‘Sugar Fest’-en lehen edizioaren bidez, Judimendik sormenerako auzo bilakatu nahi du
Apirilaren 15ean hasiko da ‘Sugar Fest’, Artearen nazioarteko egunean, eta hilaren 22an bukatu. Jaialdia herri kudeaketatik sortutako esperientzia-laborategia izango da.
Arabako hiriburuan komunitate-esperientzia berritzaile gisa jaio da ‘Sugar Kultur Fest’ egitasmoa. “Apirilaren 15ean hasiko gara, Nazioarteko Artearen Egunean, eta 22an bukatuko dugu” dio bozeramaile den Judimendiko Asier Balza grafitilariak.
Azaldu duenez, egitaraua auzoak bizi duen suspertze-unearen ondorioz osatu da: “Bultzada soziala sorkuntzara bideratu nahi dugu. Aurreko urritik garatzen goazen parte- hartze zuzenaren bidez, auzotarren berezko baliabideetan oinarritzen gara”.
Asmoa ordea beste bat da. “Judimendik behar duen errehabilitazio prozesua bururaino eramateko tresna izateko jaio gara, etorkizunean nahi dugun auzoarekin amesten dugulako, auzo bizia nahai dugulako, kultura eta sormenatik, era propositiboan sortzeko jaio gara. Eta bide honetan Sugar Lab markoa izan zen aurreneko pausua eta Sugar Kultur Fest da bigarrena, nahi dugun Judimendi auzoa ikustarazteko, auzo sortzaile izateko aurreneko pausua emateko”, adierazi dute.
Guztira 30 kolektibotik gora artiuko dira: Auzo Elkartea, Gizarte Etxea, eliza, autogestioan oinarritutako Sumendi espazioko kideak, Eoncult elkartea, AEK euskaltegia, auzoko artistak, ARTgia sorgune & aretoa…
“Auzoko sei gune zerrendatu ditugu, eta bertan eraginez dinamizatu nahi ditugu. Sorkuntza-eremu iragankorrak izateko lehen apostua egin dugu, baina jarduera ugari ezberdin garatuko ditugu. Gure egunerokoa hobetzeko, auzokideekin elkarlanean arituz, aipatu eremuetan eragin nahi dugu”. Horregatik, Judimendin eman beharreko prozesu askoz sakon eta zabalago baten lehen mugarria dela azaldu dute.
Txispa batek sortzen du sugarra
Egitasmoaren zio nagusia suarekin lotuta dago. Izan ere, suak auzoari izaera eman eta ezugarritzen du. “Sua pizten duena txinparta bat da, eta Judimendi kulturatik eta artetik piztu nahi dugu. Misio bakarra espero gabeko sinergiak sortzea da, eta horixe gauzatzea espero dugu”.
Lankidetza esparruen garapenaren aldeko apustua egiten duen egitasmo kultural berriak, sinergia sortuz, elkarri babesa emanez eta ezagutza elkartrukatuz. “Auzo sortzailea izan nahi dugu. Antzeko beste esperientziak badira, Bartzelonan, Portugalen, Madrilen edota Irunen”.
‘Sugar Kultur Fest’-en parte hartu nahi duten guztiei eurekin harremanetan jartzeko eskatu diete labo@sugarfest.eus helbidearen bitartez. “Egitaraua ez dago oraindik itxita eta badakigu sarritan oso zaila dela proiektuak ikustaraztea: horregatik parte hartu nahi dutenei gurekin harremanetan jartzera animatu nahi ditugu”, azaldu dute.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!