Urtaranen gobernuak tokiko merkataritzari laguntzeko funtsak eskatu ditu El Corte Inglés saltokiari obrak ordaintzeko
Tokiko merkataritzari laguntzeko dirua eskatu du udal gobernuak Europar Batasuneko berregituratze funtsetatik, hiriguneko azalera komertzial handi batentzako obrak finantzatzeko.
EAJ eta PSEk kudeatzen duten Gasteizko udal gobernuak iragarri du finantzaketa eskatu duela Europar Batasuneko berregituratze funtsetatik, merkataritza alorreko hainbat proiekturi begira. Funts horiekin ordaindu nahi den bigarren dirusail handiena El Cortes Inglés saltokiarentzako zamalanetarako nasa eraikitzea da, EH Bilduk jakinarazi duenez.
Leap (Jauzi) planaren barruan, Maider Etxebarria buru duen Sustapen Ekonomikorako sailak 1,3 milioi € eskatu nahi dizkio Europari, argudio gisa jarrita horien bidez «tokiko merkataritza berpiztuko» dela. Diru horren zatirik handiena, milioi bat eurotik gora, «salmenta puntuaren eraldaketa» deitu zaion ekintza multzo bati dagokio. Horietatik 428.000 € erabili nahi dira El Corte Inglés saltokiak lurperatutako zamalan nasa izan dezan. Gainera, Eusko Jaurlaritzak beste milioi erdi bat euro jartzea bilatzen du udal gobernuak. Orotara, 1,1 milioi euroko finantzaketa publiko zuzena eman nahi zaio merkataritza azalera handi pribatu bati.
Tokiko merkataritzari laguntzeko funtsekin El Corte Inglés finantzatzea justifikatzeko Urtaranen gobernuak eman dituen argudioen artean aipatzen da, besteak beste, ekintzak bat egiten duela Nazio Batuen erakundeak emandako ODS Garapen Jasangarritako bigarren helburuarekin: gosearekin amaitzearekin, hain zuzen.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!