujabetzara  pausoa  emateko  momentu  egokiaren  zain  geunden;  orain  da”

Estitxu Villamor (Errekaleor): “Energia burujabetzara pausoa emateko momentu egokiaren zain geunden; orain da”

Energia berriztagarrietara salto egin nahi du Errekaleorrek, itxaron gabe. Horretarako, jada 22.000 € baino gehiago lortu dituen diru bilketa kanpaina jarri dute martxan, uztailaren 22ra arte luzatuko dena: ekarpen ezberdinak jaso dituzte Gasteizen, Araban, Euskal Herrian eta nazioartean. Gainera, energia berriztagarrien gaia beti izan dute buruan, eta maiatzaren 18ko argi mozketaren ostean, behin betiko pausoa emateko erabakia hartu dute.

Energia berriztagarriarekin lehenengo esperientziak izan dituzte Errekaleorren

Estitxu Villamor errekaleortarrarekin hitz egin dugu ARABA HIZPIDEn. Larunbateko manifestazioarekin oso pozik agertu dira Errekaleorren, jasotako babesak mugak gainditu zituelako. Energia berriztagarriak eta kanpaina albo batera utziz, argi dute auzoko kideek: ez dira auzotik mugituko.

 

Entzun
“Argia”  -Mikel  Ayllon-

“Argia” -Mikel Ayllon-

Mozolo aurpegia geratu zaigu hasieran, zertarako ukatu. Eta esango nuke elkarri begira egon garela, zer egin jakin ezinda, tarte luze batez. Ni, behintzat, Labrit eta Telmo pisukideak eserita zeuden sofaren aldera begira egon naiz, piperrik ere ikusten ez banuen ere. Izan ere, iluntasunak hori dauka, balio izaten duela metafora zinez argigarriak egiteko, baina ez dela ostiarik ere ikusten.

Telmo izan da ahoa irekitzen lehena:

-Nork demontre itzali du argia?

Ockhamen labanak, batzuetan, kilikiak egiteko ere ez du balio. Labritek eman du argi pixka bat:

-Ez al duzu ikusten telebista ere joan dela? Hau kontu serioa da, inondik ere.

Ez dut jakin zer zen kontu serioa: argirik gabe geratu garela etxean, horrela, bat-batean, inolako abisurik jaso gabe, ala ezin izango dugula telebista ikusten segi.

Nik ez dut ezer esan, baina sofatik altxatu egin naiz, horrela, automatikoki, zertarako altxatzen nintzen pentsatu gabe. Ez al zarete inoiz ohartu? Etxean argirik gabe geratzen garenean, altxatu egiten gara derrepentean, zergatik edo zertarako ondo jakin gabe, norbaitek heriotza aipatzen duenean, automatikoki erlojuari begiratzen diogunean bezala.

-Telmo, berriro ahaztu al zaizu argiaren faktura ordaintzea?

Gurean Telmo arduratzen da horretaz. Ilusioa egiten zion gizonari ordainketak berak egiteak. “Aurrez sekula ikusi gabekoa: artista bat fakturak ordaintzen”; izen horixe jarri zion performanceari. Edozer txikikeria performance bihurtuko dizu Telmok.

-Aizu, gu jende serioa gara!

Argi dago jende serioa izan beharra dagoela fakturak ordaintzeko, ezen jende alaia bagina, aspaldi utziko genion gure diruarekin basakeria finantzatzeari. Egon behar baitu beste moduren bat, derrigor, gure gauak argitzeko, are argi gutxiagoren beharra izateko ere bai. Eta horretaz jardun dugu hirurak gure etxeko egongelaren itzalpean, denbora luzez, argiaren beharrik batere gabe.

Ez, lasai, ez dugu mundurik aldatu ilunpetan. Nekez aldatu daiteke horrela ezer, pausu bat eman eta altzariren batekin estropezu egiten duzunean. Baina ilunak balio izan digu guk erabakitzeko zer egin, eta ez telebistak. Eta hori asko da, aulkien kontra hanketan hartu ditugun ostia guztiak gorabehera.  

Entzun
Joseba  Legarda  (Lautadako  euskara  teknikaria):  “Kirola  arlo  estrategikoa  da  euskararentzat”

Joseba Legarda (Lautadako euskara teknikaria): “Kirola arlo estrategikoa da euskararentzat”

Gazteek kirol jarduera ugari egiten dituzte, Agurainen gaur egun kirol taldeen eskaintza osoa kontutan harturik 29 talde gaztelaniaz, 18 euskaraz eta 4 elebidunez daude. Talde handi eta garrantzitsuenetan gaztelania da nagusi.

Euskararen aldeko elkarteetatik eta udaletik hausnarketa bat egin eta kirol arloan euskararen presentzia handitzeko beharra ikusi da. Joseba Legardak aipatu digu kirol elkarteetan ez dela erabaki irmorik hartu euskara sustatzeko, nahiz eta begirale gehienak euskaldunak izan. Hori dela eta, euskararen presentzia handitzeko kirol taldeekin alkarlana bultzatu nahi da aurrerapausuak emateko.

 

Entzun
53 orrietatik 2 orria12345...Azkena »

Uso de cookies

Este sitio web utiliza cookies para que usted tenga la mejor experiencia de usuario. Si continúa navegando está dando su consentimiento para la aceptación de las mencionadas cookies y la aceptación de nuestra política de cookies, pinche el enlace para mayor información.

ACEPTAR
Aviso de cookies