Supermerkatu handi batek urteko 365 egunetan eta 07:00etatik 01:00ak arte zabalduko ditu ateak
Enpresa komitearen eta sindikatuen ustez, kaltetuenak alboko komertzio txikiak eta langileak izango dira. Urriaren 9an asanblada bat egingo dute, ekimenak eta mobilizazioak prestatzeko.
SuperCor Express izeneko denda zabaldu zuten ekainean Zulaika kirol-denda zegoen lokalean, Gasteizen. Urteko 365 egunetan zabalik egongo da, ordutegi zabala duena: goizean goizetik gaueko ordu txikiak arte egoten da zabalik El Corte Inglés taldearen parte den denda. Orain, ikasturte berriaren hasierarekin jakin dugu Gasteizko hiribidean dagoen Simply izeneko supermerkatuak ere antzeko ordutegia izango duela.
Urriaren 18tik aurrera Simply supermerkatuak ordutegi berria izango dugu: igandetan eta jai egunetan irekiko ditu ateak. Gainera, urteko 365 egunetan egongo da zabalik, 07:00etik 01:00ak arte. Hau da, soilik sei orduz egongo da itxita.
Enpresa komitetik salatu dutenez, langileek 800 euro kobratzen dute hilabetean. “Orain, hori gutxi balitz, igandetan eta jai egunetan ere lan egingo dute, marka handiak gehiago aberasteko. Horren atzean jarzten duten aitzakia, gizarteari zerbitzu hobe bat eskaini nahi dietela da, baina bizi-kalitatearen aurkako eraso bat baino ez da hau”. Gainera, enpresa komitearen ustez, jendarteak ez du ordutegi zabal hauen beharrik: “Gasteiztarrek ez dute ordutegi zabal hau eskatu”. Datorren urriaren 9an, Gasteizko langileek asanblada bat burutuko dute, ekimen ezberdinak planteatzeko eta mobilizazioak prestatzeko.
Sindikatuen ustez, Gasteiz Hiribideko ordutegi berri hau ez da salbuespen bat izango. Hauen ustez, komertzio hauen estrategia ez da isolatua eta beste marka batzuetan hedatuko da hemendik gutxira. “Langileak izango dira kaltetuenak, beti. Langileok atsedenerako eta kontziliaziorako dugun eskubidea urratzen dute igande eta jaiegunetan irekitzen dituzten komertzioek”, salatu du LAB sindikatuak.
Denda txikiak, kaltetuenak
Baina arazo handienetako bat baliteke alboko denda eta komertzio txikietara iristea. Hala uste dute sindikatuek eta enpresa komiteak. “Ezinezkoa egingo zaie enpresa handiekin lehiatzea”. Hala ere, hau ez da nobedade bat. Ekainena jada protestak egon ziren SuperCor dendaren aurrean, eta sindikatuek gogor kritikatu zituzten ordutegi berria eta langileen lan baldintzak.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!