Zentral eolikoen kokalekuetara azken mendi martxa egingo dute larunbatean
Arabako Mendiak Askek antolatuta Urkitza eta Elgeamendira igoko dira, Capital Energy enpresak zentral eolikoa eraiki asmo duen lekura.
Arabako Mendiak Aske plataformak mendi martxak burutu ditu Araban zentral eolikoak eraikitzeko proiektuak dauden leku ezberdinetara. Larunbat honetan, uztailaren 1ean, bira honetako azken mendi martxa egingo dute, Urkitzara igoko dira, Elgeamendira bidean dagoen mendi-lepora. Bertan Capital Energy enpresak 6 aerosorgailuko zentral eoliko bat eraiki nahi du, 200 metroko errotak izango dituena.
Arabako Mendiak Asketik salatu dute enpresa hauek “Green” izena darabiltela baina soilik akziodunen etekinak bilatzen dituztela, “ez zaiela batere axola beraien zentralek eragiten duten ingurugiro kaltea”, ezta landa-eremuan sortutako ondorio larriak. Jakinarazi dute Arabako Foru Aldundiko teknikariek egindako txostenean bertan ondorioztatu dela Urkitzako zentral eolikoak “eragin handia” izango lukeela ingurumenean.
Larunbateko mendi martxa goizeko 10:00etan abiatuko da Marietatik. 6,2 kilometroko luzeera eta 380 metroko desnibela zeharkatuko dituzte.
Mendi martxa bira hau egiteaz gain, bestelako salaketa ekintzak ere egin izan dituzte Arabako Mendiak Aske plataformatik. Ekainaren 19an, adibidez, Kantoblankoko zentralaren aurkako alegazioak aurkeztu zituzten eta bizikleta martxa bat egin zuten Gasteizen proiektuaren erantzuleak salatzeko.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!