Urtarrilaren 21ean jokatuko da All In Da Haus freestyle txapelketaren finala, Gasteizko gaztetxean
All In Da Haus freestyle txapelketaren zazpigarren edizioa da aurtengoa. Preso politiko gasteiztar baten askatasuna aldarrikatzeko jaio zen lehiaketa hau 2016an Ekaitz in da haus izenarekin eta preso politiko guztien askatasuna aldarrikatzeko lehiaketan bihurtu da azken edizioetan.
Aurrekoen eran, kontzertuak eta freestyle txapelketa izango ditu jaialdiak ardatz, baina aurtengoak badu berezitasunik, zabaldu egin baita denboran eta espazioan: bi kanporaketa egin ziren azaroan eta urtarrilaren 21ean finala jokatuko da Gasteizko gaztetxean.
Lehen kanporaketa Zizpa gaztetxean egin zen azaroaren 19an eta 26an bigarrena, Astran. Ariketa eta gaiak ezberdinak izan dira saio bakoitzean eta lekuan lekuko kideek prestatu dituzte.
Finala urtarrilaren 21ean
Gasteizko gaztetxean jokatuko da finala, urtero legez. Urtarrilaren 21ean, larunbata, 18:00etan irekiko dira gaztetxeko ateak eta 19:30etan hasiko dira jaialdiaren aurretik giroa berotzen Amaia aurkezlea eta Xerula eta Txori DJak.
20:00etan ekingo diote freestylerrek saioari. Odei, Paula, Yoller, Pastor, Viñaspre eta Kazz lehiatuko dira. Lehen biak ziur ziren finalean, Yoller eta Pastor Zizpako kanporaketan klasifikatu ziren, eta Viñaspre eta Kazz Astrakoan.
Epaile lanetan arituko dira Abaskal, Rock n Ruli eta Haizeatxo.
Ospakizunak aurrera egingo du lehiaketa bukatuta ere: gauerditik aurrera Triki & Traun Azken Dantzak jarriko du musika.
In da haus egitasmoaren ibilbide luzea
Duela zazpi urte hainbat lagun elkartu ziren gaztetxearen bueltan, Ekaitz Samaniego preso politikoaren urtebetetzea aitzaki hartuta, presoak etxeratzeko aldarriarekin freestyle txapelketa bat antolatzeko asmoz. «Euskal Herrian uste dut ez zela egon aurretik horrelako txapelketarik, freestylean, rapero eta bertsolariak elkartuz, euskaraz; esperimentoa izan zen pixka bat», kontatu du antolatzaileetako batek. «Ohiko batalla de gallos ez izateko gaiak multimedia erabiliz jartzen dira, adibidez, bertsolaritzan ohikoak diren ariketak ere egiten dira, kartzela bezala. Esperientzia polita izan zen, eta hurrengo urteetan egiten jarraitu zen». Presoak etxeratzeko aldarria zabaltzea da jaialdiaren helburua eta, horrekin batera, rap eta hip hop eszenan euskaraz egiteko bultzadatxoa emateko aitzakia izatea.
Urte hautan guztietan Euskal Herri osoko freestylerrek hartu dute parte, batzuk behin baino gehiagotan, beste batzuk lehen aldiz aurten. Urteekin freestyle txapelketa errotzen joan den jaialdia da Arabako panoraman, gero eta musikari gazte gehiago ere animatzen dira euskaraz inprobisatzera eta euskarazko freestyle topagune gehiago ere egin dira Euskal Herriko beste txoko batzuetan. «Interesgarria da bertsolari eta raperoak elkartzea: bakoitza badator mundu batetik, baina biak elkartzen dira inprobisazio eta euskaran», azaldu dute.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!