Urtaranen Gobernuaren zentsura saiakeren gainetik, egitarauari eutsiko dio Errekaleorrek bere 7. urteurrenean
Ostiralean jaso zuten Errekaleorreko kideek auzoko zazpigarren urteurrenaren baitan Aldabe Gizarte Etxean ospatu zituzten hitzaldiak egiteko debekua. Okupazio mugimenduaren kontrako kriminalizazio kanpainaren baitan kokatu dute Urtaranen Gobernuak jarritako azken betoa.
Zazpi urte bete ditu Errekaleor Auzo Askeak eta hori ospatzeko jarduera sorta bat antolatu dute. Jarduera horiek Errekaleorren bertan ez ezik Gasteizko beste espazio batzuetan ere burutu behar ziren, auzoko jardunaren berri ahalik eta gasteiztar gehiagorengana heltzeko helburuarekin.
Bihar, urriak 13, Aldabe Gizarte Etxean abiatu beharra zuen Errekaleorreko kideek prestatutako egitaraua. Urriaren 9an, ordea, espazio horretan egin behar ziren bi hitzaldiak egiteko debekua jakinarazi zien Urtaranen Gobernuak, bertan “ekintza deliktibo baten gorazarrea” egingo zela argudiatuta.
Errekaleorren ibilbidearen eta egungo funtzionamenduaren inguruko hitzaldia eta okupazioari buruzko ponentzia desberdinen aurkezpena ziren, hain zuzen, Aldabe Gizarte Etxean burutu beharreko ekintzak. Errekaleorreko kideek okupazio mugimenduaren aurka martxan dagoen estrategia baten baitan kokatu dute Udalaren debekua.
Estatu mailan “etengabeko bonbardaketa mediatikoa” dagoela azaldu dute auzo askeko asanbladatik, okupazio mugimendua kriminalizatzea helburu duen bonbardaketa mediatikoa. Kanpaina horrek Gasteizen ere isla garbia duela azaldu dute Errekaleorreko kideek; Gasteizko PPk abiatutako okupazioaren aurkako sinadura bilketa, TALKA espazio feministaren desalojoa edo iragan astean Gasteizko Gaztetxean polizia munizipalak egindako identifikazioak eta isun mehatxuak jarri dituzte horren adibidetzat.
Alderdi politiko desberdinek martxan jarritako lege erreformak, zigorren gogortzea eta kaleratze prozesuen bizkortzea salatu dituzte Errekaleorretik: “Etxebizitzaren eskubideari irteera ematen dioten tresnei zilegitasuna kendu nahi diete, pertsonen bizi baldintza okerrera doan honetan”. Gasteizen 10.000 etxebizitza huts daudela gogorarazi dute ere.
Egitarauak aurrera
Urtaranen zentsuraren gainetik egitaraua mantenduko dutela jakinarazi dute Errekaleorreko kideek. Asteartetik igandera arte ekintza ugari burutuko dira auzoaren zazpigarren urteurrena ospatzeko: mahai inguruak, bertso saioak, kontzertuak edota Gasteizko gune okupatuak bisitatuko dituen bizikleta martxa bat.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!