Zentro Sozialistaren desalojoaren aurka protestan ari diren pertsonen aurka oldartu da ertzaintza
Laboral Kutxaren aginduz desalojatuko dute gaur Gasteizko Zentro Sozialista, 13:15etan. Pertsona bat Dato Kaleko Laboral Kutxaren egoitzara lotu da goizean, protesta gisa, eta Ertzaintza babesa adieraztera gerturatu direnen aurka oldartu da.
Irudia: Gedar.eus
Gasteizko Zentro Sozialista desalojatu dute gaur, iragarrita zegoen bezala, Laboral Kutxa legezko jabearen aginduz. Protesta eta elkartasun ekintza artean igaro da goiza. Polizia oldarraldiak eta zaurituak izan dira (hiru lagun artatu behar izan dituzte ospitalean), baita identifikatuak eta atxilotu bat ere.
Goizeko 9:30ak aldera, Dato Kaleko Laboral Kutxaren egoitzara lotu da pertsona bat, desalojoaren aurka protesta egiteko, eta hamarnaka lagun gerturatu dira elkartasuna adieraztera. Ertzaintza bertaratu da berehala, polizia-lerroa osatu eta han ziren pertsonen aurka oldartu dira. Horma baten aurka bultzatu eta kolpatu egin dute jendea. Hainbat lagun atxiki dituzte eta 9 identifikatu izan dira gutxienez. Kateatutako gaztea atxilo eraman dute.
Ordu horretarako Udaltzainek eta Ertzaintzak itxita zuten jada Monseñor Estenaga kalea eta presentzia poliziala nabarmena zen inguruko kaleetan ere. Desalojoa 13:15etarako aginduta bazegoen ere, ia ordubete lehenago hasi da sarrailagilea atea irekitzen.
Dozenaka lagun ziren ordurako Monseñor Estenaga kalean, Zentro Sozialistatik gertu, espazioari babesa adierazteko protestan, “Espazioen gaineko langile kontrola” eta “Zentro Sozialistak aurrera” bezalako oihuen artean. Ertzaintza behin baino gehiagotan oldartu zaie eta karga polizialetako batean hogei bat lagun zauritu dituzte, horietako hiru ospitalean artatu dituzte.
Zentro Sozialistako kideek presentzia polizial “itogarria” arbuiatu dute eta Laboral Kutxaren hipokresia salatu, negoziaketari uko egin eta espazioa husteagatik: “proiektu sozialen eta guztion ongizatearen alde egiten duelako itxurakeriaren gainetik bere helburua zein den argi geratzen da: bere etekin ekonomikoei soilik men egitea proiektu sozialak desalojatuz”.
15:00ak aldera bukatu da protesta, Zentro Sozialista hustuta eta itxita jada. Jazotakoa salatzeko eta antolatzeko espazioen beharra aldarrikatzeko, elkarretaratzea deitu dute Gasteizko Kontseilu Sozialistak eta Errakik gaur arratsaldean, Andra Mari Zuriaren plazan, 18:30etan.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!