SUmendiko ateak berriz irekita espazioa defendatzeko babes kanpaina abiatu dute
Asteazkenean itxi zituen SUmendi espazioko ateak Ertzaintzak berriz zabaldu zituzten ostiral gauean eta egitarauari segida eman zioten asteburuan zehar. Orain babes kanpaina jarri dute martxan.
Asteazken iluntzean, borroka ekologistaren inguruko hitzaldi bat martxan zela, Ertzaintza Judimendi auzoko SUmendi espaziora gerturatu, bertan zeudenak desalojatu eta ateko zarraila aldatu zuen. Guztira bost pertsona identifikatu zituzten Ertzaintzaren operazioan.
Jasandako erasoari erantzun kolektibo bat eman eta proiektua “inoiz baino biziago” dagoela erakusteko, hilabete hasieratik martxan jarritako egitarauarekin aurrera jarraitu zuten espazio autogestionatuko kideek. Osteguneko ekintzak Auzo Elkartera leku aldatu ostean, ostiral iluntzean berriro zabaldu zituzten SUmendiko ateak eta Txiki Txan mago gazteak gidatutako “Gau Magikoaz” gozatzeko aukera izan zuten bertaratutakoek.
SUmendiko ateak berriz irekita, hau defendatzeko babes kanpaina jarri dute martxan. Hiru urte luze hauetan egindako lanari esker Judimendi auzoa SUmendi bezalako espazioak defendatzeko prestatuago dagoela ondorioztatu dute espazio autoegstionatuko kideek. “Indarrak biderkatzeko” garaia dela azpimarratu eta Judimenditik defendatzen den auzo ereduak gune autogestionatuen beharra “ezinbestekoa” duela azaldu dute. Atzo bertan, Asanblada Orokorra burutu zuten eman beharreko hurrengo pausoak zehazteko, hurrengo egunetan argibide gehiago eskainiko dituzte.
Asteburuak SUmendin utzitako irudiak argazki galeria batean bildu ditugu:
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!