Zigoitiako Euskal Jaia, belaunaldiz belaunaldi euskal kultura bultzatzen
1963. urtean jaio zen Mairuelegorretako jaiaren beste edizio bat ospatuko dute igandean Gorbeia magaleko kobetan. Lantalde finko batek ardura nagusiak hartzen dituen arren, herri osoaren konpromisoa nabarmendu dute antolatzaileek.
Euskara eta euskal kultura sustatzeko helburuarekin, 1963. urtean Manuel Iradier Txangolari Elkarteak, espeleologo ugarirekin batera, lehen Euskal Jaia antolatu eta ospatu zuen Mairuelegorretako kobetan. Urtez urte, jaia indartzen joan zen baina honen fama ez da soilik antolatzaileen ardura. Hain ezaguna izatearen ardura, neurri handi batean, garai hartako errepresioak dauka. Euskal Jaiak errepresio gogorra jasan behar izan zuen Estatu Frankistaren partetik. Hala ere, urtez urte, oztopoz oztopo eta belaunaldiz belaunaldi bizirik mantentzea lortu dute.
Gaur egun, oraindik ere, bizirik dago. Oso bizirik: antolatzaileek bereak eta bi egin behar dituzte Gorbeia magalera hurbiltzen diren herritarrak kobazuloetan sartzeko. Askotan, ordea, ez dago lekurik eta hauetako asko kanpoan geratu behar dira. Hori dela eta, igandeko ediziora ere denboraz joatea komeni da.
Azken urteotan bi asteburuz luzatzen den jaia bihurtu da Zigoitia Euskaraz. Lehenengo asteburuko larunbatean tradizio bihurtu den bizikleta martxa burutzen dute eta igandean meza euskaraz egiten dute herrian. Koba baten barruan hasi zena, herrira, eskualdera eta herrialdera zabaldu da.
«Lantalde nagusiak gidaturiko zeozer da Zigoitia Euskaraz, baina herri osoak erantzuten du». Hala ere, gazteen presentzia indartzea beharrezkoa ikusten dute antolakuntzatik.
Antolakuntza bolondresa eta parte hartzailea
Antolakuntzaren lekukoa urtez urte aldatzen joan den ardura bat da. 1990. urtea izan zen mugarri nagusietako bat: Zigoitia Euskarazeko lantaldeak hartu zuen Euskal Jaia eta bestelako jarduera eta ekitaldiak kudeatzeko ardura. Lantalde horretatik Zigoitiako herritar ugari pasa dira, adin guztietakoak: belaunaldi ezberdinek mantendu dute bizirik taldea.
Urteak pasa ahala, Euskal Jaiaren inguruan bestelako jarduera batzuk agertzen joan dira: Korrika bizikletaz, meza euskaraz, dantza erakustaldiak, herri kirolak… Guztiak euskara eta euskal kulturari bultzada emateko helburuarekin.
Antolakuntza guztiz irekia, bolondresek osaturikoa. Baina lana ez da lantalde finko batera mugatzen. Izan ere, antolakuntzatik azaldu dutenez, «herriaren erantzuna nahiko potentea izaten da jarduera guztietan. Lantalde nagusiak gidaturiko zeozer da Zigoitia Euskaraz, baina herri osoak erantzuten du». Hala ere, gazteen presentzia indartzea beharrezkoa ikusten dute.
Irailaren 8ko Euskal Jaia
Igandean 11:00etan emango diote hasiera mairulegorretako egitarauari. Txalapartariekin batera Iñaki Viñaspre eta Paula Amilburu arituko dira bertsotan, ostean, Olatz Salvadorrek kontzertua eskainiko du. Oketa Alai dantza taldearen ostean, Jare Dantza taldeak ezpatadantza emanaldia eskainiko du. Kobatik jeisterakoan, Bengolarran jarraituko du festak: bazkari herrikoia, dantzaplaza eta Trikizio erromeriaren kontzertua .
Ikasturteari ongi etorria emateko plana antolatzen dute, familia giroan edo lagun giroan gozatzeko. Hori bai, ez ahaztu: koba guztietan bezala, honek ere frontalen edo linternen beharra dauka -etxetik eramatea komeni-.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!