Zentral eolikoaren aurkako eguna Labrazan
Labrazako herrian aldarrikapen eguna izan zuten larunbatean, apirilak 15, herritik 1,5 km eskasera 200 metroko altuerako 8 aerosorgailu izango lituzkeen zentral eoliko proiektua salatzeko.
“Labrazako Mendiak Aske” lelopean, landa ingurunearen “proiektu suntsitzaile eta distortsionatzailearekin” bat ez zetorrela adierazten zuten elkarretaratzean bildutakoek, eta “hura sustatzen duten enpresa handiekiko erakundeen jarrera” salatu zuten.
Ondoren, aerosorgailu baten zapataren diametroa irudikatu zuten lurrean (25 metroko diametrokoa), eta jarraian giza kate batek proiektatutako erroten altuera (200m) irudikatu zuen herriaren paralelo dagoen errepidean. Erroten luzera herriak berak muturretik muturrera duen luzera baino handiagoa da.
“Antso VII.a Indartsuak XII. mendean herriari forua eman zionetik, Labrazako harresiak babesa eta defentsa eman die gure arbasoei kanpoko erasoen aurrean. Beste behin ere, hartaz baliatu eta gure herri sentimendua erabili behar dugu XXI. mendean hemen egin nahi den zentzugabekeriari aurre egiteko”, azaldu zuen antolatzaileetako gazte batek. “Hau ez da aurrerapena, eta ez du lurralde-oreka errazten” kexu zen beste gazte bat.
Ingeniaritza Termikoan doktore, UPV/EHUko energia berriztagarrien irakasle eta ikertzaile den Álvaro Camposen hitzaldia ere izan zen; Álvarok iturri berriztagarrietarako trantsizioaren baitan dauden interes, inplikazio sozioekonomiko, ingurumen eta lurralde gatazken berri eman zien bertaratutakoei.
Euria egin arren, auzolanean boluntarioek antolatutako bazkari herrikoi batek eta kontzertuek eman zioten amaiera egunari.
Ekimena herriko gazteek sustatu zuten, lurraldearen eta ingurumenaren aldeko Arabako Mendiak Aske eta Araba Bizirik elkarteen babesarekin. Herriko jendearen parte hartzeaz gain, elkartasuna adierazi nahiez Arabako, Nafarroako eta Errioxako beste hainbat lekutatik etorritako pertsonek ere parte hartu zuten.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!