Zezenketen aukera zabaldu du Udalak, beste urte batez
EH Bildu, Ahal Dugu eta Irabazi haserre agertu dira; “animalien aurkako tratu txarren kontrako hiria” dela gogoratu dute.
Alea.eus bidez
Zezenketen inguruko eztabaidak bere horretan jarraitzen du. Urtebetean zezen plazako jarduera bertan behera utzi eta gero, datorren urterako aukera mahai gainean jarri du, berriz ere, Gasteizko Udal gobernuak. EH Bilduk, Ahal Duguk eta Irabazik kritikatu egin dute EAJ eta PSEren erabakia.
Asteartean iragarri zuten lurraldeko aldizkari ofizialean (BOTHA) Iradier Arena kudeatu nahi dutenentzako lehiaketa, 2018ko Andre Maria Zuriaren jaietan zezenketak antolatzeko aukerarekin. Urtarrilaren 2ra arteko tartea izango dute enpresek euren eskaintza aurkezteko.
Joan den urtean ez zen eskaintzarik egin, eta zezenketarik gabe igaro ziren Gasteizko jaiak. Aurten, berriz ere, lehiaketa iazko baldintza berdinekin aurkeztea erabaki du Gasteizko udal gobernuak, eta hamabost egun izango dituzte proposamenak aurkezteko.
Interesa duen enpresak 3.000 euroko kanona ordaindu beharko du, eta harea jartzeaz arduratu behar da (30.000 euro), erizaindegia jarri eta musika banda kontratatzearekin batera. Guztira, hiru zezenketa antolatu beharko ditu.
Oposizioa, haserre
Erabakiak oposizioko hiru talderen haserrea eragin du. Iratxe Lopez de Aberasturik (EH Bildu) gobernuari gogoratu dio 2015eko irailean “Gasteiz animalien kontrako tratu txarren aurkako hiri” izendatu zuela Udalak. “Herritarrek aurrepausoak ematen dituzten bitartean, Urtaranek atzera ematen ditu”, kritikatu du zinegotziak. Hartutako erabakia bertan behera utzi eta “hausnarketa” egiteko galdegin dio alkateari, “jai eredu desberdin baten aldeko apostua eginez”.
Ildo beretik, Juan Cerezuelak (Ahal Dugu) “herritarren gehiengoaren iritziaren kontra” egin izana leporatu dio EAJri. “Azken urteetan herritarrek baztertu egin dituzte zezenketak, eta berez desagertu dira; erabaki honek ez dauka zentzurik”.
Herritarren iritziaren kontra egiteagatik, halaber, erabakia “iraingarria” dela esan du Oscar Fernandezek (Irabazi). “Urtebete egon gara zezenketarik gabe Gasteizko jaietan, eta ez da ezer gertatu; are gehiago, herritar ugari harro zegoen hirian zezenketarik egon ez delako”.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!