Zaballako espetxera martxa egingo dute igandean
SAREk antolatu du ekimena, euskal preso guztiak Euskal Herrira hurbiltzeko eta gradu-progresioa aplikatzeko aldarrikapena zabaltzeko. Hala Bedi Irratiak zuzenean egingo du jarraipena.
Urtero bezala, urtarrilaren 8an Bilbon egingo den mobilizazioaren bezperan eta Gabonen testuinguruan, Hego Euskal Herriko lau hirietan mobilizazioak deitu ditu SAREk. Araban, gainera, Zaballako espetxera martxa antolatu dute aurten. Gabon egunaren ondorengo igandean egingo da, abenduaren 26an.
Goizeko 10:00etan abiatuko da bizikleta martxa Andra Mari Zuriaren enparantzatik, eta 11:00etan autobusa San Anton plazatik. Ekitaldia 12:00etan egingo dute Zaballan. Hala Bedi irratiak irratsaio berezia egingo du goizean zehar eta zuzenean emitituko du ekitaldia.
Mobilizazio horiek mezu argia dutela azaldu du SAREk: euskal preso guztiak Euskal Herrira hurbiltzeko eta gradu-progresioa aplikatzeko aldarrikapena, preso oro bizitza sozialean berriro integratzeko oinarria ezartzeko.
“Nahiz eta behin eta berriz ontzat jo dugun espetxe-politikari dagokionez ematen ari den aldaketa, oraindik zutik dirau urruntze-politikak, Euskal Herrian soilik 196tik 77 preso daudelarik. Gradu-progresioari dagokionez, nahiz eta, praktikan, preso guztiak bigarren graduan egon, 9 bakarrik aurreratu dituzte hirugarren gradura”, azaldu dute.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!