Udalak Alde Zaharreko eraikin bat hustu eta kalean utziko ditu bertako bizilagunak
Auzoan Bizi Gasteizko Alde Zaharreko etxebizitza sareak salatu du kasua. "Instituzioen utzikeriaren" eta birgaitzeko politikaren porrotaren "beste adibide bat" dela azaldu du kolektiboak, eraikina erortzeko arriskuan dagoelako.
Gaur, abenduak 13, Gasteizko Udalak erortzear dagoen eraikin bat husteko agindua eman du, bertan bizi diren pertsonak etxegabetuz. Auzoan Bizi Gasteizko Alde Zaharreko etxebizitza sareak “instituzioen utzikeriaren” adibidetzat jo du kaleratzea, eta Alde Zaharrerako “ustezko birgaitze politikaren porrota” islatzen duela ere salatu dute.
Kasu hau “bereziki larria” dela deritzo Auzoan Bizi sareak. Izan ere, hustutako eraikina desjabetze-espediente batean sartu zuen udalak, eta duela urte batzuk exekuzio publikoko unitate bat programatu zen, eraikina bota eta etxebizitza berriak eraikitzeko. Udalak ez du aurreikusitako plana bete, ordea, eta eraikina “larriki hondatu da”, Auzoan Biziren arabera.
Egun, “etxebizitza-premiari erantzuteko” pisu batzuk okupatu zituzten pertsona batzuk bizi dira eraikin horretan. Etxebizitza sareak nabarmendu du pertsona horietako askok urteak daramatzatela gizarte zerbitzuen jarraipena jasotzen eta, hala ere, ez dutela inoiz etxebizitza-alternatiba duinik jaso. “Udalak primeran ezagutzen zuen egoera, eta udaltzaingoaren bidez husteko agindua helarazi besterik ez du egin”, salatu dute. Agindua 2017an sinatua da, baina aste honetan jakinarazi diete bizilagunei eta 48 ordu eman dizkiete etxea uzteko, alternatibarik eskaini gabe.
Etxegabetutako familia horiek adingabeak dituzte haien ardurapean, eta “horiek ere kale gorrian utziko dituzte abendu betean”, Auzoan Biziko kideek azpimarratu dutenez. Gasteizko Udalaren jokabidea arbuiatu dute, “Haurtzaroari eta nerabezaroari tratu ona ematearen alde” izeneko kanpaina publiko egin duen garai berean, ez dituelako errespetatu hustutako eraikinean bizi ziren adingabeen eskubideak, “egoera zaurgarrienetan dauden haurrenak, hain zuzen ere”.
Instituzioen arduragabekeria
Auzoan Bizi sareak gogor salatu du instituzioen arduragabekeria: “urte luzez abandonatu dituzten familiak dira, oso baldintza zailetan bizi behar izan dutenak. Orain etxetik bota dituzte, udalaren ardurapean dagoen eraikin bat hainbat hamarkadaz hondatzen utzi eta gero. Baina, gainera, udalaren jarrera bereziki krudela da, egoera zaurgarrian dauden familiak kalean utzi baitituzte egoera klimatologiko oso gogorretan. Edonola ere, azken hau ez da inolaz ere kasu isolatua; batzuk aipatzearren, gogoan ditugu Santo Domingo eta Kutxi kaleetako atarien hustuketak, horiek ere neguan eginak”.
Birgaitze Integraleko Plana
Salatu dute, halaber, Udalak Alde Zaharra eraberritzeko abiatutako Birgaitze Integralerako Plana “iruzurra” baino ez dela eta instituzioek “kondenatu” egin dutela auzoa. Azaldu dutenez, ehunka eraikin daude Alde Zaharrean egoera larrian eta XXI Zabalguneak kendu egin ditu eraikinak birgaitzeko laguntzak. Gainera, 1000 inguru dira Alde Zaharrean hutsik dauden etxebizitzak, horietako asko Udalarenak.
Auzoan Bizik kaltetutako auzokideak “duintasunez tratatzea” eskatu du, eta horretarako “etxebizitza alternatiba duin bat” berma diezaietela. Birgaitze plan “erreal bat” abiatu dadila ere exijitu dute, “erdigunean bizilagunak jarriko dituena, eta ez higiezinen kapitalaren eta sektore turistikoaren interesak”.
Gogorarazi dute etxebizitza, “gutxi batzuen negozio” den bitartean, ez dela bermatzen den eskubidea, eta instituzioak seinalatu dituzte “sistema kapitalista, arrazista eta heteropatriarkal honen konplize” bezala. Elkar laguntzaren eta elkartasun sareen bidez antolatzen jarraitzeko autua berretsi dute Auzoan Biziko kideek, “auzokideek osatzen duten langile klasearen defentsan”.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!