Zazpi urte Ekaitz Samaniego gabe
Zazpi urte bete dira gazte gasteiztarra atxilotu zutenetik eta ordutikan dispertsatua dute; datorren urtean irtengo da espetxetik. Larunbatean Ekaitz In Da House IV. Freestyle Txapelketa ospatuko dute Gasteizko Gaztetxean haren omenez.
Urtarrilaren 14an zazpi urte bete ziren Ekaitz Samaniego gazte gasteiztarra espetxeratu zutenetik. Espainiako Auzitegi Gorenak Segiko kide izateagatik zortzi urteko espetxe zigorra ezarri zion Samaniegori eta, egoera salatzeko, espetxera ez aurkeztea erabaki zuen, Gasteizko Los Angeles elizan itxialdi bat burutuz. Orduan azaldu zuen bazekiela espetxeratuko zutela baina salaketarekin aurrera jarraituko zuela.
2012ko urtarrilaren 14an, larunbatean, elizatik alde egin ostean, manifestazio jendetsu bat antolatu zen Arabako hiriburuan gaztearen eta eskubide zibil eta politikoen alde. Samaniegok berak gogoratu zuen haren eta beste askoren egeora: “Tamalez, asko daude nire egoeran, eta beste ugari espero gaizto horretan”.
Azkenean, egun horretan bertan, Samaniego gaztea atxilotu zuten erdialdeko eraikin komertzial batean, aipatutako manifestazioaren amaieran. Manifestazio amaierako ekitaldia behin bukatuta, Samaniego beste lagun batzuekin batera agertu zen pankarta batekin, bildutakoen txaloak eta babesa jasoz.
Handik bost minutura agertu ziren ertzainak, zenbait furgonetatan, eta auto batean eraman zuten Samaniego. Ordutik, espetxeratuta eta dispertsatuta dago -Murtziako espetxean egun- eta datorren urtean irtengo da kartzelatik.
IV. Freestyle txapelketa
Bertso eta hip-hop munduan murgilduta zegoen Samaniego eta hori oroitu dute azken urteetan bere urtebetzearen kontestuan. Horretarako, Ekaitz In Da House Freestyle Txapelketa egiten dute urtero data hauetan, aurtengoan laugarren edizioa ospatuz. Bertan izango dira Odei Barroso, Paula Amilburu, Maddi Gallastegi, Iñaki Viñaspre, Ziakhus eta Markel Yoller. Finalaren aurretik, Ane Guriaren kontzertua egongo da muinoko etxean.
Dj Eguren, Indarrap taldeko Tito eta Rufoh-ren laguntzarekin, 19:00etan irekiko ditu ateak Gaztetxeak eta gaueko ordu txikiak arte luzatuko da jaia.
Spoiler: Samaniegok berak irabaziko du txapelketa, aurreko hiru edizioetan bezala.
Hurrengo egunean, urtarrilaren 20an, argazki masiboa aterako dute 13:30ean Gaztetxean bertan Samaniego zoriontzeko.
2012ko urtarrilaren 14a: Ekaitz Samaniegoren atxiloketa
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!